Irudia. Bilbo

Elkartasun feminista Andaluziarekin

MONIKA DEL VALLE / FOKU

Berria -

2019ko urtarrilak 16
Mobilizazioak egin zituzten atzo talde feministek, «Andaluziako herriari eta, bereziki, emakume feministei elkartasuna adierazteko». Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, Hego Euskal Herriko hiriburuetan batu ziren. Izan ere, gaur hartuko du Andaluziako presidente kargua PPko Juanma Morenok, Ciudadanosen eta Voxen babesarekin. Euskal feministek salatu dute emakumeen kontrako indarkeria legea «joko karta» moduan darabiltela: «Gure eskubideekin negoziatzen ari dira». Horrez gain, adierazi dute alderdi horien jarrera erreakzio bat dela mugimendu feministak emandako aurrerapausoengatik. Gaineratu dute Andaluziakoa ez dela kasu «bakan eta bakartua»; herrialde askotan eskuin muturra «indartzen» ari dela diote; Amerikako Estatu Batuak, Brasil, Austria eta Polonia jarri dituzte adibide gisa. Politika «xenofoboak» ere gaitzetsi dituzte. Hori dela eta, babes osoa erakutsi nahi izan diete etorkinen kolektiboari ere. Jakinarazi dute Euskal Herriko feministek «borrokan» jarraituko dutela: «Martxan jarraituko dugu, denok aske izan arte».