'Brexit'-ari buruzko akordioa. Aste erabakigarriak

Onespenerako atea itxita dago

Ituna Komunen Ganberan bozkatuko dute abenduan, baina Mayk, gaur-gaurkoz, ez du hori aurrera ateratzeko babesik. Ez dago argi horrek zer ekarriko duen. EBk ez du berriro negoziatzeko asmorik

Seinale bat, atzo, Londresen, Erresuma Batuko Komunen Ganberaren parean. Seinaleak dio «bidea itxita» dagoela. Eta Mayri ere brexit-erako akordioa onartzeko bideak itxi dizkiote etxean. ANDY RAIN / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Bruselan izan zen herenegun. Europar Kontseiluaren ezohiko goi bilera bat egin zuten han EB Europako Batasuneko estatuetako agintari gorenek, eta Bruselak eta Londresek brexit-erako adostutako akordioa eta bi aldeen arteko etorkizuneko harremanerako adierazpen politikoa onartu zituzten. Bi ordu besterik ez zuen iraun bilerak. Behin batzarra bukatuta, klubeko agintarietako batzuek zorte ona opatu zioten Mayri. Izan ere, Erresuma Batua EBtik atera eta dibortzioa gauzatu ahal izateko, Erresuma Batuko Komunen Ganberak akordioa onartu beharra dauka. Eta brexit-a dela eta, Alderdi Kontserbadorea, Mayren alderdia, banatuta dago aspalditik, prozesuaren hasieratik. Horregatik, gaur-gaurkoz, ezinezkoa dirudi Parlamentuak ituna ontzat ematea.

Lortutakoa akordioa «onena» da, «posible den bakarra». Mayk pare bat aste daramatza hori errepikatzen. Tory asko eta oposizioa, ordea, ez daude ados, inondik ere. Lehen ministroak ez du argitu zer gertatuko den espero bezala Legebiltzarrak EBtik ateratzeko ituna onartzen ez baldin badu. Hori gertatuz gero, britainiarrentzako «ziurtasunik eza» iragarri zuen atzo Mayk, Komunen Ganberan egindako saioan.

Espekulazioen arabera, balizko jokalekuak izan daitezke akordioa bigarrenez bozkatzea, akordiorik gabe ateratzea, gobernua desegitea, hauteskundeetara deitzea, Mayk dimititzea, brexit-aren bigarren erreferenduma egitea, Bruselarekin berriro negoziatzea... Ezer ez dago argi, baina Bruselak ohartarazi du, Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen presidentearen ahotik, ezin dela bestelako akordiorik negoziatu.

Ez dute data zehaztu, baina laster dira Westminsterren bozkatzekoak. May jada hasi da ezezkoan dauden tory-en iritzia aldatzeko kanpaina egiten. Egutegiak dio 2019ko martxoaren 30ean ateratzekoa dela Erresuma Batua EBtik. Datorren asteak erabakigarriak izango dira.

BOZKETAN BAIEZKOA GAILENDU AL DAITEKE?

Gabonak baino lehen bozkatuko dute. Erresuma Batuko komunikabide batek Westminsterreko dokumentu ofizial bat argitaratu du, eta, horren arabera, abenduaren 11n dira akordioa bozkatzekoak. Eztabaida astebete lehenago hastekoa da.

Bozketaren aritmetika erraza da. Komunen Ganberak 650 diputatu ditu, eta Mayk nahikoa luke horien erdien babesarekin; hau da, gehiengo sinplearekin. Zenbakiak, ordea, ez datoz bat, tory-ek 316 diputatu baitituzte eta horietako 80 bat kontra bozkatzekotan baitira.

ZER DIO MAYK?

Bruselak adierazi zuenez, «bihotza eta arima» jarriko ditu akordioa etxean ere onar dezaten. Etxean bertan, halere, epelkeriaz aritzea leporatu izan diote lehen ministroari, baina hark, bere kabineteko ministroen dimisioak gorabehera, posizio bat defendatu du hilabeteotan, eta horri eusten dio, jakin arren Komunen Ganberak bere plana atzera botako duela, eta ezin dela baztertu haren kontrako konfiantza moziorik.

Argudioei dagokienez, ez da sartu xehetasunetan, baina Mayk dio «nazioaren interesak» defendatzen dituela EBrekin adostutakoak, eta herrialde osoarentzat eta herritar guztientzat «baliagarria» izango dela, «2016ko erreferendumean bozkatu zutena gorabehera».

Igandean herritarrei babesa eskatu nahi izan zien, eta Erresuma Batuko hedabide nagusiek haren gutun bat argitaratu zuten. Herrialdeari gutuna izenburua jarri zion Mayk. «Azken hamarkadetako bozketa garrantzitsuenetako bat izango da, eta [diputatuek] erabaki beharko dute ea elkar hartuta egiten dugun aurrera, edo banaketaren eta ziurtasunik ezaren garaian sartzen garen», azpimarratu zuen.

ZER DIOTE 'TORY'-EK ETA DUP-EKOEK?

Boris Johnson joan den uztailera arte Atzerri ministroa izandakoa da May estuen hartzen duena. Brexit gogorraren, EBrekin loturak erabat haustearen aldekoa izan da hasiera-hasieratik, eta duela hilabete batzuk arte ministro izan zen, pentsatzen zuelako Mayk iritzia aldatuko zuela. Baina ez da hala izan. Sutsua da bere esanetan, eta adierazi izan du akordioa «desastre bat» dela, «umiliazio bat» Erresuma Batuarentzat, eta aurrerantzean ere «EBren estatu satelite bat» izango direla. Iritzi bera dute beste 30 bat diputatu tory-k. ERG Europarako Ikerketa Taldearen barruan bildu da euroeszeptikoen multzo hori.

Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokrata Unionistako kideek, berriz, Mayk traizio egin diela pentsatzen dute. Azken urtean lehen ministroa sostengatu dute haren hamar diputatuek, baina akordioak jasotzen du Irlandan ez dela muga gogorrik egongo, eta, beraz, unionismoa hautsiko dela modu horretan. Ez dute alde bozkatzeko asmorik.

ZER DIO OPOSIZIOAK?

Alderdi Laboristako kide gehienak, liberalak, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalekoak, Plaid Cymru Galesko alderdikoak eta berdeak akordioaren kontra daude. Alderdi Laborista da bigarren indarra Parlamentuan (257 diputatu), eta, Jeremy Corbyn alderdiaren liderrarentzat, itunak baldintza bat bete behar zuen: horren ondorioz EB barruan baino posizio «hobean» geratzea herrialdea; edo gutxienez «berdin» geratzea. Eta iruditzen zaio akordioak ez dituela ez bata eta ez bestea ziurtatzen. Negoziazioek porrot egin dutela pentsatzen du. «Utzi gaituzte bi munduen gauza okerrenekin». Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa ere (SNP) kritiko agertu da. Mayk herenegun argitaratutako gutunaren harira, nabarmendu ia dena «gezurra» dela.

NOLA KONBENTZITU DUDA-MUDATAN DAUDENAK?

Alderdian indarra duten tory-en esku utzi du Mayk duda-mudatan dauden diputatuak konbentzitzeko lana. Alderdiaren diziplinari begiratu beharrean, hautatuak izan diren barrutiari begiratzen diote diputatuek Erresuma Batuan. Horregatik, eta betiere zenbait komunikabidek argitaratu dutenez, diputatu horiei eskainiko dizkiete bozkatu zituzten herritarrentzako interesgarriak liratekeen onurak, legeetan aldaketak-eta eginez. Hori batetik. Eta, bestetik, ez dute beste bide bat baztertzen; hau da, dudan daudenak prebenden bidez konbentzitzea. Edozer, akordioa aurrera ateratzeagatik. Baina Mayk diputatu asko erosi beharko lituzke.

BIGARREN BOZKETA POSIBLE AL DA?

Araudiak, berez, ez du debekatzen. Mayren inguruan badira pentsatzen dutenak lehenak huts egiten baldin badu merkatua aztoratu egingo dela, eta itunari zehaztapen batzuk egitea onartuko lukeela Bruselak kasu horretan.

AKORDIOA ONARTU GABE ATERA AL DAITEKE EB-TIK?

Uneotan espekulatu besterik ezin da egin horren inguruan. Hori gertatuz gero B plan bat diseina zezala eskatu izan diote aurkari politikoek Mayri. Baina lehen ministroak ez du halakorik planteatu.

MAY KARGUTIK KENDU AL DEZAKETE?

Bai. Tory euroeszeptikoenek Mayren kontrako konfiantza mozio bat aurkeztu nahi dute. 48 diputatu kontserbadorek eskaera hori egiten badute, bozketa bat egingo dute. Oraingoz, ordea, 26k egin dute eskaera. Bozketa egitekotan, diputatu tory guztiek bozkatuko lukete, eta Mayk nahikoa luke gehiengo sinplea karguari eusteko. Aukeretako bat da. May hesituta dago, eta beste aukeretako bat da lehen ministroak amore ematea, dimititzea, eta hauteskundeetara deitzea.

May: «Ez dut akordioa berriz negoziatuko, ezta 50. artikulua luzatuko ere»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.