Angel Oiarbide. Gure Esku Dago-ko bozeramailea

«Igandekoa mugarria izan zen erreferendum lotesleari begira»

Zifretatik harago, galdeketek eztabaida bat plazaratu dute, Oiarbideren ustez. Barne prozesuan da Gure Esku Dago, eta otsailaren 9an emango dute datozen urratsen berri.

JON URBE / FOKU

Maider Galardi F. Agirre -

2018ko azaroak 20

Gaur-gaurkoz, 209 herritan egin dira galdeketak, eta, ia denak, Gure Esku Dago-k sustatuak. Joan den igandekoa, ordea, «mugarria» izan da, Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko bozeramailearen ustez. Lehen aldiz, hiriburu batean egin zen galdeketa, eta antolatzaileak «pozik» daude emaitzarekin. Ziklo berri batean sartuko da, ordea, plataforma, eta otsailean emango dute norabide berriaren berri.

Igandeko galdeketetan 28.684 lagunek bozkatu zuten. Zein balorazio egiten duzu?

Juridikoki lotesleak ez diren galdeketetan balorazioa askotan katramilatzen da parte hartze zenbaki horietan. Ez dugu konparaziorik egiteko aukerarik. Antzekotasun bat egon daiteke Katalunian egin ziren lehen galdeketa haiekin, baina hori ere ez da zuzena, testuingurua ez baita bera. Edonola ere, alderaketa eginda, haiek 2009tik 2011ra %18,8ko parte hartzea izan zuten, eta, gurean, %20,3k parte hartu dute. Hala ere, zifrak ez dira galdeketen helburu bakarra.

Zein da, bada, funtzioa?

Bi funtzio ditu. Bata, erabakitzearen eta estatus politikoaren eztabaida ahalik eta herritar gehienengana hedatzea, eta ahalik eta jende gehien inplikatzea eta partaide sentiaraztea. Hori kontuan hartuta, igandekoa arrakastatsua izan zen, eztabaida ez baita soilik heldu bost herri horietako biztanleriaren %12rengana. Eztabaida zabalagoa izan da. Are, eztabaidak Euskal Herri osoa hartu du, eta harago ere joan da. Esan dezakegu emaitza oso positiboa izan dela. Bigarren funtzioa da ariketa demokratiko bat egikaritzea. Tresna eta jakinduria demokratikoak geureganatzen ari gara. Herri dinamika gisa gaitasuna dugu gizartearen %100era iristeko. Konbinazio horrek sortzen du herritarren ahalduntzea. Juridikoki loteslea den erreferenduma egiten den egunean, datuak sekulakoak eta historikoak izango dira. Norabide horretan, atzokoa pauso handia eta ezinbestekoa izan zen. Euskal herritarrok gure estatusa erabakitzeko galdeketa lotesle bat egiten dugun egunean bermerik handienak herritarron borondatea eta determinazioa izango dira.

Donostian, galdeketa egin den lehen hiriburuan,%13ko parte hartzea izan zen. Bada hori datu «eskasa» dela dioenik.

1978ko Espainiako Konstituzioa onartzeko erreferendumean Donostiako biztanleen %28,4k eman zuten baiezkoa. Zilegitasun hori du Espainiako Konstituzioak Donostian. Loteslea ez balitz, zenbateko parte hartzea izango luke galdeketa horrek? Guretzako esanguratsuena urte eta erdi honetan Donostian prozesua eraman dutenen poza da. Askotan, aitzurra hartu eta lurra lantzen hasten zaren arte ez duzu jakiten lurra nola dagoen. Lur hori, eztabaida hori, nahiko lehor egon da orain arte, eta orain ongarritzen ari gara. Seinale ona da horretan ari garenok igandean halako poza izatea. Igandekoa mugarria izan zen loteslea izango den erreferendum horren bidean.

Kataluniako independentziaren aldeko ordezkariak izan ziren. Nagua Alba Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak esan du euskal gizartea ez dagoela prest Via Catalana baterako. Hala uste duzu?

Prozesua ez da egun bakarrekoa, fase diferenteak ditu. Igandean, Kataluniako burujabetzaren aldeko lehen mailako protagonistak izan ziren Donostian, haiek jakitun daudelako garrantziaz. Badakite Kataluniako galdeketak ezinbestekoak izan zirela gaur egungora heltzeko. Perspektiba horrekin 209 herritara galdeketak iristea, 218.000 lagunek botoa ematea eta jakituria eta ahalduntze hau izatea oso garrantzitsua da. Bizi izan duenak soilik balora dezake.

Galdeketak ez dira juridikoki betebeharrekoak. Begi bistan bada erreferendum loteslerik?

Bazegoen behatzaile eskoziar bat esaten zuena Eskozian ez zutela horrelako galdeketarik antolatzeko gaitasun sozial, ekonomiko eta teknikorik instituziotatik aparte. Esaten zuen zain zeudela ea noiz negoziatzen zuten gobernuek bigarren erreferenduma. Hemen testuingurua oso diferentea da, horregatik diogu erreferendum lotesle bat egiteko bermea izango dela herritarrok erakusten dugun borondatea. Norabide horretan, noiz izango da erreferendum lotesle hori? Zalantzarik ez dugu herri honek determinazioa duen egunean izango dela. Gure Esku Dago-k esan zuen iaz ziklo bat amaitzera zihoala, baina ez du esan nahi dinamika bukatzen denik. Gure ibilbidea orain hasten da inoiz baino indartsuago. Erabakiaren aroa hasiko da 2019an. Irailetik ari gara barne prozesu batean. Gure esperientzia ebaluatu behar dugu, eta ikusi zertan asmatu dugun eta zertan hobetu dezakegun. Etorkizunean estrategia zein izango den eta zein baldintza sortu behar ditugun ikusi behar dugu, loteslea izango den erreferenduma egin ahal izateko. GEDk otsailaren 9an aurkeztuko du aro berrirako estrategia.

Jada 218.248 lagunek eman dute botoa. Segituko duzue galdeketekin?

Epe motzera begiratzeko joera dugu, baina Gure Esku Dago-k luzerako perspektiba du, eta ez dugu berehalako emaitzak jasotzeko presarik. Gutako asko dagoeneko gai gara ikusteko oinarri demokratiko horren gainean eraikitzea ezinbestekoa dela. Eta ikusten dugu herrietan gaitasun horrek zer eman dezakeen. Gure Esku Dago-k ildo diferenteak ditu, eta zalantzarik ez dago nahiko borondate ehundu den eremuetan, adosteko gai diren eremuetan eta erabakitzeko gai diren eremuetan galdeketak egingo direla. Hala ere, guk bost urteotan egindako bidetik ikasi duguna jasoko dugu, eta otsailean inoiz baino gogotsuago ekingo diogu aro berriari.

Zein izango da otsailaren 9an egingo duzuen jauzia?

Hausnarketan ari gara oraindik, baina argi esan dezaket Gure Esku Dago-k sortu zenean zuen helburua duela oraindik. GED ez zen sortu aldarrikatzeko soilik, determinazio guztiarekin nahiak gauzatzeko baizik. Norabide horretan egin beharreko urratsak egingo ditugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna