Baskonia zazpigarren jarri da, eta bere esku du Top 8an sartzea

Irabazi egin dio Panathinaikosi (82-97), eta, Zenitek eta Real Madrilek galdu egin dutenez, hiru postu gorago dago. Bi partida falta dira

Polonara, baloiarekin, Mack atzean utzi nahian, atzo. GEORGIA PANAGOPOULOU / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Gozo-gozoa jarri zaio Euroliga TD Systems Baskoniari: bere esku dauka Top 8ra sailkatu eta lehiaketako kanporaketak jokatzea. Azken hamar partidatan bederatzi garaipen lortu behar izan ditu atzetik aurrera etorri, eta onenen artean sartzeko. Atzo hamargarren ekin zion jardunaldiari, eta Atenasen Panathinaikos azpiratu eta gero (82-97), zazpigarren lekuan jarri da. Gorakada horretan, ezinbesteko laguntza eman zioten atzoko bi emaitza hauek: Zenitek eta Real Madrilek galdu egin zuten, eta gainditu egin ditu sailkapenean. Errusiarrek baino garaipen bat gehiago du, eta espainiarrekin berdinduta egon arren, arabarrak aurretik dira, bi partidak irabazi dizkielako.

Bi jardunaldi geratzen dira —Zeniti bat gehiago, atzeratutako partida bat baitu oraindik—, eta biak irabazten baditu, —bihar Efesen aurka Gasteizen aurrenekoa— kanporaketetan izango da Baskonia, bigarren norgehiagoka hori garaipen bat gutxiago duen Valentziaren etxean jokatuko duelako —gaur jokatuko du, etxean, Olympiakosen aurka—. Duela hamar jardunaldi pentsaezina zena ari da lortzen Dusko Ivanovicen taldea: orduan, 9-13 zen garaipenen eta porroten balantzea, eta orain 18-14koa da. Bartzelona liderrak soilik menderatu du bolada on horretan.

Bere lana ondo bete behar zuen atzo ere, alderrai dabilen Greziako talde historikoaren Oaka pabiloi mitikoan. Bai bete ere. Partidari ondo ekin ez bazion ere, zortzigarren minutuan aurretik jarri zenetik, nagusitzen joan zen. Lehen laurdena 21-25 aurretik bukatu zuen, eta atsedenaldian 41-49 zen emaitza. Defentsa gehiago estutu beharra zeukan, eta horixe eskatu zien Ivanovicek aldagelan. «Beste partida bat hasten da», esan zien jokalariei, eta ondo barneratu zuten mezua horiek. 21 puntuko aldea ere lortu zuen azkeneko laurdenean, eta azkenera txukundu zuten etxekoek.

Hirukoetan, %70 sartu

Garaipenaren zutabe sendoa hiruko jaurtiketak izan ziren: 20 jaurti eta 14 saskiratu zituen Baskoniak. Defentsako errebotea ere ondo itxi zuen. Erasoan, Ivanovicek nahi zuena egin zen: baloia azkar mugituz, jaurtiketa eroso egiteko modua lortu. Balorazio onena Achille Polonorak lortu zuen, 37rekin: 22 puntu eta 11 errebote. Rokas Giedraitisek 35ekoa egin zuen, 25 punturekin, eta Zoran Dragicek 22 sartu zituen. Pierria Henryk 11 puntu sartu zituen, eta 10 asistentzia eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.