Ahaztezina eta aldakorra

Amaitu berri den urtea ahaztezina izan da Realarentzat, Espainiako Kopa irabaztea lortu baitzuen Granadan, Atletico Madrilen aurka. Aldaketen urtea izan da, berriz, Athleticentzat; izan ere, lau denboraldiren ostean, Joseba Agirrek entrenatzaile kargua utzi zuen, eta Angel Villacampa izan da haren ordezkoa.

Angel Villacampa Athleticeko entrenatzailea. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Emakumeen futbolaren gorakada agerikoa izan da azken urte honetan, eta haiekin batera hazten segitu dute Realak eta Athleticek. Txuri-urdinek beste mugarri bat jarri zuten, lehen titulua irabazita: Espainiako Kopa. Athleticek, berriz, beste bultzada bat eman dio proiektuari, gero eta zailagoa den ligan lehiakor izaten segitzeko.

ESPAINIAKO KOPA
Titulu ahaztezina

Gijonekin eta Zaragozarekin batera, Granadak bere tokia du Realaren historian eta talde txuri-urdineko zaleen memorian. Maiatzaren 11n, Los Carmenes futbol zelaian, Realak bigarren Espainiako Kopa irabazi zuen, emakumezko taldearen lehena. Finalera iristeko bidean, Gonzalo Arkonadaren taldeak Valentzia, Rayo eta Sevilla utzi zituen bidean. Sevillaren aurkako finalerdia Anoetan jokatu zen, eta zaleek berriro ere bikain erantzun zuten. Finalean Atletico Madril izan zuen aurkari.

Astebete lehenago, ligan, txuri urdinek 1-3 galdu zuten haien aurka, eta, garaipen horrekin, espainiarrek liga titulua irabazi zuten. Horrenbestez, finala irabazteko faboritoak ziren. Realeko jokalariek, ordea, eta Gonzalo Arkonada entrenatzaileak behin eta berriz errepikatu zuten partida bakarrera edozer gerta zitekeela, eta sinesten zutela garaipena posible zela. Ez zuten huts egin. Horretan sinetsi zuten bai beraiek, baita zaleek ere. 1.500 zale txuri-urdin inguruk bidaiatu zuten Granadara, eta jokalarientzat gogoangarria izan zen estadiora iristean egin zieten harrera.

Partida ez zen ondo hasi Realarentzat. Izan ere, 15. minutuan Atletico Madril aurretik jarri zen, Esther Gonzalezek sartutako gol bati esker. Baina Lola Gallardo atezainak egindako akats batbaliatuz, banakoa sartu zuen Kiana Palaciosek. Final bat irabazteko zori apur bat ere behar izaten da, eta Realak izan zuen, Atletico Madrilek aukera garbi batzuk huts egin zituelako, eta Mariasun Quiñones atezainak gelditu onak egin zituelako.

61. minutuan iritsi zen gol erabakigarria. Nahikari Garciak ederki amaitu zuen taldeak ondo lotutako jokaldi bat. Amaiera arte emaitzari eustea lortu zuten, eta orduan lehertu zen festa. Zaleek Laboaren Txoria Txori abestuz ospatu zuten garaipena, bai Granadan, baita Donostiako Trinitate plazan ere, festa handia egin baitzen han ere. Hurrengo egunetan omenaldi eta harrera beroak egin zizkieten Donostian eta jokalarien herrietan: Aretxabaleta, Beasain, Tolosa, Irun...

Titulua taldeak egindako denboraldi onaren ginga izan zen, Ligan erasoan erakutsitako bizitasun eta ausardiagatik nabarmendu baitzen. Azkenean, zazpigarren amaitu zuen, 47 punturekin.

ALDAKETAK TALDEAN
Nahikariren berritzea etabi kapitainen agurra

Kopa ospatzeko ekitaldietan etengabeak izan ziren Nahikari Garcia geratzearen aldeko oihu eta eskariak. Aurrelaria hunkitu egin zen Urnietan, bere jaioterrian, horiek entzutean. Oin eta erdi zuen talde txuri-urdinetik kanpo, baina azkenean kontratua berritzeko Realak egindako eskaintza onartu zuen. «Pozik eta ilusioz geratzen naiz. Titulu bat irabazi eta gero, gora begiratzen jarraitu behar dugu. Horrek bultzatu nau, besteak beste, hemen segitzera».

Baina hainbat jokalarik ere taldea utzi zuten. Tartean, Sandra Ramajo eta Chini Pizarro kapitainek. Ramajok aste batzuk lehenago iragarri zuen, 11 denboraldi eta gero, Reala uzteko garaia ailegatu zitzaiola. «Nire bizitzako erabakirik zailena hartzera noa. Konturatzen ari naiz amets batetik esnatzera noala, baina gazteei lekua egiteko unea da. Oso eskertuta noa».

Eskertuta joan zen Pizarro ere, baina aho zapore mikatzarekin, klubak azken egunean esan ziolako ez zuela taldean segituko. Lehena Albacetera joan zen, eta bigarrena, Logroñora. Pizarro harrobikoa ez zen lehen jokalaria izan zen lehen taldean jokatzen; eta hark sartu zuen emakumezkoen taldearen lehen gola Anoetan. Bost urte zeramatzan Realean. Taldea utzi zuten Bea Beltranek eta Paola Soldevillak ere.

SENDOTZEKO URTEA
Azken txanpan hobeto

Gonzalo Arkonadaren taldeak Barbara Latorreren, Ana Tejadaren eta Claudia Blancoren, Lucia Rodriguezen eta Carla Bautistaren fitxaketekin ekin zion denboraldi berriari. Titulu bat irabazita, aurkariek gehiago hartu dute kontuan talde txuri-urdina, eta hori dela-eta gehiago kostatu zaio aurreko sasoiko erasoko joko bizi eta erakargarri hori egitea. Gorabeheratsu. Gainera, bi jokalari garrantzitsu izan ditu denbora luzez min hartuta: Nahikari eta Mariasun Quiñones. Baina urtea bi garaipenekin amaitu zuen: Sporting Huelvaren (0-2) eta Logroñoren aurka (5-0), eta badirudi aurreko sasoiko bidea hartuz doala pixkanaka.

DENBORALDI LUZEEGIA
Bukaeran helbururik gabe

Athleticen erronka, berriz, denboraldi oro izaten da Atletico Madril eta Bartzelona ahaltsuen atzetik geratzeko borrokan egotea, hirugarren postuan.Nahiz eta talde zuri-gorriko jokalariek eta entrenatzaileak behin eta berriz errepikatzen duten, klubaren filosofiagatik eta ligan dagoen lehiakortasunarengatik gero eta zailagoa da. Aurreko sasoian borroka horretan egon zen, baina azkenerako luze egin zitzaion txapelketa, eta bosgarren postuan amaitu zuen Liga, 50 punturekin. Levantek amaitu zuen hirugarren, zazpi puntu gehiagorekin.

Denboraldi hasiera gorabeheratsua ordaindu zuen, baita hainbat partidatan erasoan izandako argitasun falta ere. Hor zerikusia izan zuen Maite Oroz bezalako jokalari baten faltak. Izan ere, belauneko lesio baten erruz ezin izan zuen denboraldi honen hasiera arte jokatu. Nafarra da, Damaris Egurrolarekin batera, zelai erdiko joko horretan Athleticen iparrorratza eta hauspoa. Gainera, otsailean Espainiako Kopatik kanpo gelditu eta gero, helburu argirik gabe geratu zen, eta luze egin zitzaion sasoia.

SAN MAMES
48.121 ikusle Kopa ikusten

Kopan zuri-gorriek penaltietan utzi zuten kanpoan Betis final-zortzirenetan. Baina final-laurdenetan Atletico Madril egokitu zitzaion. Kanporaketa partida batera jokatu zen, San Mamesen. Ia bigarren zati osoa jokalari bat gutxiagorekin aritu zen Espainiako taldea, epaileak Kenti Robles egotzi baitzuen. Athleticek estu hartu zuen, baina Atleticok aurrean dituen jokalari erabakigarrien kalitateak erabaki zuen norgehiagoka: 0-2. Zati bakoitzeko luzapenean egin zituzten bi golak Angela Sosak(46. min.) eta Aurelie Kacik (95.) Baina partida denbora luzez gogoratuko dute jokalari eta zale zuri-gorriek. Izan ere, 48.121 zale bildu ziren San Mamesen partida ikustera: Europan ikusle gehien bildu dituen emakumezkoen lehietako bat bihurtu zen.

Marka hori aste batzuk geroago hautsi zuten Atletico Madrilek eta Bartzelonak Wanda Metropolitanon jokatutako neurketan, 60.739 ikusle bildu baitziren. Baita ere ondoren Frantzian eta Okzitanian jokatutako Munduko Kopan, eta berriki Wembleyn jokatutako Ingalaterraren eta Alemaniaren arteko adiskidantzazko neurketan 90.000 ikusle bildu baitziren. Levanteren aurkako ligako partida ere San Mamesen jokatu zuten zuri-gorriek.

AULKIA
Villacampa Agirreren ordez

Aldaketen urtea ere izan da 2019a zuri-gorrien aulkian. Izan ere, lau denboraldi taldea zuzentzen eman eta gero, martxoaren 25ean Joseba Agirrek eta klubak adostu zuten teknikariak kargua uztea, eta kirol zuzendari izatera pasatzea. «Lau denboraldi asko da jokalari multzo berdin bat entrenatzen egoteko, eta bai niretzat, baita jokalarientzat ere, beharrezkoa zen aldaketa bat».

Ia bi hilabete geroago, maiatzaren 23an, jakin zen nor izango zuen ordezko: Angel Villacampa. Txinako 16 urtez azpiko selekzioa zuzentzetik zetorren, baina Atletico Madril zuzentzen emandako urteengatik zen ezagun. Izan ere, harekin Espainiako Kopa bat (2016), eta bi Liga (2016-17 eta 2017-2018) irabazi zituen.«Ohore bat da halako historia mardula eta balioak dituen talde batean egotea, espero dut horrek eskatzen duen maila ematea. Emaitzetatik harago, transmititzen duen talde bat sortu nahi dut».

GORABEHERATSU
Teknikari berrira egokitzen

Denboraldi honi begira, fitxaketa bakarra egin zuen talde zuri-gorriak: Ainhoa de la Nava atezaina. Horrekin batera, harrobiko bost jokalari igo zituen Villacampak lehen taldearekin denboraldi-aurrea egitera: Oihane Valdezate, Naroa Uriarte, Nerea Nevado, Leyre Monente eta Amaiur Sarriegi.

Taldeak Carranza torneoa irabazi zuen denboraldi-aurrean. Baina denboraldia zalantzekin hasi zuen. Lehen bost partidetan ez zuen garaipenik lortu. Villacamparen inguruan ere lehen zalantzak agertu ziren. Baina Anoetan Realaren aurka 0-2 irabaztea mugarri izan zen. Nekane Diazek eta Maria Diazek sartu zituzten golak, eta hortik aurrera zuri-gorriak gora egiten hasi ziren.

Villacampak apustu argia egin zuen jokalari gazteen alde: Oihane Valdezate, Ane Azkona, Oihane Hernandez... Minutu asko jokatzen ari dira, eta bikain erantzuten. Horrekin batera, klubak kontratua berritu die taldean funtsezkoak diren lau jokalariri: Lucia Garciari, Eunate Arraziari, Yulema Corresi eta Ainhoa Vicente Morazari.

LAN ITUNA
Lehen greba

Azaroaren 15ean eta 16an Espainiako Ligako bederatzigarren jardunaldia jokatzekoa zen, baina futbolariek urriaren bukaeran iragarri zuten greba mugagabera deituko zutela asteburu horretarako, eta bertan behera utzi zuten jardunaldi osoa. Historian lehenengoz, emakume futbolariek lanuztea egin zuten lan itun bat eta lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Azaroaren 18an greba eten zuten negoziazioei hilabeteko epea emateko, eta abenduaren 20an Kluben Elkarteak eta sindikatuek jakinarazi zuten akordio baterako oinarriak adostu zituztela. Horren arabera, datorren urtarrilaren 15 ingururako sinatu behar dute lan hitzarmena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.