Pastor
DARWIN ETA GU

Oran

2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Asteazkenean zuzeneko elkarrizketa egin zioten EITBn politikari bati. Joan da kazetaria, eta eskua luzatu dio agurtzeko. Gonbidatuak ez du hartu, eta azalpenak eman dizkio: koronabirusa dela eta, arriskutsua da eskua elkarri ematea.

Ostegun arratsaldean, bi gizon eta emakume bat, itxuraz lankideak, hizketan ari ziren Bilbo erdian. «Tira, agurtzeko ez diogu eskua emango elkarri, ezta?», esan du lehen gizonak. «Gutxienez, metro batera egon beharko genuke elkarrengandik», erantzun du bigarrenak. Andreak, barreka: «Hemen jakingo balute nondik gatozen...». Galdetu gogo dut, baina isildu egin naiz.

Elkarri eskua emateari utzi genion eguna izeneko iritzi artikulu bat idatzi du Natalie Nougayrede-k, The Guardian egunkari ingelesean. Izurria, Albert Camus frantsesak 1947an idatzi zuen nobela, ekarri du gogora. Camusen maisu-lanak Oran hiriko herritarrek (Aljeria) bizi duten egoera azaltzen du, izurriak jota dagoen bitartean. Koronabirusaren krisia lehertu zenetik Nobel saridunak idatzi zuen nobela gehiago saltzen ari dela eman du aditzera Nougayrede-k.

Fisikoki ez gaude Oranen, baina gure izurria, koronabirusa, gure bizimodua astintzen ari da, eta beldurrak esnarazten, han gertatu zen bezalaxe. Beldur egoista: ez gara ausartzen pertsona bati fardelekin laguntzera, eskuak ukitu eta kutsatuko garen beldur. Supermerkatuak husten ari gara. Beldur altruista: ez dugu gehiegi hurbildu nahi lagun batengana, hark senide edadetu eria duelako etxean. Eta guk ez dakigu benetan osasuntsu gauden, asintomatikoak izanik ere gaixo egon gintezke eta. «Ez dut pentsatu egin nahi nola jokatuko genukeen gerra izango balitz. Beharbada, honek lagundu egingo digu gerra sufritzen ari diren pertsonak ulertzen», jakinarazi dit lagun batek. Ez, guk ez dugu gerrarik. Gure gerra bakarrak izan beharko luke itsukeriaren, portaera irrazionalen eta norberekoikeriaren kontrakoa. Hala ere, duintasunaren eta elkartasunaren aurkakoa izan liteke. Hautua gurea da.

Halako uneetan ageri da nolakoa den gure gizartearen kohesioaren sendotasuna, gure elkartasuna. Gure erantzukizun sozialak dakartzan ardurak eta konpromisoak. Eta gure kontraesanak. Eskuzabalak izatearen ospea dugu euskaldunok, baina, gustatu edo ez, Europa Hegoaldean bizi gara. Kultura katoliko eta latinoan. Onerako eta txarrerako. Horretan ez gara larregi bereizten inguruko herrietatik. Oso tribalak gara —gureak eta gutarrak nahi ditugu—, estatuari ahalik eta gehiena kendu nahi diogu, eta ahalik eta gutxiena eman —kontzientzia fiskal ahula dugu horren adibidea—.

Hala eta guztiz ere, oraingoa bezalako egoeretan inoiz baino nabarmenagoa da zerbitzu publiko duinen garrantzia. Konturatuko al gara zergak ordaintzeko garaietan? Nork artatuko gaitu, koronabirusak jotzen gaituenean: gure kirolariek ala osasungintza publikoan gero eta baldintza txarragoetan lanean ari diren profesionalek? Nori ari zaizkio deitzen erakundeetatik gure bizia salbatzeko: mediku eta erizain erretiratuei ala gure idolo gazte aberats berriei?

Alarma egoeran dugu Euskal Herri penintsularra. Aste latzak iragarri dizkigute agintariek. Krisialdi larrietan guregandik zer esperoko zuen adierazi zuen Bernard Rieux doktoreak Camusen liburuan: «Izurri garaietan ikusi egiten dugu gizakiengan gauza gehiago daudela miresteko, arbuiatzeko baino». Koronabirusa etorri eta joan egingo da, izurria legez. Berriro besarkatuko dugu elkar. Eskuak luzatu eta hartuko ditugu. Eta musuak emango dizkiogu elkarri. Komunitate zentzu handiagoa sortzeko balioko du?

Greziako uharte batean irakurri nuen, aspaldiko uda batean, Izurria. Gallimard argitaletxeak kaleratutako liburu zahar hura etxean dut oraindik, haren orri zahar horixkak apalean. Duela hilabete eskas, liburuaren edizio berriago bat utzi nion lagun bati. Gehien jotako euskal probintzian bizi da. Koronabirusarekin gertatzen ari dena gogorarazi diola esan dit. Izan ere, Gasteizkoa da. Izan ere, Oran hemen dugu orain.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.