Katalunia. Independentziarako bidean

«Buruan, hautsi dugu Madrilekin»

A-9aren ostean, erronka berri bat daukate orain Kataluniako herri mugimenduek: igandean kalera ateratako bi milioi pertsonak aktibo mantentzea.

Igandean bozkatu ezin zutenek hilaren 25era arteko tartea dute. SAMARA VELTE.
Samara Velte.
Bartzelona
2014ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Azaroaren 9a igaro eta bi egunera, ilara luzeak daude oraindik Bartzelonako Palau Roberten. Arrazoi batengatik edo bestearengatik igandean bozkatu ezin izan zutenek hilaren 25era arteko tartea dute agiriak aurkezteko. Bozketaren osteko gertaerak euren botorik gabe ere aurrera doazen arren, iritzia adierazi nahi dute. «Egia esan, esperantza gutxi daukat erreferendum honek epe laburreko ondoriorik izateko», dio ilaran dagoen Joshua Ruizek. Igandean lana egin zuelako joan da orain bozkatzera: «Bistan zen baiezkoak irabaziko zuela. Beste kokoteko bat izango da [Mariano] Rajoyrentzat; haserretu dadila pixka bat gehiago, eta emango diote eman behar diotena hauteskunde orokorretan».

Ideia hori nahiko zabalduta dago Kataluniako herritar askoren artean: orain bozkatu, eta gero erabakiko dute instituzioetan. Paula Garcia gaztearentzat, kezkagarria da jarrera hori: «Nik hauteskunde aurreratuak espero ditut, ez naizelako fio orain independentziara eramango gaituztela diotenekin. Azkenean, honen guztiaren helburua hori da, ezta? Mapa aldatzea, gizarte berri baterantz mugitzeko». Artur Masek agindutako bide orrian, galdeketaren hurrengo urratsa horixe zen: bozak aurreratzea. Berriz Espainiarekin erreferendum bat negoziatzearena berria dela dio Garciak: «Soilik espero dut ez dutela itunik egingo Estatuarekin, gertatu den guztia eta gero! Jende asko geratu da botoa eman gabe, gorputzean sartu dioten beldurragatik».

Atzeko emakumea sartu da elkarrizketan: «Bai, bai. Gure ezkaratzean lau aldiz itsatsi behar izan nuen bozketari buruzko informazio panela, bizilagunen batek behin eta berriz kentzen zuelako».

«Kalean geratuko dira»

Mugimendu independentistako kide den Albert Segurak ere atzo eman zuen botoa. Eguerdian ANC Kataluniako Biltzar Nazionalaren egoitzan zegoen, beste bi independentista gazterekin batera: David Hernandez eta Arnau Mayansekin. Mahai gainean, galdera nagusi bat: hemendik aurrera, zer egin kalera atera diren bi milioi lagunekin? «Bistan da independentistak ez ziren pertsona asko ere atera direla oraingoan, protesta egitera bada ere», dio Segurak. «Lehen politikan sartzeko gogorik ez zeukan jende asko nazkatuta dago Espainiarekin, eta horregatik mugitu da». Herritar horiek antolatutako mugimenduetara gerturatzeko ere balio izan du Azaroaren 9ak. «Ziurrenik, asko ez ziren jabetu egiten ari ginena, funtsean, debekatutako zerbait zela. Desobedientzia ekintza bat izan da», azaldu du Hernandezek.

Mayansen ustez, ezinezkoa da igandean mugitutako guztia ezerezean geratzea: «Maila psikologikoan, gure buruetan, hautsi egin dugu Espainiarekin. Eta horrek ez du soilik egoera politikoan eragingo. Bi miloi lagun kalera ateratzen direnean, horrek eragin soziala ere izan behar du derrigor. Ez dut uste soilik independentziarekin konformatuko direnik; behin kalera irtenda, estatu berri hori nolakoa izango den ere erabaki nahiko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.