'Cabacas auzia'. Epaiaren ondorena

Aro baten «amaiera latza»

Iñigo Cabacasen lagunek uste dute epaiak «arrazoia» ematen diela, baina hilketa «dohainik» ateratzea ahalbidetzen duela. Senideen abokatuek helegitea aurkeztuko dute. Bideoa albistearen amaieran.
Ertzainak, atzoko elkarretaratzearen aurrean.
Ertzainak, atzoko elkarretaratzearen aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko abenduak 1
Epaiarekin «aro bat» ixten dela. Horixe uste dute Iñigo Cabacasen lagunek. Sei urte eta erdi iraun duen aroa. Baina ez daude batere pozik aro hori ixteko moduarekin: haien ustez, «amaiera latza, bidegabea, mingarria eta iraingarria» izan da, «arrazoia ematen diguten arren, Iñigoren hilketa dohainik atera zaielako».

Herenegun jakinarazi zuten Iñigo Cabacasen hilketari buruzko epaia. Puntu gehienetan, epaiak bere egiten ditu senide eta lagunek orain arte defendatutako tesiak: hau da, 2012ko apirilaren 5eko gau hartan ez zela aparteko istilurik gertatu Bilboko Maria Diaz de Haron kale ondoko plazatxoan, ertzainen oldarraldia «neurrigabea eta bidegabea» izan zela —horren ondorioz hil zen Cabacas, pilota batek buruan jota— eta ikerketa «eskasa» izan zela. Baina sei akusatuetatik bakarrari ezarri diote zigorra, bi urteko kartzela, hain zuzen —ez du espetxera joan beharko—.

Iñigo Gogoan plataforman biltzen diren Cabacasen lagun eta senideek elkarretaratzea egin dute Bilboko Justizia jauregiaren aurrean epaiaren balorazioa egiteko. Aurreko elkarretaratze eta mobilizazioetan ez bezala, ertzainak modu ikusgarrian hedatu dira jauregiaren aurrean eta inguruetan, aurpegia estalirik, eta istiluen kontrako hainbat furgoneta ere agertu dira. Horrek nabarmen igoarazi du tentsioa.

«Iñigoren heriotza horrela ixtea nazkagarria da», esan du Eneritz Zabalak bozeramaileak; «justizia hau zabor handia iruditzen zaigu». Eta hori irudikatzeko, elkarretaratzean parte hartu duten gehienek zabor poltsak eraman dituzte, eta ekitaldia amaitutakoan Justizia jauregiaren aurrean utzi dituzte.

Zabalak gogorarazi du urte hauetan guztietan «justizia, benetan gertatutakoa jakitea, familiari erreparazioa, eta hau berriro gerta ez dadin bermeak jartzea» eskatu dutela. Baina, esan duenez, eskakizun horietatik bakarra baino ez dute lortu. «Gertatutakoaren egia argitu da. Orain, idatziz ere badugu guk hasieratik esaten genuena, eta frogatu da ertzainek gezurra esan dutela, baina beste hiru puntuak bete gabe gelditu dira».

«Doilor batzuen moduan»

Koldo Gutierrezek esan duenez, epaiak «arrazoia» eman die, baina «azken emaitzak» ez du balio izan «justizia» egiteko: «Epaiak argi uzten du ertzainen oldarraldia bidegabea izan zela, neurrigabea, eta ertzainek doilor batzuen moduan gezurra esan zutela». Hala ere, polizia eta politika arduradunak «lasai-lasai» joan dira auzi honetatik.

Cabacasen lagunek iragarri dute azken manifestazio bat egingo dutela, epaiaren aurrean euren protesta adierazteko. Abenduaren 16an izango da, 12:00etan, eta Bilboko Justizia jauregitik abiatuta Eusko Jaurlaritzaren egoitzara joango dira, «Iñigoren heriotza doakoa izatea ahalbidetu duten bi botereak lotzeko».

Gutierrezek esan duenez, abenduaren 16an salatuko dute Cabacas «hil» egin zutela, arduradunak «libre» daudela, «eta horietako batzuk akusatuen aulkian eseri ere» ez direla egin.

Iñigo Cabacasen senitartekoen abokatuek ere egin dute epaiaren balorazioa; uste dute horrek arrazoia ematen diela, eta han agertzen den gertaeren kontakizuna «oso hurbil» dagoela benetan jazo denetik. Baina ez daude ados gertaera horiek oin hartuta ertzain bakarra —Juan Jose de Pablo ofiziala, kalezuloaren inguruetan zeudenen artean mailarik handienekoa zuena— zigortu izanarekin. Horregatik, iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean.

Abokatuen izenean, Jone Goirizelaiak esan du oraingo honetan «egia judiziala eta benetako egia» ez daudela hain urrun, epaiak jasotzen baititu Cabacasen senitartekoek, lagunek eta abokatuek urte askoan defendatutakoak.

«Guk beti esan dugu kalezulo hartan ez zela Ertzaintzaren oldarraldia justifikatuko zuen ezer gertatzen ari», azaldu du Goirizelaiak, «oldarraldi hura neurrigabea eta bidegabea izan zela, eta hori esateagatik kritikatu gaituzte, eta onura politikoak atera nahi izatea eta Ertzaintzaren irudia zikindu nahi izatea leporatu digute. Orain, berriz, epaian argi agertzen da oldarraldia justifikatu gabea izan zela, beharrezkoak ez ziren neurriak hartu zirela, eta gertatutakoa hartu zituzten erabakien ondorioz gertatu zela».

Ertzaintzaren lanaren inguruan epaian egiten den balorazioa ere deigarri begitandu zaio Goirizelaiari. «Ikerketa ez zela egokia esateaz gain, adierazten da ikerketa hori behar bezala eginez gero gauzak beste modu batera epaitzeko modua egongo zela. Horretaz arduradun politikoek gogoeta egin behar dute».

Operazioaren arduradunak

Goirizelaiak gogorarazi du «hasieratik» esan dutela epaiketa honetan akusatuen aulkian ez zeudela egon behar zuten guztiak, eta behin baino gehiagotan eskatu dutela operazioaren arduradunak —besteak beste, Ugarteko ezizenekoa— auzipetzeko. «Instrukzio epaileak beti erantzun digu ezetz, baina orain epaian esaten da ez daudela denak, ardurak zeuzkaten beste batzuk ere badaudela, eta, akusaturik ez dagoenez, epaileak ezin direla haien jokabidea epaitzera sartu, baina bide bat bazegoela horiek ere ikertzeko».

Epaiak ia puntu guztietan akusazio partikularraren tesiak bere egiten baditu ere, ertzain bakarrari ezartzen diote zigorra, eta, gainera, akusazioak eskatutakoa baino txikiagoa —bi urte; akusazioak lau urte eskatzen zuen—; horregatik, epaia «biderik onean» doala uste badute ere, ezin direla «guztiz pozik» egon esan du Goirizelaiak, eta helegitea aurkeztuko dutela iragarri.

Manu Cabacasek, Iñigo Cabacas zenaren aitak, sostengua adierazi dieten guztiei eskerrak emateaz gain, orduko eta oraingo arduradun politikoei interpelazio zuzenak egin dizkie. Garai hartan, Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu zen Rodolfo Aresen inguruan esan du «gezurretan» aritu zela, «saiatu zelako atentzioa desbideratzen, epaiaren arabera existitu ez ziren ustezko istilu batzuetara». «Azalpenak emango al ditu orain?», galdetu du.

Iñigo Urkullu lehendakariarentzat, Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediarentzat eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza zuzendari nagusiarentzat ere izan du Manu Cabacasek mezurik. «Epaia irakurtzeko» gomendatu die: «Ikusiko dute nola Ertzaintzak gaizki jokatu zuen, frogak ezkutatu zituen, gezurretan aritu diren, eta abar». Haiei ere «azalpenak» eskatu dizkie: «Zergatik jokatu dute horrela? Zergatik engainatu gaituzte? Zergatik tratatu gaituzte hain gaizki?».

Fiskalaren jarrerari dagokionez, Cabacasek gogorarazi du instrukzio fase osoan «jarrera pasiboa» izan eta inolako frogarik ez eskatzeaz gain, epaiketa iritsi zenean «deliturik» ez zegoela adierazi eta ez zuela zigorrik eskatu. «Epaileek esan dute delitua ez ezik, zigorra ere badagoela; nola azalduko du bere jarrera?», galdetu du.

Beltran de Heredia sailburuak dio jada «autokritika» egin duela Ertzaintzak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna