Txirrindularitza

Gora egiteko, behera begiratu

Hiru itzuli handietan lortutako podiumei dagokienez, ez dira euskal txirrindularitzaren garai onenak. Olanoren eta Belokiren ustez, profesionalen azpiko mailetako eskasia da arrazoi nagusia, eta Eneritz Iturriagak emakumezkoen ziklismoaren profesionalizazio falta nabarmendu du.

Iñaki Berastegi.
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Hiru itzuli handietan idatzi du euskal txirrindularitzak bere historiaren zati garrantzitsuetako bat. Lapebieren lehen maillot horia, Miguel Indurain eta Joane Somarribaren Tourrak eta Giroak, eta Abraham Olano eta Marino Lejarretaren Espainiako Vueltak, besteak beste. Denera, hemeretzi garaipen dira hiru lasterketa horietan. Gizonezkoetan, garaipen gehien lortu duten herrialdeetan seigarren da, eta emakumezkoetan, Frantziarekin berdinduta, Italia eta Herbehereak baino ez daude aurretik.

Haatik, azkenaldian oso bestelakoa da errealitatea. Gizonezkoetan ohikoa izan da euskal ziklista bat podiumean ikustea: 1903an lehen itzuli handia korritu zenetik orain arte izandako itzuliekin eta podiumekin hiruko erregela eginez gero, ia zazpi itzulitik behin igo da podiumera euskal ziklista bat. 2002az geroztik, ordea, Mikel Landak 2015ean eta 2022an Giroan lortutako podiumak izan dira euskal txirrindularitzaren emaitzarik onenak. Hogei urtean, edo, zehatzago esanda, azken 58 itzuli handietan, bi podium. Uzta txikia, arestian aipatutako hiruko erregelari kasu eginez gero. Hain justu, Landa izan da Tourreko podiumetik gertuen egon den ziklista: segundo bakarrera geratu zen 2017an. Aurrez, Joseba Belokibete-betean ibili zen 2003ko Frantziako Tourra irabazteko borrokan, eta Igor Anton 2010eko Vuelta irabaztekoan, harik eta erori eta lasterketa utzi behar izan zuten arte.

Beheraldi horren arrazoiak aurkitzea ez da erraza. Abraham Olanok (Anoeta, Gipuzkoa, 1970) beheko mailetako ziklista eskasiari erreparatu dio aurrena. «Txirrindularitza asko zabaltzen ari da, baina agian gu ere zerbait gaizki egiten ari gara gure txirrindulariekin. Ez profesionalekin, behetik datozenekin baizik. Garai batean, 200 txirrindulari baino gehiago ateratzen ziren edozein lasterketatan. Behe mailetan zegoen lehia hark maila igotzea zekarren». Kantitatetik kalitatea. Joseba Beloki (Lazkao, Gipuzkoa, 1973) Olanoren antzera mintzatu da: «Lehenik eta behin, txirrindularitza ikaragarri globalizatu da. Gure garaian ohikoak ez ziren herrialdeetako ziklista asko daude orain: esloveniarrak, norvegiarrak eta abar. Horrek aukerak murrizten ditu. Baina, bestetik, kantitatearena ere aipatzeko modukoa da. Afizionatuen kopurua ikaragarri murriztu da, eta kalitatea ere bai. Multzoa handia denean, askoz ere errazagoa da txirrindulari hobeak ateratzea».

Euskal txirrindularitzaren garai onenak bizi izan zituzten biek ala biek. Olano 1992 eta 2002 artean izan zen profesional, eta Beloki, 1998tik 2006ra. Kantitateari ez ezik, gazteek lan egiteko duten moduari ere erreparatu dio Olanok. «Garai batean bizikletan ibiltzen ginen gehienak beste kirol batzuetan ere aritzen ginen. Egun, kadeteek profesionalen gisa entrenatzen dute, bizikletan soilik arituta. Orain ikusi da kanpotik, beste kirol batzuetatik datozenak ondo egokitzen direla txirrindularitzara, baina gureek ez lukete garapen hori izango beste kirol batean. Zerbaitetan kale egiten ari gara».

Bestelako zereginak

Podium askorik edo garaipenik lortu ez bada ere, lehen 10 postu ugari eta etapa garaipenen sorta ona bildu du euskal txirrindularitzak azken hogei urteetan. Gainera, euskal txirrindulariak punta-puntako liderren taldekide edo laguntzaile onenak izatea ere ez da kontu bakana. Dena dela, Belokik ez du uste azken hori denik aferaren zergatietako bat. «Euren ibilbidea talde lanerako bideratu dutenek ikusi dute ez dutela gaitasunik itzuli handietako bat irabazteko. Jonathan Castroviejo eredu da mutil askorentzat. Profesionaletara igaro, eta zeregin jakin batzuk eginez bere tokia aurkitu zuen, Imanol Erbitik egin bezala. Gertatzen dena da guk aurrean ibiltzen direnei soilik begiratzen diegula». Horri lotuta, Olanok «pazientzia» handiagoa eskatzen du gazte mailetan dauden txirrindulariekin. «Garapena oso ezberdina da pertsona batetik bestera. Agian ziklista batzuekin denbora gehixeago behar da euren onena eman dezaten. Gainera, gazte mailetan, guztien dedikazioa ez da ehuneko ehunekoa».

Agerikoa da itzuli handi bat irabazteko, kilometro gehiago edo gutxiago izan, ezinbestekoa dela erlojuaren aurka ondo moldatzea. Euskal Herriko orografia ez da aitzakia, erlojuaren aurkako inoizko txirrindulari onenetako batzuk hemengoak baitira. «Garai batean, erlojupekoetan oso ondo moldatzen ziren txirrindulari batzuk genituen: Indurain, Olano eta abar. Ez da non bizi garen, lan egiteko modua eta mentalitatea baizik. Horrez gain, nabarmentzekoa da potentziometroaren gatibu direla egungo txirrindulariak», esan du Olanok. Erlojupekoetan ondo moldatzea «beharrezkoa» dela uste du Belokik, baina euskal ziklistak ez dira irabazteko zorian egon erlojuaren aurka kilometro gutxi egin direnean ere. «Indurainen garaian, 150 kilometro egiten ziren erlojuaren aurka, eta azkenaldikoTour batzuetan, denera, 13 kilometro egin dira».

Etorkizunera begira, Beloki baikor da. «Harrobia badago, eta badauzkagu txirrindulari batzuk hemendik gutxira aurrean ibiltzeko moduan izango direnak; Igor Arrieta, adibidez. Beste kontu bat da World Tourrean zenbat toki dagoen ziklista horientzat». Belokik uste baitu gaur egun ezinezkoa dela itzuli handi bat irabaztea Ineos edo Jumbo-Visma bezalako talde handi batetik kanpo. Olanoren iritziz, «ziklikoa» da egoera. «Guk pentsamendu hau badugu, zer esango dute frantziarrek? Zikloak izaten dira, eta, beraz, orain emaitzarik ez lortzeak ez du esan nahi gauza guztiak gaizki egiten ari garenik».

Somarribaren aroa

Emakumezkoei dagokienez, Joane Somarribarenak dira garaipen eta podium guztiak. Beraz, hamazazpi urte dira halako arrakastarik lortu gabe. Oro har, uzta bikaina da, baina figura bakar batean oinarritua. Eneritz Iturriagaetxebarria (Abadiño, Bizkaia, 1980) Somarribaren taldekide izandako eta Eneicaten jabe eta managerraren ustez, ez zen behar bezala«aprobetxatu»Somarribaren aroa: «Joaneri esker, ikusgaitasun handiagoa eman zitzaion, baina horretan geratu zen. Ez zen aprobetxatu boom hura: ez nahikoa, behintzat. Joaneren osteko garaian, lehendik errepidean ari ginen txirrindulariek jarraitu genuen. Pentsa, nire hurrengoa Ane Santesteban izan zela esan daiteke, eta Ane ni baino 10 urte gazteagoa da. Belaunaldi aldaketa ez zegoen bermatuta».

Nagusiki, profesionalizazio falta dago, Iturriagaren aburuz, hutsune horren atzean. «Neska guztiek oraindik ezin dute txirrindularitza modu profesionalean bizi. Zoritxarrez, hala da. Movistar orain agertu da, gizonezkoen taldeak dituzten beste egitura batzuk bezala». Dirua non, emaitzak han. «Hori argi ikusten da herbeheretarren eta estatubatuarren kasuetan. Haiek jarri dute diru gehien emakumezkoen ziklismoan, garai batean Italiak egin bezala. Aurreneko hogei sailkatuen artean hamar herbeheretar azaldu ohi dira gaur egun».

Profesionalizazioaren aferarekin batera, txirrindularien izaera eta mentalitatea ere aipatu ditu bizkaitarrak. «Dena gehiegi neurtzen da. Wattei begira korritzen da». Edonola ere, baliabideak ematen bazaizkie, behetik kalitate oneko ziklistak datozela berretsi du. «Gauza asko dira. Kalitatea, psikologia eta baliabideak. Jauzia emateko, eta, zer esanik ez, itzuli handi batean horrelako emaitza bat lortzeko».

Itzuli handien etengabeko gorabeherak ere ez dira mesedegarriak. Giroa mantendu izan da, baina Tourra edo haren baliokideak «urte luzez» ez dira egin, edo egun gutxiko lasterketak izan dira. «Hein batean globalizazioari eta UCIri esker, lasterketa horiek berreskuratzen ari gara, eta herrialde askok berdintasunaren alde egiteak ere lagundu du. Halere, erakunde publikoen laguntza behar da. Bestela, ikusi zer gertatu zen Emakumeen Birarekin, nahiz eta munduko onenak biltzen zituen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.