Langabeziaren bilakaera. Abuztuko emaitzak

Abuztu txarra izan da berriz langabeziari eta afiliazioari dagokionez

2.664 langabe gehiago daude enplegu zerbitzu publikoetan erroldatuta. Gizarte Segurantzak 13.600 kotizatzaile galdu ditu; 2008tik ez da hainbesteko jaitsierarik izan abuztuan

Ivan Santamaria -

2018ko irailak 5
Abuztua hilabete txarra izan da enpleguarentzat. Estatistikak ikusita, hori gertatuko zela aurretik iragartzeak ez du meritu handirik. Joan den hilabetean, langabeziak gorakada izan zuen, eta afiliazioak, jaitsiera. Abuztuaren amaieran, orotara 156.270 langabe erroldatuta zeuden Hego Euskal Herrian, uztailean baino 2.644 gehiago.

Sasoiarekin lotura oso estua duen hilabete horietako bat da abuztua; 1998. urtetik aurrera, behin ere ez da langabe kopurua murriztu urteko zortzigarren hilabetean. Tamainak eman diezaioke ñabarduraren bat hazkundeari, edonola ere; hain zuzen ere, langabeen zenbatekoak azken zortzi urteetako hazkunderik handiena izan du aurten.

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Confebask patronalak nahiago izan dute igoerari garrantzia kendu, argudiatuta luzera begirako joerak axola duela benetan. Horretarako, urteen arteko emaitza azpimarratu dute; urtebetean 12.891 pertsona gutxiago daude izena emanda enplegu zerbitzu publikoetan. Joan den urteko abuztuan zegoen jaitsiera ia berdina da aurreko urtearekin alderatuta. Are gehiago: abendutik abuztura, 7.000 langabe gutxiago zeuden, bai aurten, bai iaz. Alegia, langabeziaren jaitsiera, zenbateko orokorretan, ez da bizkortu, baina ezta moteldu ere, eta kontuan hartu behar da gero eta langabe gutxiago daudela.

Abuztua, gainera, bi aurpegi dituen hilabetea da. Langabeziak gora egiten du, eta, aldi berean, Gizarte Segurantzaren batez besteko afiliazioak kontrako norabidea hartzen du. Egia da sektore jakin batzuetan —irakaskuntzan bereziki— lana antolatzeko moduak eragin handia duela abuztuko afiliazio emaitzetan, baina aurtengo murrizketa oso esanguratsua izan da. Batez beste 13.661 afiliatu gutxiago egon dira sisteman kotizatzen; jaitsierarik handiena izan da 2008. urteko udatik.

Gogoratu behar da aurreko hilabetean ere sistemak 5.000 afiliatu baino gehiago galdu zituela Hego Euskal Herrian, eta hori uztailean inoiz izandako datu txarrena izan zela. Irailean eta urrian, estatistikek errebote efektu handia islatu ohi dute, irakasleak berriro ere lanera itzultzerakoan, baina ikusi beharko da lanpostu sorrerak eusten dion aurreko urteetako irailean eta urrian izan zuen indarrari.

Kontratu asko berriro

Otsailarekin batera, abuztua da beti urtean kontratu gutxien sinatzen den hilabetea. Datu hori kontuan hartuta, hala ere, kontratazioak errekorrak gainditzen jarraitzen du. Aurten, urtarriletik abuztura, hilabete bakoitzeko, 2006. urtean hasitako segida historikoaren kopururik handienak izan dira: ia 900.000 kontratu sinatu dira dagoeneko. 2009an edo 2012an urte osoan sinatu zirenak baino gehiago dira. Abuztu baterako inoiz baino kontratu mugagabe gehiago sinatu dira, baina ez dira %7tik pasatzen.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak kontratu mugagabeen metatutako datua azpimarratu du: %21 gehiago sinatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Era berean, iraupen luzeko langabeak abuztuan jaitsi izana txalotu du. «Albiste ona da, eta adierazten du suspertze ekonomikoa aukerak ematen ari zaizkiela kronifikatutako langabeei».

Confebask patronalak, berriz, urte osoko joerari erreparatzeko eskatu du. «Ez ditugu alarma seinaleak piztu behar, euskal lan merkatuak positiboki garatzen jarraitzen duelako», Pablo Martin sail ekonomiko eta fiskaleko arduradunaren aburuz.

Sindikatuak ez dira horren baikorrak, ordea. LABek ohartarazi du langabezia sistemaren estaldura %30etik behera dagoela, eta 107.000 langabe daudela babesik gabe. CCOOk salatu du langabezia igo egin dela industrian: «Euskal industriak udan kaleratzeko dituen praktika miserableak islatzen ditu». ELAk, azkenik, salatu du uztail arte sinatu diren kontratu mugagabeen %36k ez zuela lanaldi osorik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna