Espainiako Vuelta

Asmoa argi utzi du

Primoz Roglic da Vueltako lehen liderra. Richard Carapaz bigarren izan da, eta Chris Froomek ia hamabi minutu galdu ditu

Asmoa argi utzi du.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Lehenengo egunetik zein asmo dituen argi eta garbi utzi zituen atzo Primoz Roglicek (Jumbo). Bera izan zen atzo garaile, Arrateko Santutegian (Eibar, Gipuzkoa). Estreinako etapa eta liderraren elastiko gorria bereganatu zituen berriro ere iazko garaileak. Frantziako Tourreko arantza kendu, eta aurreko ekitaldian egindakoa errepikatzera joan dela argi utzi du: Espainiako Vuelta irabaztera.

Lehen etapa izan arren, sailkapen nagusiko txirrindularientzako eguna izan zen. Estreinako etaparen ostean, Roglic da lider. Esloveniarraren atzetik Richard Carapaz (Ineos) eta Dan Martin (Israel) daude bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Tropeleko oilar gehienek ez zuten denbora askorik galdu Roglicekiko, baina dagoeneko aldeak egin ziren. Sailkapen nagusian lehiatzeko txirrindulari batzuek Vuelta irabaztekoaukerei agur esan zieten atzo. Esate baterako, Aleksandr Vlasovek (Astana) lau minututik gora galdu zituen; Chris Froomek (Ineos), berriz, hamabi. Azken hori Elgetarako igoeran atzean geratu zen jada.

Irundik abiatu zen etapa. Lasterketako lehen kilometroetan sortu zen ihesaldia. Bertan ziren Remi Cavagna (Deceuninck), Jasha Sutterlin (Sunweb), Quentin Jauregui (Ag2r), Jetse Bol (Burgos) eta Tim Wellens (Lotto). Itzuli handietako lehen egunean tropelean egon ohi den lidergorik eza baliatu nahi izan zuten iheslariek atzo, baina ez zuten errenta handirik ateratzea lortu. Lasterketaren azken zatian, bat egin zuen tropelak ihesaldiarekin.

Ineos Grenadier taldea tropeletik tiraka hasi zen Arrate hasieran, Richard Carapazen (Ineos) mesedetan. Bost kilometro falta zirela, baina, Sepp Kussek (Jumbo) multzoa astindu zuen birritan. Lasterketa burua zortzi txirrindularirekin geratu zen estatubatuarraren erasoaren ondorioz. Azken kilometroan iritsi zen Roglici garaipena emango zion erasoa, 1,2 kilometro falta zirela. Arrateko azken bihurguneetara lehena iristearen garrantziaren jakitun, abiadura azkartu eta bakar-bakarrik iritsi zen Arrateko Santutegiko atarira.

Errepidea bustita eduki zuten atzo txirrindulariek. Horren ondorioz, hainbat eroriko izan ziren. Hautagai nagusiek ere izan zituzten ezusteko batzuk. Daniel Felipe Martinez (EF) erori egin zen, Aizpurutxo (Gipuzkoa) inguruan. Sasiordeka batean, tropel erdialdean zihoala, lurrera erori zen txirrindulari kolonbiarra. Minez altxatu zen, baina ez zuen aparteko arazorik izan jarraitzeko. Michael Woods ere (EF) erori zen, baina hark ere aurrera segitu zuen. Gaur, Iruñea eta Lekunberri artean jokatuko da etapa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.