Angel Ibisate Lozares. Apaiza eta euskaltzalea

«Inoiz ez dut esango zerk bultzatu ninduen euskaraz ikastera»

Joan den martxoaren 6an hil zen Ibisate, eta hobira zenbait sekretu eraman ditu, baina hil aurretik emandako elkarrizketa honetan kontu jakingarri ugari aletu zituen bere bizitza joriaz.

ZALDIEROA.
Miel Anjel Elustondo
Gasteiz
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Zaharra ez da izandakoa, luzaroan dena baizik, Jon Sarasuaren hitzetan. Eta horrelaxe gure zaharrak, andre eta gizon, hango eta hemengo zahar-etxeetan baztertuak, memoriaren zaindari hil arteraino. Horietakoa genuen Angel Ibisate Lozares. Hiru aldiz izan ginen berarekin otsailean,martxoaren 6an Heriok eramango zuela batere uste ez genuela. Hala ere, gogoan josita daramagu haren galdera argazkiak erakutsi genizkionean: «Zein argazki jarriko zenuke zuk ni hiltzen naizenean?».

60ko hamarkadaren amaieran Gasteizko euskararen mugimenduaren barruan ageri da zure izena, Juan Bautista Gamiz irakasle taldeko kide.

Sabandoko idazlearen omenetan eman genion izen hori taldeari. Hamabosten bat lagun izango ginen. Koroatzeko parrokiaren etxean biltzen ginen, sotoan. Taldearen sustatzaile agertzen nintzen! Polizia zelatan zegoen beti, eta neuk ematen nuen aurpegia udalaren eta gotzaindegiaren aurrean. Gizon zaildua nintzen ordurako, eta sotanaz jantzia nenbilen. Eta sustatzaile! Uste dut udako ikastaro batean hasi ginela taldea osatzen. Nik ez nuen euskara ikastaro askorik egin, gutxi estudiatu nuen. Segituan hasi nintzen eskolak ematen. Ikastaroaren aurkezpena egin zen Jesus Obrero ikastetxean. Gogoan dut Gontzal Fontanedak eta biok egin genituela sarrerako hitzak. Orduantxe sortu zen Juan Bautista Gamiz irakasle taldea.

Euskarazko eskolak eman zenituen…

Bai, baina lehen mailakoak besterik ez. Mezak ere esan nituen euskaraz, San Antonio kaleko komentuko beheko kaperan. Ez dakit nor arduratzen zen gazteen meza haietaz. Meza esateko eskatu zidaten, eta esan nituen meza batzuk, cum amore et tremore! [Maitasunez eta begirunez].

Batzuetan Angel irakurri dut zure izena. Beste batzuetan, Aingeru…

Juan Bautista Gamiz irakasle taldearen bileretan-eta, Aingeru nintzen. Eta ez pentsatu ez zitzaidala gustatzen. Baina Angel dut grazia, ponteko izena. Parte Zaharrean jaio nintzen, kasik Hedegile kaleko gorenean, Vegako amabirjinaren auzoan. Apaizgaitegira joan nintzenean, oraingo apaiztegi berrira, goizean egunero leihora atera eta xukaderarekin agurtzen nuen ama. Orduan ez zegoen hainbeste etxe eta hainbeste traba!

Gerraondoa ezagutu zenuen…

Askorik ez ondorioak. Aita ez zegoen saltsan sartuta. Lana besterik ez zuen egiten. Lan eta lan. Babes-etxean lan egiten zuen, zoroetxeko zaindari zen. Bestalde, kapela zale makurra zen.San Antonio kalean Etxaniz kapela denda zegoen. Kapelak egiteko makinak ere bazituen! Aita zoroetxeko zaindari zen, baina kapela zuen ametsa. Etxanizek denda itxi zuenean, aita etxeko ganbaran kapelak egiten hasi zen.

Nola zuen izena aitak?

Alejandro.

Alejandro Ibisate. Bigarren deitura?

Lehen deitura besterik ez zeukan. Inklusakoa zen-eta; haur abandonatua. Herrien izenak jartzen zizkieten deitura. Hainbat jende ezagutzen dut deitura bakarra duena. Ama, berriz, Victoria Lozares zen, burgostarra, Burebakoa. Langile amorratua hura ere. Etxean, gauez, soldaduentzako alkandorak egiten jarduten zuen. Azken aldera, josteko makinarekin egiten zuen lan, eta nik pedalari eragiten nion. Armadaren ofizialordeen egoitzan garbiketa lanak ere egiten zituen.

Apaizgaitegira joan zinen.

Bai, behar baino urte bat lehenago. Aurreratuta nenbilen. Samaniego eskolan ikasi nuen, eta, han, bigarren mailatik seigarrenera aurreratu ninduten. Fernandez de Medrano arkeologoa nuen irakasle. Ikaragarri gustatzen zitzaidan irakurtzea. Nire adinekoek kalean jolas egiten zuten. Nik, aldiz, irakurri. Batxilergoko bi ikasturte, marianistek emandako beka batekin egin nituen.

1956an apaiztu zinen…

Erroman egin nituen ikasketak, eta apaiztu ere bertan, baina bi urte itxaron behar izan nuen, gazteegi nintzelako. Apaiz izateko adinik ez! Halako batean apaiztu nintzen, horratik!, Laboa monsinorearen esku hartzeari esker, adin dispentsaren bitartez, baina gotzainaren gogoaren kontra. Peralta zen gotzaina denbora hartan. «Frantzisko Peralta Ballabriga, ¡a quien Dios confunda!» [Jainkoak nahas dezala!], esan ohi nuen nik. Kar, kar... Orain txantxetan esaten dut, baina garai hartan benetan esaten genuen. Aragoiarra zen. Ez nintzen harekin oso ondo konpontzen. Edo bera ez zen nirekin oso ondo konpontzen. Niri buruzko informe txarrak jaso zituen Erromako espainiar ikastetxetik, han bizi bainintzen, eta apaiztu eta hona etorrarazi ninduen, doktore tesia gabe. Peraltak Uribarri Jauregi eta Gereñu eman zizkidan destino.

Eta zer moduz moldatu zinen zure lehen apaiz destinoetan?

Bi urte eman nituen bi herri horietan, baina, nonbait, han ere ez nuen gotzainaren gustua egin, eta Sabandora [Arabako Mendialdea] bidali ninduten, zigorturik. Arrazoi politiko edo sasi-politikoak izan ziren tarteko. Arabako diputatu bat Gereñuko eliztarra zen eta, inondik ere, nik esandakoek, Francoren totalitarismoaren kontra eta, ez zituzten haren belarriak goxatzen. Gotzainaren aurrean salatu, eta Sabandora bidali ninduen! Arabako herririk ederrenetakoa. Zoriontsu izan nintzen han, nire biziko urterik onena izan zen.

Gero, berriz, Mataukura destinatu ninduten. Orduan ere, Peralta! Gasteiz inguruko herri bat eskatu nuen, amarenean bizi ahal izateko. Libre zeuden herrien zerrenda gotzaindegikoei eman eta, haiek, zerrendatik kanpo utzia nuen herrira bidali ninduten! Kar, kar...

Peralta gotzaina ibili duzu hitzean eta hortzean. Artean 1976an, Martxoaren 3ko hilketen ondoko hileta meza berak esan zuen, eta kontra ere egin zioten eliza barruan bertan…

Hor bada historia bat oraindik idatzi ez dena... Hileta horrena. Homiliari dagokionez, neuk idatzi nuen. Egun hartan [1976, martxoak 5] apaiz batzar bat egin zen, arratsaldeko meza prestatzeko; homilia, batez ere. Gotzainak, batzarrak prestatutako homilia irakurriko zuela hitz eman zuen. Nik, bezperan, hainbat ordu kendu nizkion loari, neure buruarentzat idazten jardun nuen, nik egoera hartan zer esango nukeen paperean jartzen. Bilkuran, homiliaz ari ginela, bezperan idatzitakoa irakurri nuen denen aurrean. Eta batzarrak erabaki zuen gotzainak huraxe irakurri behar zuela. Eta irakurri zuen, baina aldaketa batzuk eginda.

Zer zioen homiliak?

Hildakoen defentsa egiten nuen, eta poliziaren kontrako akusazioa, jakina. Gogoan dut idatzitako orri batzuen atzealdea aprobetxatuz idatzi nuela homilia hura, begietatik malkoak zerizkidala. Azkenean, nekez bada nekez, eta geuk behartuta, Peraltak uko egin zion karguari. Ez, uko egin ez, bota genuen! 1979ra arte izan genuen hemen.

1976ko Martxoak 3, Gasteiz. Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan gertatu zena ikusi zenuen?

Ez nengoen bertan, baina gertatua jakin eta gero, notario bat hartu eta elizara joan nintzen, barruko tiroen, balen eta txikizioaren akta jasotzera. Abokatu batekin lan egiten nuen, Ramon Bajorekin, eta harremana nuen zenbait notariorekin.

Apaiz zinena, lanean abokatu bulegoan?

Bai, bada! Ez nuen estatuaren soldatatik bizi nahi. Uste dut apaiz guztiok egin beharko geniokeela uko estatuaren diruari! Nik uko eginagatik ere, gotzaindegiko arrain arraioek niri soldata emateari eutsi zioten. 5.000 pezeta ziren, «adskripzio sari» omen, konstata zedin ni oraindik gotzaindegiaren mendeko nintzela.

Zamorako apaizak ekarri dizkidazu gogora, gotzainarekin ez ezik estatuarekin ere izan zuten borroka. Periko Berrioategortua-eta.

Periko? Ikaskide izan nuen apaizgaitegian. Lehenengoetakoa izan zen abade langileen artean. Freskagarri banaketan jardun zuen, besteak beste. Zamorako kartzelakoak eta. Gogor izeneko taldea! Banaketa baino lehen elizbarruti berekoak ginen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako apaizak, baina «arrazoi pastoralak» medio, ez, hala ere, arrazoi politikoak medio [ironiaz], banatu zuten elizbarrutia, gu guztiok izorratzeko, ez zedin ezer egin, ez zedin Euskal Herria herri batua izan.

Hainbat artikulu dituzu idatziak, Arabari eta euskarari lotuak haietarik asko.

Gasteizko apaizgaitegiko bibliotekan jardun nuen sasoikoak dituzu horiek. Han ibili nintzen, eta, bereziki, liburu zaharren atala zuzendu nuen: inkunableak eta XVI. mendeko eta XVII. mende hasierako liburuak. Bibliotekako atalik garrantzizkoena duzu. Handik, hau eta hura idazten hasi nintzen. Esate baterako, gauza txiki bat, euskarazko zin-egite formula bati buruzkoa, XVI. mendean Araban ibili izan zutena: «Bai, ziertu». Artikulua argitaratu zidaten, eta gustura ni! Gero, beste hainbat artikulu ondu nituen. Ahal izan dudan ekarria egin diet euskarari eta euskal historiari. Ez da gauza handia izan, baina saiatu naiz zer edo zertan.

Aizu, eta zu, zerk jarri zintuen euskararen aldeko lanera?

Euskararen aldeko lanera, ez: euskaraz ikastera. Inoiz ez diot inori esan, eta ez diot esango. Eta idatzita ere ez dut utziko, ez dezan inork testamentutzat hartu. Ez dut esango. Nire sekretua izango da, betiko.

Bai, ziertu!

Horixe! Kar, kar...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.