Independente eta erreferente

XX. mendean sortu zen azken estatuak mende laurdena bete berri du: Palauk 1994an eskuratu zuen independentzia, eta azken asteotan ospatu dute urtemuga. Ozeano Bareko uharte txikiak potentzia handien artean eusten dio subiranotasunari. Mikronesiar kultura eta nortasun propioa ditu uharteak.

Independente eta erreferente.
urtzirrutikoetxea
Koror
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Mende laurdena bete berri du. Palau XX. mendean sortu zen azken estatua da: 1994an lortu zuen independentzia, eta azken asteotan ospatu dute urteurrena. Mikronesiar kultura eta nortasun propio indartsua dauzkan nazio bat da, urteetan kanpoko potentzien menpe egondakoa ofizialki, baina burujabe bizitzeko borondate argiarekin.

Ustez Pazifikoko irla galdua izanda ere, oso leku estrategikoan dago, Amerikaren eta Asiaren artean, eta garesti ordaindu behar izan du bateko eta besteko potentzietatik libre izatea. Ozeaniako uharteak munduko botereguneetatik urrunegi daude, bainabehin baino gehiagotan izan dira planetan diren kezka handien abangoardia. Hala izan zen arma nuklearren aurkako borrokan, eta hala ari da izaten krisi klimatikoaren auzian ere, itsasoaren gorakada bizilekurik gabe uzteko mehatxua baita hainbat herrialderentzat. Palau erreferente bihurtzen ari da larrialdi klimatikoari aurre egiteko hartu dituen neurriengatik.

Airetik hurbildu bezain laster ohartzen zara geografia bereziaz: herrialdea osatzen duten uharte nagusien segidan, tantaka eratutako hautsezko ubera edo izar iheskorra balitz bezala, kareharrizko irla txiki mordoa ageri dira. Ulertzekoa da horrek bakarrik hainbat turista erakartzea, urpekariak batez ere. Baina jende asko leku txikian biltzea kaltegarria ere izan daitekeela jakinda, agintariek oso ondo hausnartu dute turismoaren aldeko apustua. Hegazkinean bertan ageri da hausnarketa horren lehen emaitza: erraldoiaren ipuina kontatzen duen bideoa, uharteko elezahar batetik abian. «Kondairek Palauren iragana babesten dute. Baina etorkizuna ere zaindu ote dezakete?». Erraldoia turista bera edo, zehazki, turismoa da; ume palauarrek oso modu dibulgatiboan azaltzen diote nola jokatu ohiturak, kultura eta batez ere natura, zaintzeko, zaborrak jasotzetik korala ez zapaltzeraino. «Ordutik aurrera, egin zuen urrats bakoitza hurrengo mareak garbitu zuen».

Eragin txikiko turismoa

Palauk, ondare historiko eta kultural garrantzitsuak gorde dituen arren, kanpoko eragin handi samarra dauka Pazifikoko beste uharte batzuen aldean: AEBetako eta Asiako konpainiak, behargin filipinarrak... Asia hego-ekialdeko backpacker turismotik, baina, oso urrun dago: sos gutxiko jende asko hartu beharrean, diru gehiago utziko duten turista gutxiago hartzea hobetsi dute. Palauko Gobernuak ehun dolarreko tasa ezarri die hegaldiei, eta parke nazionaletan ere 50 eta 100 dolar arteko sarrera ordaindu behar da. Izan zitekeen beste irla tropikal bat soilik, baina turismo iraunkorraren eredu bihurtu da Palau. Horren adierazle, aireportuko aduanan bertan pasaportean ezartzen duten zigilua dago, Pledge of Palau edo Palauko zinarekin: «Palauko umeak / zuen gonbidatu legez zin hau egiten dut / etxe duzuen uharte eder eta bakarra zaindu eta babesteko / Konpromisoa hartzen dut / nire oinek arrasto arina izan dezaten/ jator jokatzeko / eta arduraz esploratzeko / ez dut hartuko eman gabekorik. Ez diot kalterik egingo kalerik egiten ez didanari. Utziko ditudan oinatz bakarrak urak garbituko dituenak izango dira».

Azken hilabeteotan lasai dago uhartea. Urrun dirudi 2015ak: urte hartan, 162.000 turista hartu zituen 20.000 biztanle dituen uharteak. Turismo selektiboagoa behar zuela ebatzitakoan, zertxobait behera egin zuen kopuruak, baina herrialdearen barne produktu gordinaren erdia turismotik etorri izan da gerora ere, harik eta gatazka politiko batek jo duen arte: Txina lehen herrialdea bihurtu zen bisitari kopuruz—erdiak baino gehiago txinatarrak ziren duela bi urte— , charter hegaldiak ia egunero iristen ziren Mikronesiako uhartera.

Pazifikoan nagusitasuna lortzeko beste herrialde batzuekin egindako hitzarmena proposatu zion orduan Beijingek Papuari: ordura arte Taiwanekin izandako loturak etetea —aurten bertan hala egin dute Salomon eta Kiribati uharteek—. Palau ez zen kikildu munduko potentzia berriaren aurrean aurrean, eta Taiwanekiko konpromiso historikoari eutsi zion. Ondorioa? Txinak bertan behera utzi zituen iaz uharterako pakete turistikoak, eta sekulako kolpea eman zion ekonomiari: jatetxeak hutsik, erreserbak bertan behera, eta txinerazko gidari asko lanik gabe. Koror hiriburuko moilan hamarren bat lagun doaz, ontzi bakarrean, Rock Islands ederretara joateko. «Duela bi urte, egunero hainbat ontzi abiatzen ziren, eta baziren ontzi berriak erosteko zorpetu zirenak», dio kapitainak. Horiek sufritu dute gehien.

«Urte gutxian eztanda moduko bat egon zen; dena garestitu zen, karramarroak, arrainak, alokairuak, ostatuetan baina baita etxebizitzetan ere bai, logelak falta ziren turistentzat». Horregatik, kolpea gogorra izan dela aitortuta ere, «gelditu eta pentsatzeko astia eman digu», dio Kevin Mesebeluuk, Palauko turismo bulegoko zuzendariak. «Turismoa nola landu berriz aztertzeko aukera eman digu, eta presidenteak argi esan du, balio handiko eta eragin txikiko turismo sostengagarriaren alde egingo dugula».

Eguzkitako kremak

Txinak herrialdea zerrenda beltzean sartu aurretik ere bestelako kolpe bat jasan zuen uharteak. Herrialdeko gune turistiko ezagunenetako bat da Jellyfish Lake edo Marmoken Aintzira; igeri ibil zaitezke inolako eztenik gabeko milaka marmoka bizi diren uretan. Baina duela hiru urte desagertu egin ziren marmokak. Badirudi El Niño fenomenoak 2015 eta 2016an ekarritako lehortea uraren tenperatura aldaketen ondorio izan zela, gerora marmokak berriz itzuli baitira; baina bestelako ahotsak ere mintzatu ziren, turistek eta haien eguzkitako kremak izan ditzakeen ondorio kaltegarriei buruz. Marmoketan zein koral arrezifean.

Palauk, kezka hori ikusita, erabaki bat hartu du: Urte Berri egunetik, debekatuta dago eguzkitarako krema toxikorik saldu edo erabiltzerik. Zehazki, krema horietan egon ohi diren hamar osagai debekatu dituzte, tartean argi ultramorearen defentsa egiten duten oxebenzenoa eta oktinoxatoa. Tommy Remengesau Palauko presidenteak argi du: «Zientziak esaten digunean praktika batek koral arrezifeei edo ozeanoari berari kalte egiten diela, gure biztanleek eta turistek horretaz jabetu behar dute. Eguzkitako kremen produktu kimiko toxikoak aurkitu izan dira Palauko habitat berezietan». Marmoken Aintzira Unescoren Munduko Ondarearen zerrendako Rock Islands edo Haitz Uharteetan dago.

Palaurentzat Txinako herensugea ez da potentzia handi baten aurka altxatzen den lehen aldia. Espainiak Filipinak konkistatu zituenetik 1565ean, bere agintepeko izendatu zituen Mexiko eta Manila arteko uharteak, nahiz eta Guamen baino ez zuten sortu kokagune koloniala. Aita santuak 1885ean aitortu zion Madrili uhartearen jabetza, espainiar inperioaren gainbehera erabatekoa zenean. 1898an, AEBen aurkako gerra galduta, Madrilek Alemaniari saldu zizkion Palau, Karolina eta Mariana uharteak. Hala, lau kontinenteren menpeko lurraldea izan da XX. mendean: Europako kolonia hasieran, eta Japoniarena hurrena, I. Mundu Gerraren ostean. Kolonizazio indartsua egiten saiatu zen, eta II. Mundu gerraren amaieran sarraskiak ere egin zituen inperioak palauarren artean —urpekaritzaz gain, gerrako arrastoen bila etorri ohi dira turistak bazterrotara—. Asiatik Ameriketara, NBEkAEBen agintepeko fideikomiso izendatu zituen Mikronesiako uharteak 1947an, Palau barne.

Harremana Washingtonekin

Irla txikiak dira, eta biztanle gutxi daude, baina oso itsas eremu zabalean sakabanatuta daudenez, munduko potentziek interes handia daukate Pazifikoaren kontrolean. Horregatik, duela mende laurden independentzia lortu zuenean, AEBekiko lotura ez zuten erabat eten: dolarra darabilte, eta akordio berezia daukate Washingtonekin. Estatubatuarrek baseak dituzte Pazifikoan, eta trukean palauar, mikronesiar eta marshalldarrek AEBetan bizi eta lan egiteko eskubidea daukate. Horregatik, biztanleen zati handi bat Ameriketan bizi da. 2023an berrikusi behar da hitzarmena; Donald Trumpen migrazio politikek eragin kaltegarria izan lezakete, baina, Txinak eskualdean daukan interesa jakinda, oraindik ere potentziei komeni zaie uharte txiki horiek euren interesetan limurtzea.

Palauk, independentzia baino hamabost urte lehenago, 1978an lortu zuen autonomia; AEBen kontrolpean zeuden Mikronesiako beste uharteetatik aparte geratzea eta euren bidea egitea hobetsi zuten —besteek lau artxipelagoren federazio bat eratu zuten—. 1981ean, konstituzioa bozkatu zuten. Munduko lehen konstituzio antinuklearra izan zen: arma nuklear, toxiko, kimiko eta biologikoak erabiltzea zein gordetzea debekatzen zuen, eta ez zituen babesten AEBek Pazifikoan egindako proba nuklearrak. Ronald Reaganen administrazioari ez zitzaion gustatu Lapurdiren erdia den lurraldearen harrotasunezko adierazpena, besteak beste urpeko nuklearrak zerabiltzatelako ur haietan, eta arma nuklearren balizko biltegi modura ere ikusten zituztelako irlak. Erdialdeko Amerikako iraultza gerren erdian, pasarte askoz ezezagunago bat gertatu zen: Palauko lehendabiziko presidentea, Haruo Remeliik, 1985eko ekainean hil zuten, tiroketa batean. George Bush aita zen CIAko buru, eta ondo ezagutzen zuen zeinen leku garrantzitsuan dauden kokatuta uharteak: 1944an bertan egin zuen borroka, Pazifikoko batailarik odoltsuenetako batean.

Pazifikoan nuklearren aurkako mugimendua oso indartsu zegoen, hamarkadatako entseguen ostean. Remeliiken hilketatik aste eta erdira, beste potentzia nuklear batek, Frantziak, Rainbow Warrior Greepeaceren ontzia hondoratu zuen, saio nuklearren aurka protestatzen ari zela, kroskoan zerbitzu sekretuek eragindako leherketa bat zela medio. Kaledonia Berria eta Polinesiako Mururoan legez, AEBek beren deskolonizazio partikularra bultzatu nahi izan zuten, dena euren interesen menpe geldituko zela ziurtatuta. Konstituziotik klausula nuklearra kentzeko, hamabost aldiz bozkarazi zieten palauarrei. Mertzenarioek aktibista antinuklearren aurka tiro egin eta parlamentua inguratu zuten. Lazarus Salii Palauko bigarren presidenteari, AEBen aldeko txotxongilotzat jotzen bazuten ere —urte haietan Palaun bizi izandako Ed Rampell kazetariak dioenez—, burua leherrarazi zioten. «Ofizialki suizidioa izan zen, baina Salii paretik kentzeak—ezinezko baitzitzaion AEBek nahi zuten akordioa onartzea herritarrek— korapiloa askatu zuen Palauren debeku nuklearrak ezabatzeko. Hamabosgarren erreferendumean, AEBek nahi zuten hitzarmenak gutxieneko boto kopurua lortu zuen, 1994an, eta herrialdeak, subiranotasunez hautatutako horri uko egin zionean, paradoxikoki, independentzia lortu zuen».

25 urte geroago, independentziaren aldeko ospakizuna dago Koror hiri nagusiko ostiraleko azokan. Bi asterik behin egiten dute, herritarrek soldata kobratzen dutenean. Palaueraz dira aurkezpen gehienak, ingelesez ere ez dira gutxi. Uharte eta probintzia guztietako dantzari eta abesbatzak doaz. Janari palauarrez gain, Asiako hainbat txokotakoak ere badaude, eta ez daAEBetako produkturik ere falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.