Eibarren eta Realaren bolada onak aurrez aurre, gaur, Unben

ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Iragan asteburuan emakumezkoen Espainiako Lehen Mailak etena izan eta gero, gaur ekingo diote berriro lehiari Eibarrek, Realak eta Athleticek. Gipuzkoako bi taldeak elkarren aurka arituko dira, Unben (11:00, Gol TV); Athleticek, berriz, Santa Teresaren zelaian jokatuko du (12:00).

Eibar eta Reala bolada onean dira. Iker Dorronsororen taldeak garaipen handia lortu zuen aurreko jardunaldian Lezaman, eta beste derbi bat irabazteko asmotan zelairatuko dira. Dorronsorok honela aztertu zuen atzo partida: «Reala oso talde landua eta orekatua da, baloia eta jokoaren ekimena izatea gustuko duena. Alde horretatik, lehen minututik oso adi egon beharko dugu, jakinda ez dugula baloia asko izango, baina daukagunean aprobetxatu egin behar dugu min egiteko. Derbi guztiak bezala, lehiatua izango da, eta, etxean jokatuta, puntuak hemen geratzea nahi dugu».

20 puntu ditu Eibarrek, eta Dorronsorok balio handia eman zien. Baina ez da fio. «Otsaileko etenera iritsi aurretik bost partida falta zaizkigu, eta puntuak batzen segitu behar dugu, jaisteko postuetatik gehiago aldentzeko eta dinamika onarekin segitzeko».

Hain zuzen ere, Eibar egiten ari den denboraldi ona goraipatu zuen Natalia Arroyo Realeko entrenatzaileak. «Ondo menderatzen dituen gauzak primeran egiten ditu, eta ideiak garbi ditu. Defentsan talde indartsua da, eta oso bizkor ateratzen da erasora». Realak Errege egunetik darama lehiatu gabe, eguraldiagatik bertan behera geratu baitzen Real Madrilen aurkako partida, eta iragan astean ez zelako jardunaldirik izan. «Hainbat kontzeptu indartu, eta datorkigunari begira ondo prestatzeko baliatu ditugu egun hauek. Lan ona egin dugu».

Eibarren eta Realaren kontrako egoeran dago Athletic. Hamar partida daramatza irabazi gabe, eta joera iraultzeko garaipen beharrean da. Gaur aukera ona du horretarako, Santa Teresa sailkapenaren behealdean baitago. «Jokalariak ondo ari dira lanean, eta motibatuta daude. Hobetzeko tarte handia dugu, eta gorago egon gaitezke. Lan sasoi motzak egin ditugu, eta ea txinparta hori berreskuratzen dugun»,nabarmendu zuen Iraia Iturregik.

Teknikariak azpimarra hau egin zion aurkariari: «Intentsitate handiko taldea da, eta geldikako jokaldiak ondo baliatzen dituena. Beraz, korrika egitea bainoago, buruz buruko lehietan eta bigarren jokaldietan ondo egotea eskatuko digun norgehiagoka izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.