'Brexit'-a. Europaren baietza luzapenari

Luzapenari forma eman diote

Europako Batasunak 'brexit'-erako luzapen «moldagarri» bat onartu du, urtarrilaren 31ra artekoa. Boris Johnsonek huts egin du Erresuma Batuan hauteskundeak aurreratzeko saiakeran

Brexit-aren aldeko herritar batzuk Westminster kanpoan protestan, atzo. ANDY RAIN / EFE.
Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun

2020ko urtarrilaren 31 da brexit-erako epe muga berria. Europako Batasunak baiezkoa eman dio Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek eginiko luzapen eskariari, hark agindu ostean abenduan hauteskundeak egingo dituztela Westminster berritzeko. Komunen Ganberak, ordea, atzera bota du hauteskundeak aurreratzeko lehen saiakera; abenduaren 12a zen Johnsonek ezarritako data. Irteerari dagokionez, Europar Kontseiluko presidente Donald Tuskek adierazi du muga data berria «moldagarria» dela. Izan ere, Erresuma Batuko Komunen Ganberak eta Europako Parlamentuak akordioa lehenago onartzen badute, bozketak egin eta hurrengo hilabetearen hasieran baieztatuko litzateke brexit-a.

Erresuma Batuaren irteera aurtengo martxoaren 29an zen gauzatzekoa, baina akordiorik ezak brexit-a atzeratzera behartu zuen. Apirilaren 12ra lehenik, eta urriaren 31ra gero. Londresek eta Bruselak akordioa adostuta, Erresuma Batuko Komunen Ganberak itunaren onarpena atzeratzeak eragin du hirugarren luzapena, 2020ko urtarrilaren 31ra artekoa.

Tusken esanetan, epe muga «moldagarria» da, eta lehenago gauzatu daiteke, parlamentuen onarpenak aurreratzen badira. Esaterako, Erresuma Batuko Komunen Ganberak eta Europako Parlamentuak azaroan onartuko balute akordioa, Londres EBtik kanpo egongo litzateke abenduaren 1ean. Arazoa Westminsterren legoke, irteeraren aurkako alderdiek akordioa gaitzetsi eta beste erreferendum bat nahi dutelako. Alderdi Laboristaren, liberal demokraten, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren, Plaid Cymru Galesko alderdi independentistaren, Aldaketarako Talde Independentearen, Alderdi Berdearen, hainbat diputatu independenteren eta Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren botoek behartu zuten Johnson hirugarren luzapena eskatzera, urriaren 19an. DUPen kasuan, Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga izan zen bozkatzeko arrazoia, alderdiak muga gogor baten aldeko brexit-a babesten baitu. Gainontzekoak irtetearen aurka daude, eta edonola eragotzi nahi dute brexit gogor bat.

Johnsonek Bruselara eskaera bidali bezain laster hasi zen Tusk estatu eta gobernuburuekin hitz egiten, luzapena onartzeko eskatuz. Ia astebetera bildu ziren batasuneko estatu kideetako ordezkariak, ostiralean, erantzun bateratu bat emateko; izan ere, erabaki horrek kide guztien onarpena behar du.

Lehen bilera hartan luzapen bat onartzea erabaki zuten ordezkariek, baina ez zen adostasunik lortu horrek izan beharreko formaren inguruan. Atzo eginiko bileran, berriz, luzapenaren nondik norakoak adostu zituzten.

Luzapen berri honen baldintzen artean daude, besteak beste, ezingo dela jada adostutako akordioa berriz negoziatzeko erabili, ezta brexit-aren ondorengo Londres eta Brusela arteko harremanez eztabaidatu ere. Horrez gain, Erresuma Batuak ezingo die uko egin EBn egoteak dakartzan betebeharrei, tartean Europako Batzorderako kide bat proposatzea, azarorako egin beharko lukeena. Johnson izendapen horren aurka agertu izan da, azaroaren 1erako Erresuma Batua EBtik kanpo egongo zelakoan; batzorde berria osatzeko jarritako lehen epea zen hura, baina atzeratu egin da.

Baldintza horiek onartu ditu orain Johnsonek, eta Tuski bidalitako gutunean adierazi du legeak agintzen diolako onartu duela, baina azpimarratuta berak ostegun honetan gauzatu nahi zuela irteera: «Nahi ez dugun luzapen hau gure demokrazia eta gure eta Europako gure lagunen arteko harremana mintzen ari da».

Orain, 24 orduko tartea izango dute 27 estatuen estatuburuek eta gobernuburuek luzapena onartu edo zuzenketak aurkezteko. Tusken lantaldeko iturrien arabera, espero da gaur edo bihar onartuko direla xehetasun horiek guztiak.

Erresuma Batuak akordioa eta horretarako beharrezko araudia onartzeko erabiliko da epea. Johnsonek abiarazi ditu horretarako tramiteak, baina Komunen Ganberak eta Lorden Ganberak onestea behar du, eta oposizioak ez dizkio gauzak erraz jarriko. Laboristak eta DUP zuzenketak ezartzeko prest agertu dira. Onarpenerako bigarren erreferendumaren derrigortasuna eskatzeko lehenak, Irlandan muga zurrun bat ezartzeko bigarrenak.

Luzapena bozen truke

EBko estatu kideetako ordezkariek ostiralean eginiko bileran, Frantzia izan zen urtarrilaren 31ra arteko luzapena onartzearekin zalantza gehien adierazi zituen estatuetako bat. Parisek bi asteko luzapen labur bat defendatu zuen lehen bilera hartan. Asteburuan, ordea, Frantziako presidente Emmanuel Macronek Johnsonekin hitz egin zuen telefonoz, eta bigarrenak abenduan hauteskundeak egin nahia adierazi zion. Bozek egungo egoera aldatu dezaketelakoan, iritzia aldatu zuen Macronek, Frantziako Gobernuko iturrien arabera.

Izan ere, hilaren 19an jasotako kolpearen ostean, Erresuma Batuko lehen ministroak hauteskundeak aurreratzeko ideia plazaratu zuen, abenduaren 12rako. Era horretan, Alderdi Kontserbadoreak Komunen Ganberan duen presentzia areagotu nahi du, brexit-aren aldeko botoa bildu nahian, errazago onartzeko irteera akordioa eta horretarako beharrezko araudia. Inkesten arabera, kontserbadoreek egun baino diputatu gehiago lortuko lituzkete, eta gehiengo osotik gertu lirateke Nigel Faragek zuzendutako Brexit Alderdia batuz gero.

Hauteskundeak aurreratzeko, Johnsonek diputatuen bi herenen babesa behar zuen atzo eginiko bozketan. Eta brexit-erako akordioa berriz ere ganberara eramateko prest agertu zen, aurrerapenaren truke. Johnsonek, ordea, ez zuen nahia lortu: aldeko 299 boto bilduta, beharrezko 434etatik urrun geratu zen, aurkakoak 70 boto bakarrik izan baziren ere —laborista gehienek abstentzioaren alde egin zuten—.

Alderdi Laboristako kideek azaldu dute hauteskundeak aurreratzeko beharra ikusten dutela haiek ere, baina ez abenduan, ez baita hauteskunde orokorrik egin data horietan 1923tik. Alderdiko buru Jeremy Corbynek adierazi du ez dutela «konfiantzarik» lehen ministroan, eta abenduaren 12ko datak ez duela «herritar guztien boto eskubidea» errespetatzen: «Hauteskunde batzuetarako data lege bidez ezarri ahal den unean, hauteskundeak babestuko ditugu, herri honek behar duen gobernua izan dezan».

Liberal demokratak eta Eskoziako independentistak aurreratzearen alde agertu dira, baina ez dute data hori ontzat jo. «Mozio hau onartzea baimentzen badugu, [EBtik] kanpo egongo gara lehen ministroa hautatu baino lehen», adierazi du SNPko bozeramaile Ian Blackfordek. Liberal-demokraten bozeramaile Jo Swinsonek, berriz, bigarren erreferenduma nahi duela azaldu du, baina egun ez dagoela hori gauzatzeko moduko gehiengorik ganberan. Horretarako hauteskundeak beharko liratekeela aldarrikatu du.

Bien bitartean, bigarren erreferenduma eskatzeko protestek herrialde osoan diraute. Komunen Ganberak akordioaren onarpena atzera bota zuen egun berean, ehunka milaka lagun atera ziren Londresko karriketara, Batuta, azken hitzarengatik lelopean. Halere, arazoak sortu dira irteeraren aurkako Jendearen Botoa kanpainaren barruan, taldeak zuzendaria eta komunikazio arduraduna kaleratu ostean.

Johnsonen irtenbidea: legea zuzentzea, bozak gehiengo soilarekin aurreratzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.