Gorka Azkune.
ARGI ALDIAN

Ikerlari baten maila

2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
EHUko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren saileko irakaslea

Aste gutxi dira zulo beltz baten lehen irudia ikusi genuela. Egunkari honetan bertan irakurri ahal izan zenuten sona handiko berri hura. Benetan momentu handia izan zen gizateriarentzat, irudi horren atzean ikaragarrizko lana baitago. Baina ez horregatik bakarrik. Milaka argi urtera dagoen planeta nano bateko tximu batzuek fenomeno kosmologiko misteriotsuenetako baten irudia hartzeko gaitasuna izan dutela pentsatzeak bakarrik niri oilo ipurdia jartzen dit. Dena dela, zulo beltzen inguruko lan honen ildotik, gaurkoan askoz hausnarketa xumeago bat partekatzearekin konformatuko naiz.

Zientzian oso garrantzitsua da norbere ikerkuntza eta lortutako emaitzak argitaratzea. Modu horretara sortzen dugun ezagutza berria beste ikerlari guztiekin banatzen dugu. Ikerkuntza zentroak, unibertsitateak zein ikerkuntza agentziek gure argitalpenen arabera neurtzen gaituzte. Xehetasunak alde batera utzita, ikerlari baten maila haren argitalpenen kopuruaren eta kalitatearen araberakoa izaten da. Kopurua neurtzea ez da batere zaila. Kalitatea neurtzea, ordea, beste kontu bat da. Horretarako, hainbat neurri konbinatzen dira normalean: argitalpena egin den aldizkariaren edo konferentziaren kalitatea (hor berriro ere arazoak sortzen dira) eta argitalpenak jaso dituen aipamen kopurua. Bigarren horri buruz hitz egin nahi dizuet.

Argitalpen berri bat idazten dugun bakoitzean, aurretik egindako lanei buruz hitz egiten dugu. Askotan gure lanarekin konparatzeko, besteetan gure lanaren zati batzuk azaltzeko eta beste askotan jada ezagunak diren kontzeptuak berriro ere ez errepikatzeko. Beste lanen bat aipatzen dugun bakoitzean, lan hori idatzi dutenen aipamen kopurua igotzen dugu. Google Scholar moduko plataformek automatikoki harrapatzen dituzte argitaratzen diren aipamen guztiak, adibidez. Beraz, interpretatzen da, lan batek aipamen asko dituenean eragin handia izan duela bere ikerkuntza arloan. Ondorioz, ikerlari bakoitzak indize bat izaten du definituta, zeinak bere lan guztien arteko aipamenak kontuan hartzen dituen ikerlari horren maila kalkulatzeko zenbaki baten bidez. Laburbilduz, ikerlarioi oso ongi etortzen zaigu beste ikerlariek gure lanak aipatzea beraien lanetan.

Zertarako balio du maila horrek? Gauza askotarako: unibertsitatean plaza bat lortu nahi baduzu, proiektu baterako dirua eskatzen baduzu, bekak eskatzeko... ikerlarion ibilbide profesionalean eragina du.

Ados, baina zer lotura du horrek guztiak zulo beltzen albistearekin? Irakurriko zenuten zulo beltzaren irudi hura ez zela benetan argazki bat. Azken batean, hainbat seinale elkartuz egiten den berreraikitze bat da. Horretarako, ikusmen artifizialeko algoritmoak erabiltzen dira. Hain zuzen ere, zulo beltz horren kasuan erabili den algoritmoaren egile nagusia oso ospetsu bilakatu da: Katie Bouman. Algoritmo hori lortzeko lanak Massachussets-eko Teknologia Institutuan egin zituen. Orain, ordea, Caltech unibertsitatera joatekoa da. Egia esan, edozein unibertsitatek hartuko luke besoak irekita.

Katie Boumanek bere lana 2016an argitaratu zuen, ikusmen artifizialaren munduan garrantzitsuenetakoa den konferentzia batean. Ikusita gaur egun lortu duen ospea eta algoritmo horrek izan duen garrantzia zulo beltzaren irudia lortzeko garaian, pentsa liteke haren argitalpena maila handikoa izan zela. Bada, gaurko egunez, hamabi aipamen besterik ez ditu. Ia hiru urtean zehar beste hamabi lanek bakarrik aipatu dute Boumanen hura. Erreferentzia gisa, pentsa ezazue gure arloan badirela 15-20 mila aipamen jasotzen dituzten lanak. Beraz, ikerkuntzaren kalitatea neurtzeko erabiltzen ditugun sistema horien arabera, Boumanen lana ez zen beste munduko ezer izango. Horren antzeko kasuak direla eta, zientziaren munduan eztabaida handia dago. Alde batetik, oso erosoa da ikerlari baten maila zenbaki batekin ebaluatzea. Baina ikus daitekeen moduan, askotan zenbaki horiek ez dute behar bezala harrapatzen maila hori.

Konponbidea ez da erraza, ordea. Ziurrenik, zenbakiak erreferentzia gisa erabili beharko genituzke, baina egindako lana beste era batzuetara ere ebaluatu beharko genuke. Zaila da askotan, kalitatea zenbaki bakar batez adieraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.