Inbestidura saioak. Udalak. Tafalla

EH Bilduk gertu du alkatetza lortzea

Nafarroako hainbat udalerritan ez bezala, PSNk ezin du udal gobernuaren kolorea baldintzatu. Iniciativa por Tafalla taldeak erabaki du EH Bilduko Jesus Arrizubieta babestea
Goldarazena jarduneko alkatea. Haren lekukoa hartuko du Arrizubietak.
Goldarazena jarduneko alkatea. Haren lekukoa hartuko du Arrizubietak. I. ZABALETA / FOKU

Joxerra Senar -

2019ko ekainak 13
Nafarroan EH Bilduk hainbat udalerri garrantzitsu galtzeko arriskua badu ere —tartean Iruñekoa edo Lizarrakoa—, Tafallaren kasuan, gertu du berriro ere alkatetza lortzeko aukera. Horretarako funtsezko osagaia izan da ez dela alderdi sozialistaren eskuetan geratu udal gobernuaren kolore politikoa baldintzatzeko giltza. Modu horretan, ustekaberik ezean, Arturo Goldarazena jarduneko alkatearen eskutik jasoko du aginte makina koalizio bereko Jesus Arrizubietak.

Maiatzaren 26ko gauean, bost botoren alde txikiarekin gailendu zitzaion Navarra Suma koalizio abertzaleari Tafallan. Biek bosna hautetsi lortu zituzten, baina emaitzek joera kontrajarriak islatu zituzten: eskuineko koalizioa 2015ean bezala geratu zen, hemeretzi boto gehiago soilik eskuratuta; EH Bilduk, berriz, 910 boto eta hiru zinegotzi galdu zituen. Navarra Sumak, pozarren, aldarrikatu zuen herritarrek udal gobernua aldatzea nahi zutela; EH Bilduk, berriz, onartu zuen ez zirela esperotako emaitzak, baina beste indarrekin akordioa lortzeko itxaropena adierazi zuen. Izan ere, lehen erreakzioan batzuek euforia eta besteek zuhurtzia adieraziagatik, ez zegoen hain argi aldaketa. PSNk hiru hautetsi lortu zituen, Iniciativa por Tafalla talde independenteak bi eta Geroa Baik eta Ezkerrak bana. Lehen gau hartan, «ziurgabetasuna» hitza errepikatu zen gehien alderdi guztien ahotan.

Hiru asteotan, ziurgabetasun hori argituz joan da. Batik bat Iniciativa por Tafalla udal talde independentearen bi hautetsiek baldintza zezaketen balantza lehen indarraren (Navarra Sumaren) edo EH Bilduren mesedetan. Herenegun, taldeak Navarra Sumak egindako azterketaren bestelako ikuspegi bat azaldu zuen: «Emaitzak mahai gainean ditugula, uste dugu tafallarrek gehiengo sozialak aitortuko dituen gobernu aurrerakoi eta ezkertiar baten alde egin dutela». Talde horren arabera, Navarra Sumaren eta EH Bilduren artean izandako bost botoren aldea «anekdotikoa eta garrantzirik gabea» da. Hartara, Jesus Arrizubietaren inbestiduraren alde egingo dute. «Horrekin ez dugu aditzera eman nahi legealdirako akordio bat dela. Tafallarentzat mesedegarri den edozein ideia babestuko dugu, datorren tokitik datorrela», ohartarazi diote EH Bilduri. Aho batez hartu dute erabakia.

Ezkerra eta Geroa Bai ere alde

Aurreko legealdian, talde horrek eta Ezkerrak EH Bildurekin bozkatu zuten erabaki nagusietan; aurrekontuak onartzean, kasurako. Ezkerrak, gainera, Nafarroarako irizpide orokor gisara jarri du ez duela «inondik ere» ahalbidetuko eskuineko udal gobernurik. Lehen aldiz, Geroa Baik zinegotzi bat izango du Tafallako Udalean, eta babesa adierazi dio Jesus Arrizubietari. Ondorioz, larunbateko osoko bilkuran EH Bilduk bidea libre du berriro ere udal gobernua osatzeko. PSN erabakigarri ez denean errazagoa da dena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna