Memoria historikoa. Francoren hilotza

Estatu hileta Francori

Debekuei izkin egin diete familiak eta jarraitzaileek, eta diktadorea goratu dute. Erorien Haranetik atera, eta Madrilgo mausoleo batera eraman dute gorpua. Bideoa albistearen amaieran.
Senideak, Francoren hilkutxa Erorien Haraneko basilikatik ateratzen, atzo.
Senideak, Francoren hilkutxa Erorien Haraneko basilikatik ateratzen, atzo. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Jokin Sagarzazu -

2019ko urriak 25
Pedro Sanchezek badu Espainiako Gobernura heltzean lortu nahi zuen argazkia, hura iragarri eta hamabost hilabetera. Sendiarekin izandako borroka judizialaren ostean, atzo atera zuten Francisco Franco diktadorearen gorpua Madrilgo Erorien Haranetik, eta hiriburutik gertuago dagoen beste mausoleo batera eraman zuten. Uda aurretik egitea zen asmoa, baina hauteskunde kanpaina hasi baino astebete lehenago egin dute.

Gobernuak solemnitate handia eman dio diktadorearen (1939-1975) hilotza lekualdatzeari, Europan inoiz ikusi ez den modukoa; formetan, bereziki. Atzokoak estatu hileta baten elementu ugari izan zituen, agintari gorenek parte hartu ez zuten arren. Halaber, gobernuak bere gain hartu ditu gastu guztiak. Senideak, azkenean, gustura agertu dira emaitzarekin. «Halako momentuetan ezin zara pozik egon, baina duina izan da, eta begirune handia agertu dute gobernuko ordezkariek».

PSOEko buruzagiek izugarri neurtu zituzten egin beharrekoak. Urrats batzuk familiarekin adostu zituzten, eta beste batzuk, ez; bereziki, tratamendu informatiboari buruzkoak. Kazetaririk ez zen izan gertu. Gobernuak berak eskaini zituen zuzeneko irudiak, salbu hobitik ateratzeko lanenak, berriz hobiratzekoenak eta elizkizunenak, familiarekiko errespetuz. Senideei ere debekatu zieten une horietako irudiak hartzea.


Gobernuaren ordezkariak, basilikaren atarian. MARISCAL / EFE

Era berean, errespetu izugarria agertu zuten prozesuan parte hartu zuten estatuko hiru ordezkariek; Dolores Delgado Justizia ministroa izan zuten buru, Espainiako Erreinuko notario nagusi gisa. Segizioa egin zioten hilotzari; familiarengandik metro batzuetara beti, baina ageriko leku batean, kamerek eman zituzten momentuetan bederen.

Ez ziren une batez ere erretiratu, eta imintziorik ez zuten egin hilkutxa basilikatik atera eta auto batean sartzera zihoazenean senideek «Gora Franco!» eta «Gora Espainia!» oihu egin zutenean ere. Tenpluaren harmailadian geratu ziren. Basilikako priore beneditarra, berriz, familiarekin batera egon zen une oro, eta gertutasun keinu ugari egin zituen. 22 senidek hartu zuten parte.

Haiek debekatua zuten frankismoa gogora zezakeen ezer erakustea. Diktadorearen ilobetako bat, baina, garai hartako sinboloak zituen Espainiako bandera bat eskuan zuela joan zen ekitaldira; senideek aurrez eskatua zuten bandera nazionala jartzeko hilkutxan, baina ez zieten onartu.


Hilerriaren kanpoaldean jarraitzaileek egindako meza. JAVIER LIZON / EFE

'Cara al sol'-eko arrosak

Tenpluaren barruan gertatutakoaz, hobitik ateratzeko prozesuari buruz ezer gutxi esan dute; senideek jatorrizko hilkutxa mantentzea erabaki zutela baino ez. Hurkoek sorbaldan hartuta atera zuten basilikatik. Francotarren armarria zuen zutoihal bat zuen gainean, eta ereinotz koroa bat, Espainiako banderaren koloreak zituen banda batekin eta bost arrosa gorrirekin, Falange mugimendu faxistaren ereserkiaren Cara al Sol-en aipatzen direnei erreferentzia eginez. Franco hobiratzeko ekitaldian, berriz, gobernuak ez zien inolako debekurik jarri sinbologiari dagokionez.

Bost ordu inguru iraun zuen emankizunak —aurreikusita zegoen gehienezko denbora—; ia etenik gabe eman zuten telebista publikoak eta komunikabide pribatu nagusiek. Batzuek gobernuak emandako irudiak tartekatu zituzten Francoren aldekoek eginiko protestetan harturikoekin, eta hainbati hitza eman zieten. Diktaduraren garaiko banderak, jantziak eta askotariko sinboloak zituzten soinean, eta diktadorearen aldeko oihuak egin zituzten, abesti faxistak kantatzearekin batera. Poliziek ez zuten neurririk hartu. Erorien Haranean eginiko elkarretaratzea, adibidez, ez zegoen baimenduta, baina arazorik gabe egin zuten.


Antonio Tejero, 1981eko estatu kolpeko buruetako bat. DAVID FERNANDEZ / EFE

Erorien Haranetik Madrilgo Pardo barrutiko Mingorrubioko hilerrira eraman zuten gorpua, armadaren helikoptero batean, estatuko ordezkariek zainduta. Senideek han hartu zuten berriro, eta familiaren mausoleora eraman zuten autoz, erabat hesituta zegoen bide batetik. Carmen Polo emaztearen alboan hobiratu zuten Franco. Antonio Tejero 1981. urtean estatu kolpe saioan parte hartu zuen guardia zibilaren semeak egin zituen apaiz lanak.

Hilerriaren kanpoan 250 bat pertsona bildu ziren; tartean, Tejero koronela bera. Hileta amaitu zenean, saiatu ziren sartzen, baina ateak itxi egin zizkieten. Elizkizun ibiltari bat egin zuten, bi apaizen laguntzarekin. Madrilgo Auzitegi Nagusiak baimena eman zien horretarako, Espainiako Gobernuak aurrez debekatu arren. Francoren senide batzuk haiengana hurbildu ziren, eskerrak ematera.

Gertuago eta batera

Ia 45 urte egin ditu Francoren gorputz baltsamatuak Erorien Haraneko basilikan, lur azpian. Alboko paretak 1936ko gerran hildakoez bete zituzten: 36.000 inguru, bi bandoetakoak, denak batera eta hezurrak nahastuta. Leku pribilegiatu batean zegoen diktadorea. Atzotik, haren inskripziorik ez da egongo lurrean. Handik gertu jarraitzen du, ordea, Jose Antonio Primo de Rivera Falangeko fundatzailearen hilarriak; PSOEren gobernuaren asmoa da hobiratze hori mugitzea, tenpluko beste leku batera.

Franco, berriz, bere agintaldian eraiki zuten familia mausoleoan egongo da. Jabetza estatuarena da, diru publikoz ordaintzen dira mantentze lanak. Kanposantu horretan daude, besteak beste, frankismoko hainbat agintari eta beste diktadura batzuetakoak: Dominikar Errepublikako Rafael Leonidas Trujillo, esaterako.

Franco haranetik ateratzeko lehen urratsak Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) gobernuak egin zituen 2011n, agintaldiaren amaieran, gerran hildakoekin batera han egotea biktimentzat iraingarria zela iritzita, eta Memoria Historikoaren Legea oinarri hartuta. Mariano Rajoyren (PP) agintaldian ez zuten ezer egin, «kontsentsu faltagatik». Sanchezen gobernuak lortu zuen kongresuaren babesa, baina diktadorearen familiari eta eskuin muturreko taldeei auzitara jotzeko aukera eman zien: basilikako beneditarrek bat egin zuten senideekin, Madrilgo epaitegi batek ere eten zuen prozesua, baina Espainiako Auzitegi Goreneko eta Giza Eskubideen Europako Auzitegien ateak ez zituzten gainditu.

Urrats txikia, harlauza handia

Mausoleoan gelditu direnak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jokin Sagarzazu

Informazio osagarria