ANALISIA

'Zenbat eta okerrago...', hobe?

Igor Susaeta - Berriemaile berezia Madrilen

2019ko otsailak 23
Kataluniako bi indar subiranista nagusiek 2017ko urritik gaurdaino prozesua kudeatzeko eduki duten moduarekin ados ez dauden inpendentistek, horietako batzuek, behintzat, bere egin dute Mariano Rajoyren lapsus linguae-etako bat: «Zenbat eta okerrago... hobe». Joera berri samarra da, dena dela, Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko kontaktuen konkrezio faltatik edaten duena. Tesi hori defendatzen dutenen eta, oro har, independentisten iritziz, auzipetu subiranistak desobedientziagatik soilik zigortzen ez badituzte, independentista kopuruak gora egingo du. Gauza bera gertatuko da, horiek guztiek ahots bakar gisa diotenez, Madrilek berriro 155.a ezarri eta errepresioa areagotzen baldin badu.

Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetara deitu zuen Rajoyk berak duela hamasei hilabete. U-1eko gertakarien ondoren egin zuen deialdia. Urri amaieran erbesteratu ziren zenbait agintari subiranista, eta beste batzuk kartzelatu egin zituzten erreferendumaren ondorengo asteetan. Hauteskunde haietan 2015ekoetan baino 112.832 boto gehiago eskuratu zituzten indar independentistek. Igoera ez zen oso nabarmena izan, aintzat hartuz gero aurreko asteetako gertakarien, hau da, errepresioaren inpaktua. Gehiengoari eutsi zioten arren, bi eserleku galdu zituzten legebiltzarrean. Hori azaltzeko, independentisten argudio nagusia da emaitzak hobeak izango zirela kanpaina baldintza beretan egiten utzi izan baliete, 155.aren mehatxurik gabe utzi izan baliete plazara ateratzen. Katalunian berriro hauteskundeak egiten badira —Quim Torrak ez ditu baztertzen, inondik ere—, ezustean harrapatu zituen erreakzio errepresibo batek baino eragin handiagoa edukiko du hautetsontzietan aspalditik ia-ia idatzitzat jotzen duten epai batek?

Epaia absoluzioa ez baldin bada herri mobilizazio sendoak eta iraunkorrak egitea proposatzen dute. Epaiketa eta epaia gorabehera, «eskubide zibilen eta politikoen aldeko martxa bat» gauzatzera deitu zuen Torra presidenteak, bere aldetik, joan den irailean. Oraingoz ez dute halakorik egin... Jordi Matas Bartzelonako Unibertsitateko zientzia politikoetako katedradunak «erabateko kaosa» sortzeko ideia plazaratu zion BERRIAri joan den irailean; soilik modu horretan erreakzionatuko dutela Madrilek eta Bruselak. Errepresioa salatzeko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko orain arte egindako mobilizazioak sendoak izan dira, bai —kasurako, herenegungoa—, baina ez dira iritsi erabateko kaosa sortzera; iraunkorrak ere ez dira izan. Prozesuak berak eta ondorengo errepresioak higadura handia eragin dutela ez da gezurra. Baina egia da independentismoa, hori hezurmamitzen duen gizarte zibila, ideologikoki osasuntsu dagoela, espazio horren hegemoniagatik alderdiak edukitzen ari diren borrokak —eta barne lehiak— gorabehera.

Inkestek diotenez, katalanen %80k konponbide bat eman nahi diote auziari, Moncloarekin adostutako erreferendum baten bidez. Baina %80 horiek ez dute erabateko kaosik nahi; ezta aurreko bozetan indar subiranistei botoa eman zieten %47,5 horietatiko askok ere. Konturatu dira Espainiako Estatuak asmo demokratikoak konponbidean jartzeko hautatzen duen bideak 1975ean bukatutako erregimenaren maneretara zuzentzen duela... ERCren diskurtsoa kaosaren kontrakoa da, eta convergenteen bozkatzaileen artean burgesia nabarmendu izan da historikoki, nahiz eta azkeneko urte eta erdian bestelako profileko herritarrak erakarri dituen, errepublika gauzatzeko Esquerrak baino urgentzia handiagoa adierazi baitu; publikoki, behintzat.

Eskuinak eta eskuin muturrak osatutako ardatza Moncloara iritsiz gero, errepresioak are gehiago blaitutako jokaleku autonomiarik gabeko bat irudikatzen dute kale edo balekoaren defendatzaileek. Duela urte eta erdi, independentista askok uste zuten galdeketaren ondoren EBk esku hartzera behartuta ikusiko zuela bere burua. Erreferendumeko gertakari biolentoen harira, hura The shame of Europe (Europako lotsaizuna) izan zela nabarmendu zuen CNN telebista kateak. Baina egin kontu zer gertatu den urte eta erdi geroago: joan den astelehenean Torraren eta Carles Puigdemonten hitzaldi bat Europako Parlamentuaren eraikineko gela batean egitea debekatu zuen Antonio Tajani ganberako presidenteak. Oraindik ere badago konfiantzarik Bruselak elkarrizketa behingoz bideratzeko egin dezakeenari dagokionez. Baina alde horretatik gutxienez zerbait gertatzeko, itxaropen hori elikatzeko, gehiengo handiagoa beharko du independentismoak. Dena den, estatuen lobby bat da EB, eta, kasu honetan, Espainia da estatua.

Beraz, ikusteko dago zer mezu zabalduko duten ERCk eta convergente berrien espazioak, izan JxC Junts per Catalunya, PDeCAT edo Crida, hurrengo hauteskundeei begira. Negoziazioarekin tematuta daude —bai auzitegian akusatuak, baita kanpoan agintariak ere—, eta litekeena da horri eustea, eta herritarren %47,5en babesa ere ez duen kaosa baztertzea. Baina jadanik badakite ezen, horretarako, Pedro Sanchezek Ciudadanos gabe iritsi beharko lukeela Moncloara. Eta badakite zeintzuk diren, gaur-gaurkoz behintzat, Oriol Junquerasek aipatutako «aulki hutsean» eser daitekeenaren marra gorriak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna