Bazterreko ahotsak, ozenago

Sektore feminizatu eta prekarioetako langileak gero eta gehiago ari dira irteten kalera. Azken urtean, garbitzaileek, supermerkatuetako langileek eta zaintzaileek ahotsa hartu dute, eta lan baldintzak hobetzeko borrokari heldu diote. Orain arte ahotsik ez zutenak indartu egin dira pankarten atzean.

Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinetako garbitzaileek urtebete daramate borrokan, lan baldintzak hobetzeko eskatzen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Lanbasa esku batean eta bengala bestean. Pankartan, prekaritateari aurre egiteko eskaera. Sirena hotsak, aldarrikapen oihuak, danbor zaratak eta txilibitu deiak pankarten atzean. Erakunde publiko baten atarian galtzak jaisten dituzten langileak, edo paperekin kaleetako lurra zikintzen duten garbitzaileak. Lan gatazketan errepikatzen diren argazkiak izan ohi dira horiek, eta horregatik esan daiteke protestak egiteko moldeetan ez dela berritasunik egon ia. Ikusgarriagoak izan ala ez, protesta denetan saiatzen baitira jendearen arreta bereganatzen eta euren borroka ahalik eta gehiena sozializatzen. Aldaketa, ordea, protesta horien protagonistetan dago. Pankartari eusten ari diren pertsonen soslaian. Duela gutxira arte ez bezala, kaleak hartzen ari diren beharginak sektorerik prekarioenetako eta feminizatuenetakoak dira.

Adibideak bata bestearen atzetik zerrendatu daitezke. Bilboko NH eta Barcelo hoteletako garbitzaileen lanuzteak hilabete eta erdi bete du dagoeneko, eta aste honetan bertan akordioren batlortzea espero dute langileek; Bizkaiko Simply supermerkatuetan bi greba egun izan dituzte abenduan; Gipuzkoako eta Bizkaiko Dia supermerkatuetan ere prekaritatearen aurkako mobilizazioak egiten ari dira; Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinetako garbitzaileak eta epaitegietakoak ere borrokan ari dira lan itun «duin» baten alde; Donostiako Udaleko eraikinetako garbitzaileek greba bertan behera utzi zuten azaroan, baina borrokan jarraitzen dute; eta Azkoiengo (Nafarroa) Huertas Peraltako langileek euren lan baldintzak hobetzea lortu zuten azaroan egindako lanuzteen ondoren. Zerrendatutako adibide horietan pankartari eutsi dioten langileen gehiengoa emakumeak dira, eta gizonezkoen kasuan etorkinak asko.

Lan gatazketan parte hartzen ari diren pertsonen soslaia aldatu egin da azken urtean, eta, horregatik, ondoriozta daiteke gehien prekarizaturiko sektoreetara gerturatzen ari direla sindikatuak. Juanan Barrenetxea soziologoak EHUko Lan Harremanetako graduan sindikalismoari buruzko eskolak eman izan ditu, eta, haren arabera, sindikatuak «lan merkatuko aldaketen atzetik mugitu izan dira beti». Oinarriak industrian eta administrazio publikoan eduki izan dituzte tradizioz, baina azken hamarkadan lan merkatua asko aldatu da. «Lantegietan lehen enpresako garbitzaileak eta sukaldariak zeuden, baina horiek azpikontratatzen hasi ziren». Dibertsifikatu egin da lan merkatua, eta, dioenez, sindikatuei kosta egin zaie horiengana iristea.

Horren eraginez, iraganean zuten presentzia galdu egin dutela uste du Barrenetxeak: «Sindikatuak horretaz jabetu direla iruditzen zait; ez ziren sektore prekarioetara iristen, eta hori izan daiteke euren krisiaren elementu garrantzitsuena. Horregatik, zaila zen sindikatu batera afiliatuta zegoen gazte bat topatzea». Presentzia soziala galdua zutela, hain zuzen. «Industria arloko mobilizazio gehienetan, gainera, itxiera baten aurka edo lan erregulazio txosten baten aurka borrokatzeko izaten zen; azken urteetan, kostata ikusten zen lan itunak negoziatzeko borrokarik». Finean, kalean izana zuten presentzia publikoa galtzen ari zirela ikusten du soziologoak, eta, horregatik,egoerari buelta emateko helburua jarri diote sindikatuek euren buruari.

«Agerpen soziala oso garrantzitsua da eurentzat, sindikatua indar bizia dela erakutsi beharra dutelako». Zerbaiten alde borrokatzen dutela, hain zuzen. Hori guztia oinarritzat hartuta, euskal sindikatuak azken urtetik hona egoerari buelta emateko lan egin dutela suma daiteke. Sektore feminizatu eta prekarioekin kalera iritsi diren aldarrikapenak oso zehatzak direlako: soldata arrakala amaitzea, lan hitzarmen bat betearaztea, edo gehiegizko lan orduen aurka egitea. Alegia, oso begi bistakoak ziren baldintza prekarioak sozializatu dituztela. Eta hori aldaketa baten seinale dela ikusten du Barrenetxeak.

Sektore prekarioak, erdira

ELAk eta LABek joan den urteko udan egin zituzten euren kongresuak, eta helburu konkretuakzehaztu zituzten: sektore prekarioak erdigunean jartzea, eta praktika feministak indartzea sindikatuan. Xabier Ugartemendia LABeko negoziazio kolektiboko kidea da, eta «prozesu horiek sindikatuaren ekintza sindikalean, diskurtsoetan, aldarrikapenetan eta praktiketan isla izatea garrantzitsutzat» hartu zela dio. Horren lekuko jarri du sindikatuan langile sektore berriak antolatzen hasi direla; haren arabera, «joan den urtetik sektore feminizatuetan piztu diren borroken gorakada nabaria izan da».

Peio Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak bat egin du ikuspegi horrekin. «Lan merkatua gero eta prekarioagoa da, eta sindikatuak eremu horretan erabilgarriak izan nahi badute baliabideak jarri behar dituzte». Ingurura begiratu, eta sumatzen du sektore prekario eta feminizatuetan gatazka gehiago pizten ari direla, eta, hori horrela baldin bada, «beldur txikiagoa dagoelako da». Alegia, datu makroekonomikoen arabera, krisia atzean geratzen ari da, baina hori ez da sumatu lan baldintzetan, eta langabeziak behera egin izanak beldurra galtzea ekarri du. «Egoera prekarioan dauden langileak topatuz gero, eta langileak antolatzeko asmoa erakusten badute, baldintzak hobetzeko gatazkaren bidea besterik ez da posible. Eta azken urtean ildo horretako gatazka asko izan ditugu». Emakumeak presente dauden gatazketan, gainera, gatazka «gogorragoak» direla onartu du.

Sektore feminizatu eta prekarioetan gero eta lanuzte gehiago izaten ari dira, eta, hori horrela izan dadin, Bizkaiko zahar etxeetako gatazkak garrantzi handia izan zuela uste du Jon Las Heras EHUko industria ekonomiako irakasleak. «Antzeko egoeran dauden emakumeak gatazketan sartzera animatu dira hemendik aurrera; dei efektu bat eduki du». Urtebeteko tartean lanuzte eta protesta ugari egin zituzten, eta, azkenean, gutxieneko akordio bat lortu zuten. Baina martxoaren 8ko greba feministak ere eragina izan zuela uste du Igeregik: «Mugimendu feministak eta gizarteak egindako garapenaren ondorioz, gai horiek gero eta garrantzi handiagoa hartu dute, hori ukaezina da».

Erresistentzia kutxak

Azken batean, bazterrean zeuden ahotsak erdigunera ekarri dituzte sindikatuek. Lehenagotik ere antzeko borrokak egin izan dituztela ohartarazi du, ordea, ELAko kideak, baina onartu du ez zuela egun zeukan zentralitatea. «Beste elementu batzuk jarri ditugu sindikatuaren lanaren erdigunean, eta horrek sindikatuaren aldarrikapenak aberastu ditu».

Gatazka horiek egiteko, gainera, erresistentzia kutxa indartsu bat beharrezkoa dela nabarmendu du, «horrela bakarrik eutsi daitekeelako greba mugagabe bati». LABek ere 2010etik dauka Borroka Kutxa, baina azken kongresuan hori indartzea erabaki zuten, kalean dauden borroka hauei babes zabalagoa eskaintzeko. Baliabide ekonomiko horiek, borroka egiteko beldur txikiagoa izateak, eta baldintza prekarioan dauden sektoreetan arreta jartzearen eraginez, beraz, antzeko gatazka eta lanuzteek aurrerantzean ere indarra hartuko dutela pentsarazten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.