Energia. Argindarraren garestitzea

Argindar garestiari aurre egiteko bonu soziala zabalduko du Madrilgo gobernuak

Energiaren ekoizpenaren %7ko zerga kenduko du, eta horren ondorioz, %2-3 artean arinduko da faktura. Berogailuen atalean ere bonu sozialaren pareko deskontua sortuko du kalteberenentzat

Xabier Martin -

2018ko irailak 20

Gutxiengoan gobernatzen duenaren mugak argi azaldu dira argindarraren prezioen gorakadari aurre egiteko saioan ere. Espainiako Gobernuak adabakiak jarriko ditu kontsumitzaileak pairatzen ari diren energiaren salneurri garestiei aurre egiteko. Ekoizpenarengatik konpainia energetikoei jarritako %7ko zerga bertan behera utziko du, «kontsumitzaileek berehala ikus dezaten beherapen bat argindarraren fakturan». Behin-behinekoa da neurri hori, zerga ia %0an utziko baitu, baina hura kendu gabe. Horrez gain, bonu soziala eskatu ahal izateko baldintzak arinduko ditu, kontsumitzaile gehiago izan daitezen beherapenen onuradun. Eta neurri horiei biei beste bat gehituko zaie: berogailuen faktura apaltzeko deskontuak kalteberenentzat.

Handizkako merkatuan beste urteko maximo bat finkatu zen egunean (75,93 euro, megawatt-ordu), energiaren merkatuaren sistema «zaharkitua dagoela» onartu zuen Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Riberak, «orain hogei urteko egoerari begira» antolatua dagoela, eta kontsumitzaile txikiei kalte egiten diela. Eta diagnosia egin ondoren, hori guztia aldatzeko urratsak egin behar direla esan zuen. Handizkako merkatuaren erreforma sakona aipatu zuen, aldaketa fiskalak eta energia biltegiratzeko sistemak. Pedro Sanchezen gobernuak urrats horiek egiteko asmo argia duela erantsi zuen; baina sei hilabete barru hura kide den gobernuak gobernatzen jarraituko ote duen ez zuen argitu, jakina, ezinezkoa baita.

Izan ere, Sanchezen gobernuak pobrezia energetikoaren aurkako estrategia oso bat aurkezteko helburua dauka sei hilabeteko epean. Energia berriztagarriei ateak parez pare zabaldu nahi dizkie, eta ikatz bidezko energia desagerrarazi. Riberak ez zuen ezkutatu kontsumitzaileei kalterik handien egiten diena enegiaren erraldoiei mesede egiten dien merkatuaren sistema iluna dela.

Berriztagarrien ordua da

Eta datu argigarriak eman zituen. Kontsumitzaile txikien kasuan, %50 da fakturaren atal trinkoa (kontratatutako potentzia, zergak eta beste hainbat kontzepturen ordaina); beste %22 zergak; eta bakarrik %28 kontsumoa bera. Kontsumitzaile handien kasuan, %28 da atal trinkoa, %21 zergak, eta %51 kontsumoa. Argia da ondorioa: handizkako merkatuaren sistema osoa aldatzen ez den bitartean, adabakiak baino ez dira izango edozein gobernuk hartu ahal izango dituen neurriak garestitzeak iristen direnean.

Bonu soziala lortzeko baldintzak arintzea da adabaki horietako bat. Urriaren 8an amaitzekoa da bonu sozial berritua eskatzeko epea. Fakturan %25 eta %40 arteko beherapena dakar haren onuradun izateak. Baina PPk ezarritako baldintza berriekin milioi bat kontsumitzaile gera daitezke bonu sozialik gabe. Sanchezen gobernuak egingo dituen aldaketen ondoren, PPren erreformaren aurretik zeuden 2,5 milioi kontsumitzailek jarrai lezakete bonu sozialarekin. Zenbaki zehatzak urte amaieran jakingo dira.

Bestalde, ekoizpenaren %7ko zerga ia %0ra eramateak mila milioi euro inguru biltzea eragotziko dio Espainiako Ogasunari. Horrek ez du esan nahi kontsumitzaileen faktura %7 jaitsiko dela; jaitsiera hori %2 eta %3 artean finkatuko dela kalkulatu dute adituek. Zerga baliogabetu dela jasotzen duen hurrengo fakturan islatuko da beherapen zehatza.

Epe ertainera, ordea, Espainiako Gobernuak energiaren sistema modu sakonean aldatu nahiko luke, adabakietatik harago. Norberak energia sortzeak duen zerga —Eguzkiaren zerga esaten zaiona— kenduko duela ere iragarri zuen. Energia iturrien artean, berriztagarriak merkeagoak direla azaldu zuen, baina handizkako merkatuaren arauek ahalbidetzen dutela beti iturri garestienaren prezioa gailentzea, eta gasarena edo ikatzarena izaten dela hori. Berdin dio mix osoan ekarpen txikia egitea; iturririk garestienek finkatuko dute mixaren azken prezioa aurrerantzean ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna