Katalunia. Euroaginduak. IRITZIA

Beste makilakada bat opor aurrean

Carme Porta Abad - Kazetaria

2018ko uztailak 20
Europan, badirudi azkenetan dagoela buruzagi katalanen kontrako kausa. Pablo Llarena instrukzio epaileak bertan behera utzi ditu estradizio eskaerak, Schleswig-Holsteingo Auzitegiaren jakinarazpenaren ostean; izan ere, horren bidez, Alemaniako auzitegiak baztertu egin zuen Carles Puigdemont estraditatzea matxinada eta sedizioa egotzita; diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita soilik baimendu zuen.

Llarenak auto bat idatzi du, eta argi eta garbi adierazi auzi horrek ondoeza eragin diola; konpromisorik ez izateaz ere akusatu du Alemaniako auzitegia, eta epaitze prozedura paralelo bat egin izanaz, instrukzioak emandako informazioa kontuan hartu gabe. Baztertu egin du Europako Batasunaren Justizia Auzitegira jotzeko aukera, eta azaldu du Alemaniakoak ez duela jokatu lankidetza polizialerako eta judizialerako esparru erabakiaren arabera.

Estatuko fiskaltzak, berriz, askatasuna ukatu die berriro independentista presoei, eta kritikatu egin du Schleswig-Holsteingo Auzitegiak Espainiako jurisdikzioan esku hartu izana. Beste makilakada bat izan da Llarenak esku artean darabilen epaitze prozeduran, eta agerian utzi du, berriro ere, irizpide politikoak erabiltzen ari direla, eta ez soilik juridikoak. Puigdemont presidentearen abokatu Jaume Alonso Cuevillasek nabarmendu zuen, hain zuzen, joan den urriaren azkeneko asteetan fiskaltzak kereila bat soilik jarri zuela, desobedientziagatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik, eta matxinadagatik, berriz, Kataluniako Parlamentuan independentzia deklaratu eta gero soilik jarri zuela.

Hala, hasiera-hasieratik, irekita dagoen prozesu horrek deklarazio politiko bat izan du erdigunean, zeina abiaburutzat harturik asmatu baitute azpikeriazko kontakizun bat, inolako loturarik gabeko egintzak elkarrekin harilkatuz, akusazioei eustearren. Akusazio zentzugabe bat dugu aurrez aurre, zeren kontseilariak, presidentea, Carme Forcadell Parlamentuko presidentea eta beste buruzagi batzuk soilik akusatzen baitituzte matxinadagatik, Parlamentuko deklarazio bat oinarritzat harturik, zeinak ez baitakar inolako indarkeriarik, ez bada debate bat hemizikloan —debate suhar bat, hori bai—.

Erreferendum deialdia eta erreferenduma egitea bera egintza kriminaltzat jo dituzte estatuak eta instrukzio epaileak berak, nahiz eta egiaz esaten ari diren konstituzioaren kontrako proposamenak izan daitezkeela, baina Zigor Kodean jaso gabekoak. Auziaren ondoriozko manifestazioetan indarkeria egon dela ere asmatu dute kontakizunean, eta hainbat pertsona epaitu eta pertsegitu dituzte beren iritzia emateagatik edo manifestazioetan agertzeagatik soilik —Pablo Hasel, Valtonyc, Tamara Carrasco, Adria Carrasco...—. Horrek guztiak erakusten du handia dela Kataluniaren aurreko gobernuaren kontrako prozesuaren politizazioa eta prozesu ezinago demokratiko eta parte hartzaile batekiko kontrakotasuna.

Alemaniak bere ordenamendu juridikoan jasoak ditu bi figura, Hochverrat —matxinadaren baliokidea— eta Landfriedensbruch —ordena publikoa nahastea—, baina ez dira, inondik ere, matxinada eta sedizio delituen antzekoak —biak ere indarkeriazko altxamendu gisa jasoak—; horietaz akusatu dituzte erbestean eta kartzelan dauden buruzagi politiko katalanak.

Hala, koherentziaz jokatu du Alemaniako auzitegi horrek. Llarena, atzera eginez, erakusten ari da erabat legez kanpokoa dela irekita dagoen prozesua, karguak kendu ez baina bertan behera utzi baitu Europako atxilotze agindua, eta horrek lege oinarririk gabe utzi ditu egotzi nahi dituen delituak. Udan, gori-gori segituko du giro politikoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna