Estatu Islamikoa. Kalifa herriaren bukaera

Distopiaren bukaera

Siriako Indar Demokratikoek adierazi dute Estatu Islamikoak kilometro koadro bat baino gutxiagoko eremua kontrolatzen duela. Ia bortz urte iraun du muturreko taldeak Sirian eta Iraken aldarrikatu zuen kalifa herriak
SDF Siriako Indar Demokratikoen milizianoak Estatu Islamikoaren aurkako bonbardaketa bati begira, iazko maiatzean, Siria hego-ekialdean.
SDF Siriako Indar Demokratikoen milizianoak Estatu Islamikoaren aurkako bonbardaketa bati begira, iazko maiatzean, Siria hego-ekialdean. CENTCOM

Mikel Rodriguez -

2019ko martxoak 20
Kilometro koadro bat baino txikiagoa den eremua. Hori zen atzo EI Estatu Islamikoaren kalifa herriak zuen tamaina, SDF Siriako Indar Demokratikoen prentsaburuak azaldu zuenez. «Gure indarrek Baghuzeko kanpamentuaren kontrola hartu dute, eta orain Estatu Islamikoko kideek kanpamentuaren eta Eufrates ibaiaren arteko eremu txiki bat baino ez dute kontrolatzen», adierazi zuen Mustafa Balik. Behin betiko garaipena «hagitz agudo» aldarrikatu ahalko dutela erran zuen. SDFk joan den otsailaren 9an hasi zuen EIren aurkako «azken bataila».



Kilometro koadro bat baino gutxiago, zerikusirik ez 2015 hasieran EIk Sirian eta Iraken kontrolatzen zituen 88.000 kilometro koadroekin, eta lurralde horretan menpean zuen hamar milioi pertsonako biztanleriarekin. Baghuzeko erasoaldia hasi aitzinetik ere gauza jakina zen kalifa herriaren bukaera denbora kontua zela; hau da, bukatzear zela genozidioak justifikatu, exekuzioak orokortu, esklabotza legeztatu eta erlijio baten interpretaziorik hertsien eta kontserbadoreenarekin estatu bat arautu zuen proiektu distopikoa. Heldu den ekainaren 29an beteko dira bortz urte kalifa herria aldarrikatu zutenetik, baina ordurako desagertuta egonen da. Hala ere, EIk berak eta EIren parte inportanteenetako bat izan den gerrak zer-nolako etorkizuna izanen duten, erantzunik gabeko galdera bat da oraindik.

SORRERA
Okupazioaren ondorioa

EIk 2014an bereganatu zuen mundu osoaren arreta, baina haren erroak zaharragoak dira. Gutxienez mende hasierakoak dira, eta Ekialde Hurbil osoa astindu zuen gertakari batean du jatorria: AEBen Irakeko inbasioan (2003). Horrek sortutako kaosean hasi zen atentatuak egiten JTJ Monoteismoa eta Jihada Erakundea, Abu Musab al-Zarqawi muturreko islamista sunita jordaniarrak 1999an sortu zuena. 2004an JTJk bat egin zuen Al-Qaedarekin, eta Irakeko Al-Qaeda izenaz ezagun egin zen. Talde gehiago batu zitzaizkion, eta anitz handitu zen. Horrela, 2006an, izena aldatu zuen, eta ISI Irakeko Estatu Islamikoa hartu. AEBei eta xiitei gerra deklaratu zien Al-Zarqawik, eta 2006ko ekainaren 7an AEBetako indarrek hil egin zuten. Heriotzaren ondoren suniten eta xiiten arteko gatazka sektarioa gehiago gogortu zen, eta ISI protagonista handia izan zen.

HAZKUNDEA
Siriako gerra

Okupazioaren azken urteetan, ordea, ISIk hondoa jo zuen. AEBek talde paramilitar arabiar sunitak sortu zituzten haren aurka borroka egiteko, eta estrategiak fruituak eman zizkien. Baina taldea ez zen desagertu, bi faktore nagusirengatik.

Alde batetik, AEBak 2011ko abenduan erretiratu ziren Iraketik, eta huts egindako estatu bat utzi zuten oinordetzan. Nuri al-Maliki lehen ministro arabiar xiita gelditu zen agintean, eta alderdi sunitekin zuen ezinikusia handitu egin zen etengabe. Arabiar suniten artean handitu egin zen xiitekiko erresumin sentipena, eta ISI erreferentzialtasuna berreskuratzen hasi zen.

Bertzetik, Sirian gerra piztu zen. ISIk muga gurutzatu zuen, eta bat egin zuen Baxar al-Assad presidentearen aurkako borrokarekin. Gerran indar militarra, jarraitzaileak, baliabide naturalen kontrola eta dirua erruz irabazi zituen. 2013ko apirilean, berriz, ISIk izena aldatu zuen, eta Sortaldeko eta Irakeko Estatu Islamikoa hartu zuen (ISIS edo ISIL); zabalkunderako eta konkistarako zuen asmo argiaren adierazle bat.

Aro horretan egin zituen lehenbiziko inbasio inportanteak. 2013ko abenduan Irakeko Falluja eta Ramadi hirietan protesta gogorrak piztu ziren gobernuaren aurka, eta, nahasmena baliatuz, 2014ko urtarrilean bi hiriak hartu zituen; aldi berean hartu zuen Siria ekialdeko Raqqa hiria, eta han ezarri zuen Siriako hiriburua. Horren ondoren, 2014ko otsailean, Al-Qaedak ISISekin harremana hautsi zuen.

KALIFA HERRIA
Munduaren etsaia

2014ko ekainaren 9an ISIS izena ezagun egin zen mundu osoan, eta nazioarteko agendaren lehenbiziko lerroan kokatu zen, bolada handi batean hortik ez desagertzeko. Blitzkrieg erako mugimendu militar ikusgarri batekin, ISISek Irak iparraldeko Mosul hiria konkistatu zuen, herrialdeko handienetan bigarrena, eta soldaduek eta poliziek ia aurre egin gabe ihes egin zuten. Hurrengo egunetan erruz hedatu ziren ISISen muturreko biolentzia erakusten zuten irudiak. Mundua harrituta eta shock egoeran utzi zuen, eta Irakeko Estatua, berriz, desegiteko arriskuan. Erasoaldi hori hasi eta hogei egunetara, Abu Bakr al-Bagdadi 2010etik taldeko buruzagia zenak kalifa herriaren sorrera aldarrikatu zuen. Bere burua kalifa izendatu zuen, eta taldeari EI Estatu Islamikoa izena eman zion.

Urte horretako abuztuan, Irak ipar-mendebaldeko yezidien aurka jo zuen EIk, etnia kurduko gutxiengo erlijioso hori desagerrarazteko helburuarekin. Milaka hil zituen, eta ehunka emakume eta haur esklabo gisa hartu. Kurduen miliziek geldiarazi zuten genozidioa, eta AEBek orduan erabaki zuten muturreko talde islamista sunitaren aurka aire erasoak egiten hastea Iraken. Urrian, berriz, Siriara hedatu zuten bonbardaketa kanpaina, EIk setiatuta eta ia guztiz inbadituta zuen Kurdistango Kobane hiritik hasita. 2015eko lehenbiziko erdialdean kalifa herriak inoizko zabalkunderik handiena lortu zuen: Iraken eta Siriaren arteko muga desegin zuen, Siria ipar-mendebaldeko Alepo probintziatik Irakeko Bagdad hiriburuaren ateetaraino hedatu zen, eta tartean hiri handi anitz zituen menpean —Raqqa, Deir ez-Zor, Palmira, Mosul, Tikrit, Ramadi, Falluja...—.


Haider al-Abadi Irakeko lehen ministroa Mosulen, 2017ko uztailean, garaipena aldarrikatzen. EFE.

NAZIOARTEKOTZEA
Atentatuak eta gerrak

Kalifa herriaren aldarrikapenak eta garaipenek mundu osoko muturreko islamista sunitak motibatu zituen. EIk berak jarraitzaileei eskatu zien edonon, edonoiz eta ahal zen moduan atentatuak egiteko etsaitzat zituenen aurka. BBC kateak duela aste batzuk argitaratu zuenez, 2012-2019 artean gutxienez 40.000 atzerritar joan ziren Siriara eta Irakera EIren alde borrokatzera.

Nazioartean hedatzeko prozesua hiru modutara egin zuen EIk. Alde batetik, gerretan eta gatazkatan murgilduta zeuden muturreko taldeek leialtasuna adierazi zioten kalifari —Libian, Nigerian, Somalian, Afganistanen, Yemenen...—. Bertzalde, Sirian eta Iraken trebatutako militanteek atentatu handiak egin zituzten jatorrizko herrietan; 2015ean Parisen egindakoa, horren adibide argi bat —130 lagun hil zituzten, gehienak tiroz—. Azkenik, elementu berri bat gehitu zuen EIk: taldearekin harremanik ez zuten norbanakoek haren izenean erasoak egin zituzten sofistikazio gutxiko metodoekin —Nizan (Frantzia), errate baterako, gizon batek 86 pertsona hil zituen kamioi batekin harrapatuta 2016an—.

GALERA
Kobanetik Raqqara

Kalifa herriak hedadura handiena 2015eko hasieran lortu bazuen ere, urte horretako urtarrilean jasan zuen lehenbiziko galera handia. Siriako kurduen miliziek Kobane hiria berreskuratu zuten AEBen laguntzarekin, eta EI Kurdistandik bidaltzeko kontraerasoa hasi zuten. Borroka luze joan zen, ordea. 2015ean eta 2016an hiri eta lurralde batzuk galdu zituen —Tikrit, Ramadi eta Falluja Iraken, edo Siriako Kurdistanen zituen guztiak—, baina galera erabakigarriak 2017an jasan zituen.

Urte horretako uztailean Irakeko armadak Mosul berreskuratu zuen, kalifa herria aldarrikatzeko oinarria izan zen konkista, eta EIren patua markatuta gelditu zen. Zenbatean eutsiko zion, hori zen zalantza. Urte hori bukatu aitzinetik, Haider al-Abadi lehen ministroak EIren gaineko garaipena aldarrikatu zuen, eta muturreko talde islamista sunitak kontrolpean izan zituen eremu guztiak estatuaren agintepera itzuli ziren.

Sirian, berriz, 2017ko urrian eta azaroan jaso zituen herio kolpeak, lehenik Raqqa, Sirian zuen hiriburua, SDFren aurka galduta, eta, ondoren, Deir ez-Zor hiria Siriako armadaren kontra galduta. SDFk Eufrates ibaian goiti jazarri zion EIri, Irakeko mugako Baghuz hirian zokoratuta utzi duen arte. Muturreko talde islamistak Siriaren mendebaldean bakartuak zituen eremu eskasak, berriz, iaz berreskuratu zituen armadak.

ONDORIOAK
Luzerako zauriak

Kalifa herria desagertuta dago ia, baina ondorioak luzaroan nabarituko dira. Sirian gerraren parte bat izan da EIren aurkako gatazka, eta hura desagertuta gerra bera ez da bukatuko. Horregatik, EIk eragin duen kalte zehatzaren zifrak gerraren osotasunean nahasi dira. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 2011z geroztik Siriako hamabi milioi herritar inguruk alde egin dute etxetik —populazioaren erdiak—, horietako erdiek baino pixka bat gutxiagok atzerrira. NBE Nazio Batuen Erakundeak 2015eko abuztuan utzi zion hildakoak zenbatzeari —250.000 zirela erran zuen orduan—. Gaur egun, kopurua 400.000 inguruko izan daitekeela diote erakunde batzuek, baina ez dago berresteko modurik.

Iraken, berriz, gerra egoera berrezarri zuen EIk, eta, Iraq Body Counten arabera, 2014tik 2017ra gutxienez 67.000 zibil hil ziren gatazka horretan; AEBen okupazioko lehenbiziko urteen pareko kopuruak. EIk lurralde guztiak galdu baditu ere, Iraken iaztik gaurdaino ia 4.000 zibil hil dituzte erasoetan. Kalifa herria desagertzear da, baina hura aldarrikatu zuen kalifaren arrastorik ez du inork.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna