Izan zitekeena eta izan ez dena

Alavesek ilusioz gainezka ekin zion urteari, baina gogogabetu egin da hilabeteek aurrera egin ahala. Europan sartzeko aukera galdu zuen lehenik, Abelardorekin; orain, lanak izaten ari da Asier Garitanoren ideiara egokitzeko. Akatsak egin dira bulegoetan, eta taldeak ordaindu egin du zelaian.

Lucas Perez aurrelaria izaten ari da sasoi honetan Alaveseko izarra. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Ez hotza, ez beroa. Halakoa izan da 2019a Alavesentzat. Mailari eutsi zion aurreko denboraldian, eta jaitsiera postuetatik at iritsi da neguko etenaldira. Konplitu du, beraz. Baina besterik ez. Urte gogoangarria izan zitekeen, Europan sartuta eta Abelardoren proiektua finkatuta. Haatik, ez da ez bata ez bestea gertatu. Arabarrak amildu egin ziren apirila eta maiatza bitartean, eta prestatzaile espainiarrak ez zuen onartu Gasteizen segitzeko jasotako eskaintza.

Asier Garitanok hartu du haren lekukoa, eta, bergararraren gidaritzapean, zalantzati eta gorabeheratsu aritu da taldea. Bolada txarrean bukatu du urtea: Kopatik kanpo utzi du Hirugarren Mailako Jaenek, eta puntu bakarra batu du ligako azken lau norgehiagoketan. Edonola ere, jaitsiera postuekiko bost punturen aldearekin joan da oporretara.

EZIN GOIARI EUTSI
Europarik ez

Urteari modurik onenean ekin zion Alavesek: Valentziari 2-1 irabazita eta Txapeldunen Ligako postuetan sartuta. Gero, lau jardunaldi kateatu zituen irabazi gabe, eta hurrena, sei galdu barik. Hori horrela, bosgarren postuan iritsi zen ligako azken hamar partidetara. Arabarrek merezi zuten Europan aritzeko saria, hirugarren jardunaldiaz geroztik lehen zazpi sailkatuen artean egon eta gero. Alabaina, agortu egin zitzaien erregaia, eta, hala, egundoko txakalaldia izan zuten: jokoan izandako azken 30 puntuetatik sei baino ez zituzten poltsikoratu. Gauzak hala, hamaikagarren postuan bukatu zuten denboraldia.

Gasteiztarrei min egin zien Ibai Gomezen irteerak —Athleticera joan zen urtarrilean—. Baita etxeko sendotasuna galdu izanak ere. Mendizorrotzan galdu gabe bederatzi hilabete zeramatzatela, 0-1 gailendu zitzaien Rayo. Geroztik, puntuek erruz egin zieten ihes. Aurretik jarri ziren Eibarren, Leganesen eta Valladoliden aurka, baina puntu bakarra batu zuten azkenean. Eta esku hutsik gelditu ziren Atletico Madrilen, Bartzelonaren eta Realaren kontra. Hartara, ezin izan zuten gauzatu hamazazpi urteren bueltan Europara bueltatzeko ametsa.

ABELARDOREN AGURRA
Aro itzel baten amaiera


Sasoi bukaera mikatzak ez zion distira kendu Abelardo Fernandezen aroari. Espainiarra 2017ko abenduan iritsi zen Gasteizera, taldea kinka larrian zela, eta goiko postuen borrokan sartu zuen urte eta erdi eskasean. Harekin, sufritu gabeko bi salbazio lortu zituen Alavesek, eta, hala, egonkortu egin zen onenen artean. Hori horrela, klubean jarraitzeko eskaintza egin zioten agintari arabarrek. Prestatzaileak, ordea, ez zuen onartu, arrazoi pertsonalak eta kirol mailakoak tarteko.

Bigarren horien artean, Sobrinoren eta Ibairen irteerak nabarmendu behar dira. Haien galerak Abelardoren ezinegona piztu zuen, eta, hala, gaiztotuz joan zen Josean Kerejetarekin zuen harremana. Tirabira izan zen azkenean. «Berak eskatu digun soldata Alavesen ahalmen ekonomikotik harago doa. Gehiegi zen. Egun irabazten duena halako bi baino gehiago eskatu zigun», adierazi zuen apirilean Alavesen jabeak, Abelardok ez zuela jarraituko baieztatzearekin batera. Halaber, esan zuen denboraldia ez zitzaiola «hain ona» iruditu. Entrenatzailea ez zen ika-mikan sartu, baina giroa erabat zapuztu zen. Bestelako agur bat merezi zuen espainiarrak.

OSAKETA DESOREKATUA
Batzuk faltan, beste batzuk soberan


Agintari arabarrek berehala aurkitu zuten Abelardoren ordezkoa. Klubaren filosofiarekin bat zetorren norbait nahi zuten, eta Asier Garitano izan zen aukeratua. Jokoari dagokionez ere, hautu logikoa izan zen, Abelardoren antzeko estiloa baitu bergararrak. Azken garaietan, sendotasunaren bidetik lortu ditu arrakastak Arabako taldeak, eta ezaugarri hori ororen gainetik jartzen du Garitanok. Lemazain egokia zirudien arabarren ontzia behar bezala gidatzeko. Tripulazioaren osaketa, ordea, ez da behar bezalakoa izan. Izan ere, hutsuneak daude postu askotan, eta taldeak nabaritu egin ditu jardunaldien joanean. Kirol zuzendaritzak bete-betean asmatu zuen Lucas Perez eta Joseluren fitxaketekin, baina aurrelarien jardun ikusgarriak ez ditu Gasteizko taldeak egindako plangintza akatsak estaltzen.

Agintariek ez zuten inbertsio handirik egin nahi, eta, horrekin batera, kirol zuzendaritzak ezin izan zituen saldu taldean tokirik ez zuten jokalariak. Horietako bat John Guidetti da. Hura taldean geldituta, bidea itxi zaio etorkizun oparoa duen Ermedin Demirovici. Suediarraren soldata handiaz libratu ez direnez, bestelako fitxaketak egiteko tarterik gabe gelditu dira. Hegaletan jokatzeko, Vidal, Burke eta Rioja fitxatu zituzten, baina ez da nahikoa izan Jonyk eta Ibaik utzitako zuloak betetzeko. Zelai erdian ere, nabari da hutsunea, batik bat Pinak luzerako min hartu eta gero. Ez da kopuru kontua, Pinaz gain beste bost erdilari baitaude taldean: Manu Garcia, Wakaso, Pons, Javi Muñoz eta Dani Torres. Aitzitik, batek ere ez ditu Pinaren ezaugarriak, eta, gainera, azken biek ez dute tokirik Garitanoren planetan. Egoera berean daude Tachi eta Rafa Navarro atzelariak.

BI AURPEGI OSO EZBERDIN
Etxean bale, kanpoan kale


Zifrei begiratuta, denboraldiaren lehen erdia ez da horren txarra izan Alavesentzat. Izan ere, urtea hamabosgarren postuan bukatu du, hemeretzi puntu dituela, eta jaitsierarekiko ia bi partidako aldea duela. Zelaiko jardunari erreparatuta, ordea, zalantzak piztu ditu. Etxean nahiko txukun moldatu da: hamabost puntu batu ditu bederatzi lehiatan, eta bost gol besterik ez ditu jaso. Arazoa etxetik kanpo dauka. Partida bakarra irabazi du Gasteiztik urrun—Ipuruan, Eibarren aurka—, eta zazpi galdu ditu. Horietako asko, astindua jasota: kasurako, 4-2 galdu zuen Osasunaren kontra, 4-1 Bartzelona eta Vila-realen aurka, eta 3-0 Granadarekin eta Realarekin. Denera, 23 gol jaso ditu bisitari gisa, beste inork baino gehiago. Datu oso kezkagarria da, batez ere defentsako jarduna erdigunean duen talde batentzat. Laguardiak behera egin du azkenaldian, eta gainontzeko atzelariak ere trinkotu ezinik dabiltza.

Erasoko jokalariei ere badago zer leporatu. Izan ere, sormena eta sakontasuna falta zaizkio taldeari. Ez, ordea, eraginkortasuna, Lucas eta Joselu indar betean dabiltzanez gero. Dagoeneko hamabost gol sartu dituzte bien artean; alegia, haien sinadura izan dute Alavesek orain arte egindako golen erdiek baino gehiagok.

AMAIERA MAKURRA
Kopako kolpe gogorra


Gorabehera handiak izan ditu Garitanoren taldeak. Txukun hasi ostean, hiru porrot kateatu zituen Sevillaren, Realaren eta Athleticen aurka. Derbietan itxura penagarria eman zuen, eta zenbaitek kolokan jarri zuten teknikari bergararraren etorkizuna. Hortik aurrera, goranzko joera hartu zuten arabarrek, eta azaroan, bi garaipen lortu zituzten jarraian, Eibarren eta Valladoliden aurka. Goia jo zuten, gero behea jotzeko. Izan ere, urtea oso modu txarrean bukatu dute. ligako azken lau partidetatik hiru galdu eta bat berdinduta. Are mingarriagoa izan da Espainiako Kopako lehen kanporaketan kalean gelditu izana, Hirugarren Mailako aurkari baten kontra. Jaenen zelaian une handiak bizi izan ditu Alavesek, baina estropezu handia izan zuen Kopan. Hori horrela, ataka estuan gelditu da Garitano.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.