AEB. Kongresurako hauteskundeak

Lasaitua hartu dute

Aurreikusi bezala, demokratek Ordezkarien Ganberaren kontrola bereganatu dute, eta Trump estuago hartu ahal izango dute. Presidentearen ustez, emaitzak «historikoak» dira, Senatuan gehiengoari eutsiko diotelako
Nancy Pelosy demokrata, herenegun, Washingtonen. Ordezkarien Ganberako presidentea izango da.
Nancy Pelosy demokrata, herenegun, Washingtonen. Ordezkarien Ganberako presidentea izango da. ERIK S. LESSER / EFE

Igor Susaeta -

2018ko azaroak 8
AEBetako Kongresurako hauteskundeetan gertatu ohi dena gertatu zen herenegungo hitzorduan: gobernatzen ari den alderdiak Ordezkarien Ganberaren kontrola galdu duela. Inkesta guztiek ere hala zioten. Horrek esan nahi du Donald Trumpen agenda sozialki kontserbadorea eta ekonomikoki neoliberala blokeatzeko aukera gehiago edukiko dituela Alderdi Demokratak aurrerantzean, kontuan hartuta azken lau urteotan bi ganberetan nagusi izan direla errepublikanoak. Behe ganberan gehiengoa ziurtatuta, gainera, batzorde guztiak kontrolpean edukiko dituzte demokratek, eta, horrenbestez, esaterako, nahi beste ikerketa abiatu ahal izango dituzte presidentearen kontra, hura higatu ahal izango dute, errepublikanoek Barack Obamaren aurka egin zuten bezala. Eta Etxe Zuriko maizterrak ematen dizkie horretarako arrazoiak.

Alde horretatik, hortaz, demokratek lasaitua hartu dute, nahiz eta Senatuan gehiengoari eutsi dioten errepublikanoek, eta demokraten proposamenak blokeatzeko aukera ematen dien horrek. Lasaitua, Midterm deitutakoak presidentearen agintaldiaren erdian egiten direlako eta nolabaiteko plebiszitutzat hartzen direlako. «AEBetako herriak lasaitasuna nahi du, emaitzak nahi ditu», nabarmendu zuen, herenegun, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentea izango denak. Eta emaitzei erreparatuz gero, bozkatzaileek Trumpen gehiegikeriak zigortu dituztela ondorioztatu daiteke. Alderdi Demokrata ez dago bere onenean, ez du ez liderrik ezta proiektu argirik ere, eta Trumpen neurriz kanpoko erretorikari kontrapisua egitera eta hark migratzaileekin zabaldutako beldurra apaltzera mugatu du ia-ia haren jarduna. Baina bi urte barru izango dira presidentetzarako hauteskundeak, eta, horiei begira jarrita, behar zuten bultzada bat demokratek. Hain zuzen, Kongresurako hauteskundeetan eman diete bultzada hori herritarrek.

Demokratek kanpainan zabaldutako mezua izan zen Trumpek hedatutako beldurrari aurre egiteko bozkatu beharra zegoela, eta bozkatzaileei adierazi zieten inoiz baino garrantzitsuagoa zela haien botoa. Eta Trumpen gehiegikeriek bultzatuta batez ere, parte hartzea ohi baino handiagoa izan da Midterm-etan. Ez dute datu ofizialik jakinarazi, baina hauteskunde egunaren aurretik 36,4 milioi herritarrek bozkatu zuten —2014an 27,5 milioi izan ziren—, eta Nevada, Texas eta Arizona estatuetan aurrez bozkatu dutenak gehiago izan dira 2014an estatu horietan orotara bozkatu zutenak baino. Tradizionalki, hautesle errepublikano adinekoa mobilizatu izan da Kongresurako bozetan.

Baina Trumpen asmoek demokratak ere mobilizatu dituzte oraingoan. Migratzaileak «pertsona gaiztoak» kontsideratzen ditu presidenteak, eta, horregatik, Mexikoko mugan harresi bat egitea du helburu aspalditik. Demokratek, berriz, beste modu batean kudeatu nahi dute migrazio politika. Bestetik, Zaintza Eskuragarriaren Legea (Obamacare), Obamaren lorpenetako bat, kendu nahi du, eta demokratentzat zeharkatu ezinezko marra gorrietako bat da hori. Inkesta batzuen arabera, osasun sisteman pentsatuz bozkatu dute demokratek, eta migrazioa gogoan zutela errepublikanoek.

Halere, aintzat hartu behar da beste aldagai bat. Bi ganberetan errepublikanoak nagusi ziren arren, Trumpek ezin izan du bere agenda politikoa ganberen jardunaren bidez ezarri, etxe barruan ere etsaiekin topo egin duelako. Beraz, 2016ko hauteskunde kanpainan agindutako promesetako batzuk dekretu bidez bete ditu.

Senatuaren kontrolari ematen dio garrantzia Etxe Zuriko maizterrak. Kanpainan eman dituen ia 40 mitinetan hori azpimarratu zuen, eta, horregatik, emaitzak «erabateko arrakasta» direla esan zuen atzo goizaldean. Ordu batzuk geroago agerraldia egin zuen Etxe Zurian, eta adjektiboa aldatu zuen: «historikoak» dira emaitzak. Hori iruditzen zaio Senatuan gehiengoari eustea. Bere agintaldi osoan egin bezala, komunikabideen kontra egin zuen, eta prentsaurrekoa baliatu zuen kazetari bati esateko «gaizki hezitako» pertsona «lazgarri bat» dela.

Hainbat arrazoirengatik jotzen du ezinbestekotzat goi ganberaren kontrola edukitzea. Senatuaren onarpena soilik edukitzea nahikoa da, adibidez, presidentearen kabineterako proposatutako kideak izendatuak izan daitezen; eta gauza bera gertatzen da judikaturan aritzeko proposatuak diren epaileekin. Orain arte argi asko geratu da kutsu ahalik eta kontserbadoreena eman nahi diola Trumpek judikaturari.

Beste profil batzuk

Prentsaurrekoan, Trumpi galdera egin zioten demokratek haren aurka abiatu asmo dituzten ikerketez. Presidenteak erasora joz erantzun zuen: «Hori gertatzen bada, gauza bera egingo dugu, eta paralizatuta geratuko da gobernua». Robert Mueller fiskal berezia ikertzen ari da ea Errusiak errepublikanoen alde esku hartu zuen 2016ko bozetan, eta Trump da ikertuetako bat. Ordezkarien Ganberan, bestalde, impeachment edo kargugabetze prozesu bat hasi dezakete haren kontra. Halere, hori gertatzeko Senatuaren bi herenaren aldeko botoak behar dira, eta errepublikanoek gehiengoa dute.

Bestalde, herenegungo hauteskundeek balio izan dute Kongresuan ohikoa denarekin alderatuta beste profil bat duten politikariei leku bat egiteko. Bi emakumezko indigena lehendabizikoz izango dira Kongresuko kide —Deborah Haaland eta Sharice Davids—, eta emakumezko musulmanekin ere gauza bera gertatzen da: Rashida Tlaib eta Ilhan Omar dira lehenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna