Grezia. Hauteskunde orokorrak

Mitsotakisek «aldaketarako» asmoa berretsi du, kargua hartu berritan

Agintari kontserbadoreak Greziako lehen ministro karguaren zina egin du, igandeko bozetan gehiengo osoa jaso ostean. Lanpostuak sortzea eta inbertsioak erakartzea jarri ditu helburutzat

Mitsotakisek «aldaketarako» asmoa berretsi du, kargua hartu berritan.
ander perez zala
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Irudia ohikoa da gobernuburua aldatzen duten bakoitzean, baina atzokoak zeresan handiagoa izan zuen, irudikatu zuen errealitatearengatik. Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministro izendatuak Alexis Tsipras agurtu zuen Maximos jauregian, gobernuburuaren egoitzan, Syrizaren agintaria handik atera zenean; funtsean, lehen ministroak ez zuen soilik agurtu postuan haren aurrekoa, garai bati ere agurra eman baitzion. Ziklo baten amaiera irudikatu zuen keinuak, hori baita Mitsotakisen nahia, atzo karguaren zina egitean berretsi zuenez: «Herriak aldaketarako agindu sendoa eman digu».

Xehetasunez beteriko eguna izan zen atzokoa. Tsipras Mitsotakis agurtzeko behar adina denbora geratu zen jauregian, duela lau urte kargu horretara iristean haren aurrekoak egin ez bezala; 2015ean, Antoni Samaras kontserbadoreak ez zuen Syrizaren lehen ministro izendatua agurtu nahi izan, eta berehala joan zen eraikin horretatik. Tsiprasen garaipena lurrikara politikoa izan zen Grezian eta Europan, eta Samarasek ez zuen harekin irudirik partekatu nahi izan. Urte hartako aldaketa argazkirik gabe geratu zen; ez, ordea, atzokoa.

Lehen ministroaren Demokrazia Berria (ND) alderdiak gehiengo osoa jaso zuen herenegungo hauteskundeetan —300dik 158 diputatu—, eta babes hori oinarri hartuta aldaketa sakonak egiteko konpromisoa hartu du gobernuburu kontserbadoreak. Hori frogatzeko lehen pausoa atzo bertan eman zuen, karguaren zina egitean: eredu erlijiosoari jarraituz hartu zuen lehen ministro postua, Tsiprasek 2015en egin ez bezala. «Trinitate zatiezin eta santuaren izenean, zin egiten dut konstituzioa eta legeak errespetatuko ditudala», adierazi zuen lehen ministroak, Ieronymos artzapezpikua aurrean zuela. Ekitaldia amaitzean, agintaldiari begira jarri zen: «Lan gogorra gaur [atzo] hasi da. Konfiantza handia dut egoerak eskatzen duen moduan arituko garela». Datozen lau urteotan, beste bide bat hartzeko asmoa lehenetsiko du Mitsotakisek, helburutzat jarrita lanpostuen sorrera eta atzerriko inbertsioak erakartzea; erdiko klaseari presio fiskala arintzea ere badu xedeetako bat, kanpainan jakinarazi zuenez.

Tsiprasi egokitu zitzaion hirugarren erreskatea onartzea, eta horrek zekartzan austeritate neurriak eta murrizketak indarrean jartzea; Syrizaren agintaldian, langabeziak behera egin du, baina herritarren bizi baldintzek ez diote bide berari jarraitu. Horren adibide dira soldatak: greziar askorenak %40 eta %50 artean murriztu zituzten 2008ko krisia hastean, eta ez dira maila berera itzuli.

Herrialdeak iazko ekainean eman zion agurra hirugarren eta azken erreskateari, baina hamar urtez atzeratu behar izan zuen lehen erreskateko zorrik handiena ordaintzen hasteko epea —ia 100.000 milioi euro—; hortaz, Grezia 2032an hasiko da zor hori pagatzen, 2022an hasi beharrean.

Neurri ekonomikoak

Datorren agintaldian errealitate ekonomiko hori kontuan hartu beharko du Mitsotakisek, egin dituen promesak betetze aldera. Horretaz jakitun da lehen ministroa, eta herritarren egoera hobetzeko honako neurri hauek proposatuko ditu, kanpainan esandakoaren arabera: sozietate zerga bi urtean zortzi puntu jaistea—%28tik %20ra—; langileen kotizazioak bost puntu jaistea, %15eraino; eta, 10.000 euroko sarrerak gainditzen ez dituztenentzat, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga hamahiru puntu jaistea, egungo %22tik %9ra.

Hartzekodunek erreskateen ondorengo programan adostu zutenaren arabera, Greziak bere superabit primarioa BPGaren %3,5ra handitu beharko du 2022rako, eta %2ra 2060rako —Greziak urte horretan egingo du maileguen azken ordainketa.

Mitsotakisek zin egin du kopuru horiek berriz negoziatzen saiatuko dela —txikitu nahi ditu, erdiko klaseei zergen presioa arintze aldera. Bruselan badu jada aliatu garrantzitsu bat, Europako Batzordeko presidentetzarako hautagai izan den Manfred Weber kontserbadorea. Eta etxean gomendioak bilatzeko aukera erebadu: haren aita Constantinos lehen ministro izan zen 1990 eta 1993 artean, eta haren arreba Dora Bakoyannis Atenasko alkate izan zen —postu horretan egon zen lehen emakumea—.

Beste erronka gogor bat ere jarri dio bere buruari: hemezortzi hilabetean Greziako ekonomia urtero %4 handitzea, egungo erritmoaren bikoitzera. Hori guztia, gastu publikoa aldatu gabe eta murrizketarik egin gabe. Diferentzia 100.000 milioi euroren atzerriko inbertsioekin ordainduko luke, azaldu duenez. Hortaz, ikusteko dago lehen ministroak praktikara eramango dituen asmo horiek, eta etxean zein atzerrian zer-nolako erreakzioa izango duten erakunde politiko eta ekonomiko garrantzitsuenek.

Horietako bat da Europako Batasuna, baina atzo Greziako hauteskundeen garailea zoriondu baino ez zuten egin hango ordezkariek. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea izan zen lehena: «Ezagutzen du Greziarekiko eta azken hamarkadan hainbeste jasan duten herritarrekiko atxikitasun pertsonala dudala».

Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak Twitter bidez zabaldu zuen haren mezua: «Konbentzituta nago aurrerantzean ere Greziak rol eraikitzailea izango duela Europako Batasunean, erronka komunei aurre egiten lagunduz: ingurune geopolitikoari, legez kanpoko immigrazioari eta gure ekonomien modernizazioari».

Errealitate berria

Herenegungo emaitzek bipartidismo berri baten oinarriak ezarri zituzten Grezian. Hamarkada luzez, NDk eta Mugimendu Sozialista Panhelenikoak (Pasok) txandakatu zuten boterea; baina, duela hamar urteko krisi ekonomikoaren ondorioz, Pasokek behera egin zuen nabarmen.

Atzoko bozetara Aldaketaren Aldeko Mugimendua (Kinal) koalizioan aurkeztu zen, eta indar politiko horrek 2015ean baino bost diputatu gehiago jaso zituen, 22rekin geratzeraino. Ordea, koalizioak ez du lortu Pasoken krisi aurreko mailara itzultzea, eta, hortaz, Syrizak hartu du alderdi horren lekua eskuinari aurre egiteko lehian. Datorren agintaldiak eta hurrengo bozek zehaztuko dute bipartidismo berri bat finkatuko den.

Beste aldaketa nagusia eskuin muturrean sumatu zen. Egunsenti Urrekara ordezkaritzarik gabe geratu zen—hamasei diputatu zituen—, eta haren ordezkoa hartu zuen ideologia bereko Irtenbide Greziarrak, hamar ordezkarirekin.

Ezkerrean, Greziako Alderdi Komunistak (KKE) hamabost diputatuei eutsi zien herenegungo hitzorduan, eta Yanis Varoufakis Finantza ministro ohiaren Desobedientzia Errealistaren Fronte Europarra (Mera25) lehenengoz sartu zen parlamentuan, bederatzi diputatu eskuratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.