Yulema Corres. Athleticeko jokalaria

«Fisikoki ahaztua dut lesioa, baina beldur pixka bat ematen dit»

Seigarren denboraldia izango du aurtengoa Athleticen Corresek. Ondo sentitzen da sasoi berriari begira, eta helburua partida guztietan lehiatzea dela dio. Gogotsu dago taldeari ahalik eta gehien laguntzeko.

Jone Bastida Alzuru.
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Denboraldi-aurrean lanean dabiltza Athleticeko jokalariak. Haien artean dago Yulema Corres (Gasteiz, 1992). Itzalean pasatu zuen azken sasoia, gihar bikietako lesio baten ondorioz. Eraberrituta eta guztiz osatuta ekin dio denboraldi berriari.

Etxetik kanpo hasiko duzue denboraldia, Levanteren zelaian. Aurkari gogorra lehen neurketarako, ezta?

Bai. Hala ere, emakumezkoen futbola eta liga nola dauden ikusita, edozein partida da zaila irabazteko. Guztia emango dugu, eta hiru puntuen bila joango gara.

Nola doaz denboraldi-aurreko lehen saioak?

Gogorra gertatzen ari da. Denboraldi-aurreak beti izaten dira gogorrak. Entrenatzaile eta prestatzaile fisiko berriak ditugu, eta pixkanaka egokitzen ari gara berritasun guztietara.

Zer moduz zaude?

Ondo nago. Pixkanaka noa. Askoari naiz zaintzen neure burua. Ahalik eta ondoena iritsi nahi dut liga hasierara.

Guztiz ahaztua duzu lesioa?

Izatez, bai. Fisikoki ahaztua dut, baina beldur pixka bat ematen dit. Gero eta hobeto nago; arazorik gabe egin ditzaket esprintak, eta, poliki-poliki, ahaztu egingo du, guztiz.

Tentuz zabiltza?

Bai. Taldekideekin normal entrenatzen ari naiz, baina ahalik eta ondoena zainduta, berriro minik ez hartzeko.

Soilik bederatzi partida jokatu ahal izan zenituen aurreko sasoian. Denboraldi-aurrea besteetan baino astunagoa egiten ari al zaizu?

Ezetz esango nuke. Lehen esan bezala, gogorra izaten ari da, baina izan ditugun aldaketa guztiengatik. Nahiz eta aurreko denboraldian lehiatik kanpo egon nintzen, lan asko egin nuen Lezaman.

Nola gogoratzen duzu azken denboraldia?

Bistan denez, neuretzat txarra izan zen. Taldearentzat ere argi dago ez zela urte perfektua izan, baina ia partida guztietan eman zuen aurpegia. San Mamesen jokatzeko aukera ere izan genuen. Ikaragarria izan zen, eta ea aurten errepikatzeko parada dugun.

Zuk zeuk zer ikasi zenuen?

Pazientzia izaten ikasi nuen. Ahalik eta azkarrena itzuli nahi nuen zelaira, baina banekien guztiz osatu gabe hobe zela ez jokatzea. Neure buruarekin bakarrik egoten ere ikasi nuen. Niretzat egin behar nuen lan. Taldean, askotan, erlaxatu egiten gara, eta albokoak gure partez korrika egingo duela uste dugu. Bakarrik zaudenean, ordea, lesionatuta, zuk egin behar duzu lan guztia. Ez dago besterik. Orain, zelaian, taldekideei eta neure buruari ahalik eta gehiena laguntzen saiatuko naiz.

Nola sentitzen zarete denboraldiari begira?

Hasiera batean, oso ondo. Lan handia egiten ari gara. Pixkanaka, Angel Villacampak ezarri nahi duen joko estilora egokitzen ari gara. Desberdina da, baina Athleticen nortasuna grinan eta ahaleginean oinarritzen da. Angelek esan digu hori dela gure puntu indartsua, eta hori ez da aldatuko.

Jokalari bakarra fitxatu du Athleticek oraingoz: Andrea de la Nava atezaina. Postu guztiak ondo beteta daudela uste duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Badakigu zein diren gure mugak. Ezin ditugu goi-mailako bederatzi jokalari fitxatu. Taldean gaudenok eman behar dugu maila. Hori da gure filosofia.

Segidaren alde egin du klubak.

Bai. Athletic horretan oinarritzen da. Harrobiko jokalariei ematen zaie garrantzia, bertoko jokalariei. Gauzak oso ondo doazela uste dut. Beti goiko postuetan dabilen talde bat gara, eta horri eutsi nahi diogu.

Harrobiko bost jokalari ari dira zuekin denboraldi-aurrea egiten. Ondo uztartzen dira gaztetasuna eta eskarmentua?

Baietz uste dut. Oso ondo ari dira lanean harrobiko jokalariak. Asko ari dira saiatzen. Taldean eskarmentu handia duten jokalariek, berriz, lagundu eta animatu egiten dituzte. Ondo uztartzen dira elkarrekin.

Angel Villacampa da Athleticeko entrenatzaile berria. Joko estiloa lantzen hasi zarete?

Bai. Oraindik goiz da ezer esateko, baina zertzelada batzuk eman dizkigu jada. Gauza asko erakutsi behar dizkigu, baina denboraldi-aurre osoa dugu aurretik hori landu eta ikasteko.

Taldearentzat pizgarria izan da entrenatzailea aldatzea?

Bai, inongo zalantzarik gabe. Lau denboraldi pasatu ditugu entrenatzaile berarekin, eta pizgarri bat behar genuen. Gustura geunden Joseba Agirrerekin, baina aldaketa guztiontzat ona dela uste dut. Josebak ere hori transmititu zigun.Talde osoarentzat onuragarria izan da.

Hurrengo denboraldian, zein da taldearen helburua?

Nik esango nuke partida guztietan lehiatzea dela gure helburua. Goikoekin eta behekoekin. Urtero bezala, goiko postuetan amaitu nahi dugu, eta hala izango dela uste dut. Hasieran, helburua ezin da izan liga edo Kopa irabaztea. Gustatuko litzaidake horrelako zerbait betetzea, baina ez da helburu nagusia. Lan eginez ikasi nahi dugu, eta horrekin iritsiko dira emaitzak.

Nola ikusten dituzu Ligako gainontzeko taldeak?

Asko ari da sendotzen liga. Nabari da emakumezkoen futbola hazten ari dela. Interes handiagoa dago. Bartzelona, Atletico Madril, Levante, Reala... asko indartu dira. Baina, horietaz gainera, oso ondo dauden talde asko daude.

Printzipioz, Bartzelona eta Atletico Madril beste koska batean daude. Hirugarren postuarengatik borrokatu nahi duzue?

Bai. Baita lehenengoarengatik eta bigarrengoarengatik ere. Ahalik eta goien amaitu nahi dugu. Partida guztiak irabazten saiatuko gara: Bartzelona eta Atletico Madrilen aurkakoak ere bai.

Lehia handia dago aurrealdean: Erika, Lucia, Nekane... Nola ikusten duzu zeure burua? Zer emango diozu taldeari?

Argi dago aurreko lerroan lehia handia dagoela. Nik guztia emango dut jokatu ahal izateko. Taldeari ahalik eta gehiena laguntzen saiatuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.