Belaunaldi berria, ber erronkak

Bizi mugimenduak ondoko lau urteetarako eginbeharren bide orria adostu du bere azken biltzar nagusian. Lehentasunezko lan ildoak eta ibilmolde hobekuntzei buruzko erronkak finkatu ditu sei hilabetez landu txostenean. Digitalaren ondorioak eta etxebizitza sartu ditu erronka berrietan.

Bizik abenduaren 15ean Miarritzen egin zuen protesta. GUILLAUME FAUVEAU.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Sei hilabeteko barne gogoeta baten ondorioz, ondoko lau urteetarako txostena adostu du Bizik bere azkeneko biltzar nagusian. Trantsiziotik metamorfosira deitu duen dokumentuan, 2024. arteko bide orria finkatu du trantsizio sozial eta ekologikorako mugimenduak. Arlo horretan Euskal Herrian ibilbide nabarmena du Bizik, eta, orain arte egindakoa azterturik, erronka berriak jarri dizkio bere buruari; belaunaldi aldaketa zerbait gertaturik, bestalde, buruzagitzan.

Azken lau urteetako bilduma egitean, Bizik dio errotu dela mugimendu gisa, eta hegaldatu. 2016ko txostenari erreferentzia egin dio, Erroak eta hegalak deitu zutelako. Egin kanpainek eta lortu garaipenek erakusten dute errotzea, Romain Dussault Biziko bozeramaileak dioenez. «Indar harremana emendatu dugu. Adibidez, Michel Veunaci [Miarritzeko auzapez ohia] ezarri genion presioa, bizikleta bideetan ez baitzuen batere aitzinamendurik egin». Halaber trantsizio ekologikoari begira neurrien hartzeko engaiatu diren herriko etxeekiko harremanean. Biziko Hitza Hitz batzordeak egiten du udalek hartu engaiamenduen jarraipena. Azken herrietako bozetarako hautagaiei proposatu ituna zorrotzagoa egina zuten nahitara, ikusirik aitzinekoarekin anitzek hitza jan zutela. Horiek hala, 83 hautagai zerrendek izenpetu zuten. «Ikusirik ez dela aski fite aitzinatzen, berotegi efektuko gasak erdira ttipitu behar liratekeela 2030erako, urrun heldu nahi duen ituna egin genuen; ikusi dugu zinez jokoan zen gaia bilakatu zela bozetan». Hortik ere errotzearen ondorioztatzea.

Bizik badaki ez dela aski. «Politikarien aldetik erantzuna ez da nahikoa. Herriko etxeei begira estrategia aldatu dugu: entseatuko gara egunez egun segitzera Itunaren betetzea, eta ez agintaldi bururatzean bilduma eginez». Hala egin zuten nolabait abenduaren 15ean, Miarritzeko bide bat margotuz, Maider Aroztegi auzapezak eman zuen hitzari uko egitea salatzeko. Jarraipen horretan sartu dituzte hautetsiei eman formakuntzak. «Engaiatu diren hautetsi batzuek informazioak eskatzen dizkigute ikusteko gauzak nola ongi egin».

Euskal Herria Burujabe txostena plazaratu zuen Bizik duela bi urte, eta ardatz gisa atxiki nahi du tokian toki, lurraldearen «metamorfosi sozial eta ekologikoa» bidean emateko. Ardatz horretan sartzen du udalekiko harremana ere. Herriekin eta beste elkarte edo gizarte ekinaldiekin, berdin. «Sarean lan egiten dugu, adibidez, Enargia eta Otsokop bezalakoekin, haien kooperatibetako partzuer bilakatuz».

700 kide

Eragiteko gaitasun indarra bere kideetan du Bizik. 700 kide inguru lotuak zaizkio mugimenduari. 2016tik %60ko emendatzea izan du. Hots, kide berri anitz egin ditu. Larrialdi klimatiko eta sozialaren kontzientzia hartzearen hedapena, Biziren egin-moldea, ekintza irrigarri eta ikusgarriak zaizkio arrakastaren arrazoietarik batzuk Dussaulti.

Ez du erran nahi, urrundik ere, 700 kideak sutsuki ari direla egunerokoan. Kide horietan, badira diru emaile soilak, alde batetik, eta kide aktiboak, bestetik. Kide aktiboak 500 bat direla dio Bizikoak, eta 200ek jarraituki parte hartzen dute lantaldeetan. Gaikako lan batzordeetan parte hartzen dute, edota tokiko taldeetan. Baiona-Angelu-Miarritzeko Bizi, Bizi Larrun (Donibane Lohizune-Ziburu), Bizi Barnekalde (Baxenabarre) eta Bizi Xiberoa dira tokiko multzoak.

Kide sare inportantea izanagatik, Bizik badaki eragiteko indar gehiago beharko dela. Dussault: «Gizarte helburu berarekin bat egiten duen jende gehiago, politika hautuetan eragin handiagoa. Ez da aski oraino, baina emeki eta urraska saiatzen gara handitzen». Urraskako molde horren adibideetarik bat garraioen inguruko gogoeta da. Bizikletaren lekua indartzeko ekintza anitz eraman ditu Bizik hautetsien hertsatzeko. Oihana Driollet mugimenduko bozeramaileak esplikatu du indar harreman horrez gain itzaleko beste lan bat egiten dutela: «Garraio taldeak sail pedagogiko bat du herritarrei begira. Garraioetan plantan eman nahi genukeena egingarri izanen da mentalitateak aldatzearekin. Oinarrizko informazio kanpainak baditugu, menturaz ekintzak bezain ikusgarriak ez direnak; alta, baitezpadakoak dira». Horietarik bat izan da, berriki, hiriko jendeei erakustea bizikleta erabiliz autoz baino lasterrago hel daitezkeela helmugara.

Etxebizitzen auzia

Gaikako batzordeen artean aktiboena garraioena da, gaur egun; oro autoz egiteari alternatiben bultzatzeko. Bi lan talde berriren sortzea erabaki du mugimenduak ondoko urteei begira: etxebizitza batzordea eta alor digitalari buruzko batzordea. «Helburu zehatzak definitzekoak ditugu oraino bi lan ardatz horientzat», aitortu du Dussaultek, baina digitalari dagokionez, «etengabe emendatzen diren berotegi efektuko emisioak» dituzte jomugan, baita «teknologien gibelean den gizarte eredua» ere; «beti eta teknika gehiagorena, beraz, beti energia gehiago xahuturik». Nolaz ez, 5G teknologiaren eztabaida sartzen da horretan; Cade elkarteko kide gisa segitzen du Bizik.

Bizitegien ardatza ardatz egituratzaile bezala ikusten dute, nahiz hor ere ez duten oraino argi nola lotu erronkari. «Lurraldea itxuraldatu» xedearen barnean ikusten du auzia Bizik. Bizitegiena garraioari loturik delako, besteak beste: «Lurren gaineko presioa, bizitegien kalitatea, turismoaren eragina, eta horiei lotu gas emisioak aztertu ditugu». Euskal Elkargoak xedetan duen Bizitegien Planak iragartzen duenak ere arranguratu du Bizi. Bereziki, bigarren etxebizitzen arazoa. «Bizitegi Plan horretan aurreikusi dituzte 20.000 bigarren egoitza berri pasa egitea hemendik eta 2050 artean. Lurren eta alokairuen prezioan eragingo du, lurren artifizializazioan. Egoera jada zaila delarik bertan bizi nahi dutenentzat». Ondoko hilabeteetan zehaztuko dute Bizikoek nolako kanpainak eraman nahi dituzten gaiarekin.

Antolaketa hobetu

Trantsiziotik metamorfosira txosteneko laugarren atala mugimenduaren antolaketari buruzkoa du osoki taldeak. «Biziren antolakuntza eta funtzionamendua hobetzea» deitu duena. Betekizun gisa jarri ditu kide berriak egitea, horien harrera ona, jarraipena eta formazioa bermatzea, gobernantza hobetzea, eta lantaldeak indartzea eta egonkortzea.

Kide edo boluntarioen segipena egiteko batzordea bazuen jadanik Bizik, Driolletek esplikatu duenez, eta talde horretakoen lauzkatzearen beharra azpimarratu du: «Boluntarioen animazioa transbertsala da eta eraman beharreko funtsezko lan bat». Alde batetik, parte hartzeak kudeatu: «Nork zer egiten duen, zer gaitasun dituen, zer gogo duen». Mugimenduari atxikimendua ere landu nahi dute, «Bizi komunitatekoa izatearen» sentimendua. Lagun arteko giroko momentuak garatu nahi dituzte horretarako. «Horrek loturak azkartzen baititu, eta egiazko indar militantea ahalbidetzen Bizi barnean». Ideien artean atera da «klima aperitifak» egitea bi hilabetetarik. «Edo boluntario arteko apairuak. Lan egin gabe, elkarrekin iragan momentu goxoak izateko», Driolletek dioenez.

Azpimarratzekoa da, bestalde, belaunaldi aldaketa bat gertatu dela Biziren buruzagitzan azken bi urteetan. Arduradun ohi batzuek utzi egin dute, arrazoiak bakoitzak bereak izanik. «Trantsizio bat gertatu da», dio Dussaultek; «batzuek beren lekua nahi izan diete utzi arduradun berriei eta ez dute gehiago Biziko koordinazioan parte hartzen».

Alda, jin berria

Alda mugimendu politikoa aurkeztu zuten joan den larrazkenean, Baionan, jende xehea bizi den auzoetan eraldaketa klimatiko eta sozialaren gaiak garatzeko. Sortzaileetan agertzen dira, besteak beste, Biziko arduradun ohi eta gaur egungo kide batzuk. Belaunaldi berriko arduradun berriek begi onez ikusi dute. Ez dute uste indarren aldetik batak bestea ahul dezakeenik. «Ez, batere», dio Dussaultek, «dinamika berriak beste dinamika bat sortuko duelako, beraz, jende eta militantzia berriak ekarriko. Eusko-rekin gertatu zen bezala; Bizikoek parte hartu zuten abiarazten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.