Sindikatuek FVEMi eskatu diote negoziaziora edukiak eramateko

Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Bigarren egunez jarraian Bizkaiko metalgintzako ekoizpena gelditu zuten atzo sektoreko langile askok. Aste osorako greba deialdia egina daukate, eta, lehen egunean bezala, bigarrenean ere lanuztearen erantzuna %85 izan zela esan zuten ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, USO, CGT eta CNT sindikatu deitzaileek. FVEM patronalak, berriz, %20ra jaitsi zuen grebaren eragina. Zenbatekoen gorabeherak gorabehera, sektoreko milaka langile Erandioko eta Zornotzako kaleetara atera ziren berriro ere «hitzarmen duin bat» eskatzeko.

Mobilizazioetatik deia egin zioten sindikatuek patronalari: «Negoziazio mahaira eduki errealekin etor dadila, eta ez titularrekin». Hau da, sindikatuen eskaerak garatu ahal izateko zer neurri proposatuko dituen azaldu diezaiotela eskatu zioten. Zer egingo duten subrogazio eskubidea bete dadin, lan osasuna bermatzeko eta genero berdintasunean urratsak egiteko. Mahaira «edozein momentutan» joateko prest azaldu ziren, baina bilerara deitzeko urratsa FVEMek egin behar duela uste dute.

Saio gatazkatsuagoa

Bigarren greba eguna lehena baino gatazkatsuagoa izan zen. Goizeko lehen orduetan Ertzaintzak hamalau pertsona identifikatu zituen edukiontziak gurutzatu eta erretzeagatik, eta beste hogei pertsona inguru enpresa bateko atarian kalte materialak eragiteagatik. Patronalak ekintza horiek gaitzetsi zituen.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren adierazpenek sortutako zalapartaren ildotik, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak ziurtatu zuen Urkulluk ez zuela «sakoneko posizio bat ezarri», eta ez zuela esan nork zuen arrazoia, ezta grebarako eskubidea zalantzan jarri ere. Baina esan zuen maiatzean udazkenerako greba bat aurkeztu izanak sindikatuen borondatea zalantzan jartzen duela.

Erkorekaren eta Urkulluren hitzak «lotsagarritzat» jo zituen Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak. «Ohi bezala, patronalaren albora lerrokatu dira,eta haren interesak babesteari ekin diote, langileen aurka. Urkullu patronalaren bozeramailerik onena bilakatu da, […] zaindu behar duen neutraltasun printzipioa goitik behera urratuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.