Nazioarteko merkataritza. Esportazioen datuak

Esportazioen makinak ziztu bizian jarraitzen du

Atzerrian inoiz baino gehiago saldu dute Hego Euskal Herriko enpresek urtarriletik ekainera. Gerra komertzial baten arriskuak nazioartean sortu duen ezinegonaren arrastorik ez da agertu

Ivan Santamaria -

2018ko abuztuak 24
Esportazioen makinak abiadura bizian segitzen du, eta ez du, oraingoz, moteltzen hasi den seinalerik ematen. Urtarriletik ekainera Hego Euskal Herriko konpainiek 17.720 milioi euro saldu dituzte atzerrian. Urteko lehen erdirako inoiz izan den emaitzarik onena, eta nazioarteko merkataritzaren giroa bereziki ozpinduta dagoen sasoi batean iritsi da, Donald Trumpen erabakiek gerra komertzial global bat sortzeko arriskua piztu dutenean.

Bultzadari eutsi, eta indar handiagoa izan dute esportazioek urtearen joanean. Aurreko urtearekin alderatuz, %9,1 igo dira kanpora egindako salmentak. 2011. urtetik ez zegoen horrelako hazkunde handirik. Urte horretan, %22 handitu ziren esportazioak, baina kontuan hartu behar da atzeraldi handiarekin nazioarteko komertzioa bat-batean hondoratu zela, eta errebote efektu batek halako gorakada ikusgarria ahalbidetu zuela.

Maiatzetik ekainera %8 handitu zen enpresek atzerrian egindako fakturazioa. Datu esanguratsua da, ordurako indarrean jarrita zeudelako AEBek kanpotik bidalitako altzairuari eta aluminioari ezarritako muga zerga berriak.

Nafarroan eta Bizkaian bereziki indartsua izan da 2018. urteko lehen erdia. Bi herrialde horietan, %11 baino gehiago handitu dira esportazioak aurreko urtetik hona. Araban, %9,5 ,eta Gipuzkoan, berriz, %3,5 hazi dira. Gipuzkoaren emaitzan eragina izan du ekipamendu-ondasunen esportazioa %6 jaitsi izanak. Araban, aldiz, sektore horren ekarpena %29 igo da; Nafarroan, %21 eta, Bizkaian, %18. Lehen edo bigarren esportazio nagusia da guztietan.

Euskal enpresek merkatu berrien bila nazioartera ateratzeko egin duten ahaleginaren neurria ere eman dezakete datuek. Orain dela hamabost urte, salmentak egungoen erdiak ziren. Gainera, balantza komertzial oso indartsua du Hego Euskal Herriak. Lehen seihilekoan inportazioak 12.523 milioi eurorenak izan dira. 5.000 milioitik gorako saldo positiboa du ekonomiak. Esportazioen eta inportazioen arteko tartea inoiz baino handiagoa da, gainera, lehenbizikoen alde.

Indarguneak, ahuldade

Kanpo sektoreko argazkia distiratsua da, eta oso iluntasun gutxi du. Haatik, datuetan azterketa sakonago batek tentuz jarraitu beharreko ildo batzuk azaleratzen ditu, nazioarteko giroak okerra eginez gero itxurazko indargune batzuk ahuldade bihurtzeko arriskua badagoelako.

Hasteko, kontuan hartu behar da euskal enpresak kanpoan zer saltzen ari diren. Salmenten heren bat ibilgailuak dira. Ez da harritzekoa, Volkswagen eta Mercedes autogileek bertan lantegiak izanik, eta autogintza sektoreko hornitzaile ugari ere badaudelako. Trumpek behin baino gehiagotan mehatxatu du sektorea muga zergekin. Oraingoz, menia bat hitzartu dute Europak eta AEBek, baina autogintza gerra komertzialaren protagonista nagusia bihurtzeko arriskua ez da oraindik desagertu.

Gertutik erreparatu beharreko beste elementu bat dira bazkide komertzialak. Egia da oraindik ere Frantzia eta Alemania direla esportazioen bi merkatu handienak. Atzerrian saldutako hamar eurotik hiru bietako batetik dator. Bietan egin dute gora salmentek, halaber. Aurrera begirako arriskua, egotekotan, hamar bazkide nagusietako beste herrialde batzuetan legoke.

AEBak, esaterako, euskal enpresen hirugarren merkatu bihurtu dira. Ekainera arte, 1.275 milioi euroren salmentak egin dituzte konpainiek Atlantikoaren beste aldean. Balantza komertziala erabat aldekoa da, halaber, inportazioak kopuru askoz txikiago bat dutelako. Etxe Zuriak merkataritzari begira har ditzakeen hurrengo erabakien menpe dago lotura hori.

Merkatu nagusien zerrenda horretan AEBek aurrea hartu diote Erresuma Batuari. Joan den urteko datuekin alderatuta, hala esportazioek nola inportazioek egin dute behera. Hegoaldeko hirugarren bazkide komertzial zen lehen Erresuma Batua eta bosgarrena da orain. Brexit-a gauzatu ondoren egongo den harremanaren esperoan, oraingoz, indarra galdu du enpresentzako merkatu gisa.

Hamar lehenen zerrenda horretan sartu da Turkia. Negozioetarako gune interesgarria bihurtu izan da, eta nagusiki autogintza sektoreak baliatu izan du. Urteko lehen erdian, 421 milioi euro saldu zaizkio Turkiari. Haatik, azken asteotan Ankararen jasangarritasun ekonomikoari buruzko zalantzak ugaritu dira, liraren erorketa ikusita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna