Azpikontratazioaren negozioa

LANGILE MERKEAK, ZU ZERBITZATZEKO

Enpresa batek hainbat arrazoi izan ditzake bere jardueraren zati bat beste enpresa baten esku uzteko. Baina, gero eta gehiago, langile merkeagoetan oinarritzen diren kostu txikiagoen bila jotzen dute kanpora. Lan erreformek, gainera, erraztu egin dute prekarizazio horretarako bidea.

Irune Lasa.
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Adibidea.Euskal hiriburu bateko bi hotelen artean kilometro bat egongo da. Batean, langile guztiak dira hotelarenak; bestean, harrerako langileak kenduta, hotelean beharrean aritzen diren beste langile guztiak ez dira hoteleko zuzeneko langileak, ez gela garbitzaileak, ez mantentze lanak egiten dituztenak, ezta kafetegiko zerbitzariak ere. Ez al da arraroa?

Baietz uste du Tomas Arrieta EAEko Lan Harremanen Kontseiluko presidenteak. «Arraroa dela uste dut, bai. Eta horren emaitza bada hotelaren zuzeneko langileak ez diren langile horien guztienbaldintzak murriztuta gelditzea; hori txarra da, txarra da guztientzat, lanaren antolakuntzarako eta lan baldintzentzako eskema arbuiagarria delako».

Baina lan baldintzekin behetik jokatzera bultzatzen duen gurpil zoroa martxan dago. Langile guztiak zuzenekoak dituen hotelean zuzendaritzak ez du baztertzen zerbitzu zenbait kanpora ateratzea, azpikontratatzen hastea. Besteak beste, ez delako erraza izar berak prezio merkeagoetan eskaintzen dituen konpetentziarekin lehiatzea.

Arrazoi ugari izan ditzake enpresa batek bere jardueraren zatiren bat kanpora ateratzeko. Arduradunen eta langileen arreta berezko negozioan, core business delakoan, jarri ahal izatea da gehien aipatzen den argudietako bat. Espezializazio handiko zerbitzuen hornidura lortzea izan daiteke beste arrazoi bat. Adibidez, arlo jakin batean langile oso trebatuak edota baliabide material egokiak —makineria berezia— dituen enpresak azpikontratatuz.

Baina kostu murrizketa izan ohi da enpresek euren jardueraren zati bat kanpora ateratzeko arrazoi nagusia. Hori azaldu zuten, adibidez, 300 bat enpresa zuzendarik GrupounoCTC zerbitzu anitzeko enpresak outsourcing-az 2016. urtean aurkeztutako txosten batean —2015eko Espainiako datuekin—. Kostuak murriztea zen zuzendarien %30ek jardueraren bat kanpora ateratzetik espero zuten abantaila nagusia. Eta %28rentzat, arrazoi nagusia eskariari aurre egiteko malgutasuna izatea zen.

Soldata ahalik eta txikienak

Kostu txikiagoak eta malgutasun handiagoa eskaintzea. Eta, gainera, eurek ere dirua irabaztea. Nola lortzen dute hori outsourcing enpresek? Kudeaketan onenak izango dira agian, baina enpresa horientzat ari diren langileen baldintzetan ere eragin handia dute. Soldata txikiagoak, lanaldi luzeago eta malguagoak... Lan itun propioa duen zerbitzu anitzeko enpresa batentzat lan egin edo enpresa nagusiko sektoreko ituneko baldintzen pean aritu, aldea handia izan daiteke.

Grupo Uno CTC zerbitzu anitzeko enpresa gaur egun inbertsio funts batena da, baina Jose Martinez enpresaburu katalanak sortu zuen, ABLE batetik, duela ia 20 urte. 2016an El Confidencial egunkariarentzat egindako adierazpen batzuetan, Martinezek oso ondo esplikatu zuen zerbitzu anitzeko enpresen arrakasta. «Enpresa batek goxokiak egin ditzake, hori izango du jardun nagusia, baina ez ditu zertan berak bildu, biltegiratu eta banatu. Bigarren mailako prozesu horiek kanpora atera daitezke, eta kostu finkoak aldagarri bihurtu. Unitateko fakturatu eta kostuak enpresaren errealitatera egokitu». Langileen errealitatea ere egokitu zen Martinezen enpresan. «Biltegiko peoi batek urtean 8.000 eta 20.000 euro artean irabazten baditu, gureek 3.000 euro gutxiago».

Beste adibide bat. Nafarroako UGTk zerbitzu anitzeko enpresetako beharginen lan baldintzei buruz 2016an egindako txostenaren arabera, Denbolan outsourcing konpainiarentzat lan egiten zuen hoteletako gela zerbitzariak %6 ordu gehiago egin behar zituen lan urtean Nafarroako ostalaritza hitzarmenarekin zebilen beste batek baino. Ez hori bakarrik, soldata %41 txikiagoa zuen—677 euro, lanbide arteko gutxieneko soldata 650 euro zenean—.

Ez da hoteletako zerbitzarien kontua bakarrik, konpainia berarentzat lanean ari zen garbitzaile batek Nafarroako garbiketa sektoreko itunpeko garbitzaile batek baino %43 gutxiago irabazten zuen; hark ere 677 euroko soldata zuen, 1.142 euro kobratu beharrean. Eta soldata berbera kobratzen zuen Denbolan-ekin beste enpresaren batentzat aritzen zen biltegi langile batek, hots, foru erkidegoko garraio sektoreko ituneko 1.339 euroko soldata baino %49 gutxiago.

Lan erreforma

2012. urteko lan erreformak esplikatzen du lan baldintzen arteko alde hori, orduan enpresa itunak nagusitasuna hartu zuelako sektoreko itunaren aldean; atea zabaldu zien lan baldintza okerragoei.

Lan Harremanen Kontseiluko presidentearen ustez, lan erreforma ez da izan outsourcing-aren fenomenoaren hazkundearen eragilea, baina lege aldaketak izan du zeharkako ondorio argi bat: «Enpresa batek bere jardueraren parte bat kanporatzen duenean beste enpresa bat kontratatuz, beharginen lan baldintzak desberdindu egiten dira. Itun desberdinak aplikatzen dira, enpresa nagusiarena bata eta azpikontratatutakoenak besteak. Erreformak enpresa itunari nagusitasuna ematen dio sektoreko itunaren aldean, eta, azkenean, outsourcing erregimenean zerbitzuak ematen dituzten enpresak hitzarmen propioak ari dira ituntzen. Horietako batzuetan, langileentzako baldintzak txikiagoak dira sektorekoak edota enpresa kontratatzailekoak baino».

Hain zuzen, lan hitzarmen propioa izatea da, esaterako, zerbitzu anitzeko enpresek euren bezeroei ematen dieten abantailetako bat. Eta enpresak azken urteetan perretxikoak bezala ugaritu dira. Adibidez, Grupouno CTCk bere webgunean hotelentzako eskaintzan aipatzen dituen «elementu bereizgarrien» artean dago lan hitzarmen propioa izatea. Horrekin lotuta datoz «puntako orduetarako edota ekoizpen beheraldietarako ordu poltsa», eta «kalitate eta produktibitate irizpideen araberako soldata eskala». Berdin egiten du beste hainbat zerbitzuetan. Adibidez, lantegietarako ekoizpeneko zerbitzu osagarriak eskaintzen ditu, «produktibitate eta malgutasun handiagoa» dakarren «lan itun propioaren ezarpenarekin».

Tomas Arrietak badaki hori gertatu gertatzen dela. «Berez, jardunaren zati bat kanpora ateratzeak bere horretan ez du zertan ona edo txarra izan. Neutroa da. Adibidez, zerbitzuen espezializazio bat ere erraztu dezake. Baina outsourcing-a prezio txikiko zerbitzuak lortzeko kontratatzen bada eta prezio hori zerbitzu enpresak langileei ezarritako baldintza kaskarragoei esker bada, horren emaitza enpleguaren baldintzen prekarizazio bat izan daiteke, eta hala gertatzen ari da kasu batzuetan».

Lan bera baldintza askoz kaskarragoetan egiteko bidea Aldi Baterako Lan Enpresek zabaldu zuten 90eko urteetan. Elkarren ondoan zebiltzan langileek lan bera egiteagatik desberdin kobratzen zuten,eta baldintza oso desberdinetan aritu zitezkeen. Baina, gaur egun ez da horrelakorik gertatzen ABLEetako langileekin, Arrietak azaldu duen moduan. «ABLEetako langilearen eta zuzeneko langilearen baldintzen parekotasunaren printzipioa dago. Legeak hori dio. ABLEetako lagatako langilea enpresa erabiltzailean aritzen denean, behargin horren lan baldintzek enpresako langileen berberak izan behar dute. ABLEekinhori gertatzen da, baina ez dago halako neurririk azpikontratetako langileentzat, outsourcing konpainientzat ari direnentzat.

Horrek harridura eragin dezakeela aitortu du Arrietak. «Lagatako langileak eta zuzeneko langileak pareko baldintzak izatea,eta, aldiz, azpikontrata bateko beharginaren baldintzak zuzeneko langilearenak baino okerragoak edo askoz okerragoak izatea, zergatik eta langile horri azpikontratako ituna aplikatzen zaiolako. Itun hori okerragoa bada, bere baldintzak okerragoak izango dira, eta hori askotan gerta daiteke lan erreformaren ondorioz».

Lan merkatuan eta, ondorioz, lan harremanetan aldaketa handiak gertatzen ari dira, ez dago zalantzarik. Eta legea ez doa abiada berean. «Gizarte errealitatea beti doa legearen aurretik, bai gai honetan, bai besteetan», dio Lan Harremanen Kontseiluko presidenteak. «Baina, adibidez, ABLEen lehen legean ez zegoen parekotasun printzipiorik. ABLEek nahi zutena pagatu zezaketen, eta soldata txikiagoa ordaindu lagatako langileei. Legea egokitu egin zen, ordea, bidegabetzat jotzen zen egoerari aurre egiteko. Europan ere parekotasun hori ezarri zen, eta zuzentarau batera eraman, baldintzen parekotasun printzipioa eta, batez ere, soldaten parekotasuna ezartzeko. Legeak ere eboluzionatu egiten duela erakusten duen adibide bat da hori».

Arrietaren aburuz, «arazoak detektatzen diren neurrian, egoera bidegabeei konponbidea ematen zaie. Izan ere, lana bera denean eta balio bera duenean, ez dago arrazoi justifikaturik soldata desberdinak izateko. Egia da outsourcing-arekin hori atzematea zailagoa dela, hor azpikontratatutako enpresako langilearen funtzioak ez dira enpresaren zuzeneko langilearen berberak».

Autonomo faltsuak lirateke outsourcing-aren muturreko kasua, baina hori ez da legezkoa, ez lehen eta ez orain. Ezta langileen lagapen hutsa ere. Legez kanpoko lagapenaren eta outsourcing-aren arteko lerroa oso lausoa izan daiteke, adibidez, ez delako legezkoa funtzio berak egiten edukitzea zuzeneko langile bat eta zeharkako (beste enpresa bateko) langile merkeago bat. Enpresa nagusia bada ezartzen dituena langilearen orduak, lanaldiak, oporrak, soldatak, zigorrak—eta ez enpresa azpikontratatua— legez kanpoko langile lagapen kasu bat da.

Langileei buruz, eta berriz ere Grupouno CTCren txostenera itzulita, bada zerbitzu anitzeko enpresak azpikontratatu ostean espero gabeko abantaila antzeman duen enpresa nagusietako enpresabururik. Galdetutako 300 zuzendaritza kideen %18k «langileekin arazoak murriztu» zaizkiela azpimarratu zuten txosten horretan.

«Arazo edo arrisku» hori ere kanporatu egiten duelako enpresak jardueraren zatia kanporatzean. Erantzukizun batzuk behintzat kentzen ditu gainetik. «Legearen arabera, jarduera kanpora atera duen enpresariak baditu erantzukizunak kontratako langileekin. Legearen arabera, kontratatutako zerbitzua enpresa nagusiaren jardueraren baitakoa bada, azken horrek betebehar solidario batzuk ditu. Baina egia da, adibidez, hor ez litzatekeela kaleratzeen inguruko erantzukizunik izango. Horregatik, jardueraren zati hori kanpoan izatean, arrisku bat gutxitzen du».

Agerikoa da, halaber, beharginen baldintzak hobetzeko bide tradizionalak—negoziazio kolektiboa eta sindikatuekin egindako negoziazioak— ez direla oraindik behar bezala egokitu enpresa berri hauen errealitatera. Sindikatuek eurek erronka berezia dute zerbitzu anitzeko enpresetan, haien presentzia beste konpainia mota batzuetan baino dezente eskasagoa izan ohi delako. Raquel Diaz Euskadiko CCOOko zerbitzuen federazioko idazkari nagusiaren ustez, enpresa horien ezaugarriak —lantokien eta lan taldeen sakabanaketak— zaildu egiten du sindikatuen presentzia eta lana bera ere.

Negoziazio kolektiboa

Zerbitzu anitzeko konpainietan enpresako itunen bidea ere gatazkatsua izaten ari da Espainian. CCOOk eta UGTk auzitara eraman eta Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zituen zerbitzu anitzeko 46 enpresaren itunak. 11 enpresak helegitea jarri zuten orduan, eta Espainiako Auzitegi Gorenak epaia berretsi du gutxienez lau kasutan. Enpresa hitzarmen horietan elkarrekikotasun printzipioa hautsi zela salatzen zuten sindikatuek, langileen ordezkaritzaren legitimotasun falta zegoela, hots, hitzarmena negoziatzen zuten langileek enpresa osoko langileak ordezkatu behar zituztela, ez soilik lantoki batekoakedo batzuetakoak.

Bertan behera utzitako itun horietako askotan, adibidez, Madrilgo lantokietako langileen ordezkariek soilik negoziatzen zuten hitzarmena, ituna beste erkidegoetan ere aplikatu behar zenean. Gaizki pentsatzen jarrita, etorkizunean Nafarroan edo Araban ezarri nahi zuen enpresak Murtziako langileekin hitzartutako baldintzak nahi zituela guztientzat, besteak beste, zerbitzuak askoz ere merkeago eskaini ahal izateko. Okerragoak ere izan dira: 2012. eta 2015. urteetako Adecco Outsourcingen lan itunen sinatzaileak zuzendari komertziala—enpresaren izenean— eta finantza zuzendaria— langileen izenean — izan ziren.

Hainbestekoa izan daiteke zerbitzu anitzeko enpresen itunak sektorekoei gailentzeak eragindako dumping-a, zerbitzuetako ohiko enpresetan soilik ez, zerbitzu anitzeko enpresa horien artean ere mugaren bat jartzearen aldeko ahotsak agertu baitira.

Hain zuzen, Addeco Outsourcingek berak ere eskatu du sektorekoen aldean enpresako itunei lehentasuna ematen dien araua moldatzea, «joko arauak guztientzat berdintzeko modu bakarra delako». Adecco Outsourcingek Efe agentziari azaldutakoaren arabera, nahiz eta lan itun propioa izan, sektorekoaren lehentasuna ezartzen du bere jarduera bakoitzean. Konpromiso hori 2017ko apirilean hartu zuen.

CCOOko Raquel Diazek halakoak bide bat izan daitezkeela uste du, baina Euskal Herrian indarra batez ere sektoreko itunetan egin behar dela dio. «Lehendabizi, jarduerak kanporatzeak eragoztea da, baina, gero, helburuak izan beharko luke sektoreko hitzarmenek outsourcing-a ere arautzea, zer jarduera kanporatudaitekeen, eta zer ez. Eta, jakina, hor ere langileen subrogazioa bermatzea».

Zerbitzu anitzeko enpresen «irudi txarraz» kexu azaldu da Adecco, eta, dirudienez, horrekin kezkatuta daude beste hainbat ere. Ikusi besterik ez dago beren webguneetan agerrarazi nahi duten izaera gizakoi, adeitsu eta arduratsua.

Enpresa horien fama txarra sindikatuei egotzi zien, bere garaian, Grupo Uno CTCren sortzaileak, eta zerbitzu anitzeko enpresek enpleguaren alde egiten duten lana goraipatu zuen. Martinezek prekaritateaz ere hitz egin zuen: «Prekarioagoa da langabezian egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.