Albistea entzun

Jon Lazkano. Mendizalea

«Askok izan ez duten zortea izan dut nik mendian»

Euskal mendizaletasunak eman dituen ikurretako bat da Jon Lazkano bergararra. Oso gaztetan hasi zen eskaladaren munduan, eta, gero, hainbat eta hainbat espediziotan hartu zuen parte 1990eko hamarkadan. Gaur egun, Banoa bidaia agentziako arduradunetako bat da.

UNAI UGARTEMENDIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko irailak 13 - Bilbo

Bilbon bizi da Jon Lazkano (Bergara, Gipuzkoa, 1969), eta bertan egin du hitzordua. Ordua baino lehenago iritsi da. Elkarrizketa hasi aurretik, pandemiak bidaia agentzietan eragindako albo kalteak izan ditu hizpide. Hitz errazekoa da. Mendia hitza aipatu orduko, begiak kolpetik ireki ditu.

Nondik datorkizu mendirako zaletasuna?

Umetan, eta Euskal Herriko etxe askotan gertatzen den bezala, gurasoekin askotan joaten ginen mendira: Gorlara, Urbiara, Aralarrera... Horrez gain, orduan oso indartsu zegoen mendi taldea genuen herrian, eta gazte asko joaten zen mendira. Ondoren, eskolan, behin irakasle batekin eta haren lagun batekin Arantzazuko [Oñati, Gipuzkoa] koba batera joan ginen egun-pasa. Han ibili ginen egun guztian gora eta behera. Harremana egin nuen biekin; biak eskalatzen ibiltzen ziren ordurako. Handik gutxira, eskalatzera joateko gelditu ginen.

Zenbat urte zenituen lehen aldi horretan?

13 urte nituela uste dut, eta Atxartera [Urkiola, Bizkaia] joan ginela gogoratzen dut. Oso gustura ibiltzen nintzen eskalatzen, eta oso kateatuta gelditu nintzen nerabezaroan. Asteburuero Atxartera joaten hasi nintzen, eta bertan gelditzen ginen baita lotan ere. Jende asko elkartzen ginen orduan bertan. Eskaladaren zale amorratuak bihurtu ginen.

17 urterekin, Yosemiteko (Kalifornia, AEB) El Capitan hormatzarrera joan zinen. Gaur egun, pentsaezina da horrelako zerbait egitea.

Hala izan zen, bai! Pentsa, heldugabea nintzen oraindik, eta Bergarako alkateak baimen berezi bat sinatu behar izan zuen ni hara joateko. Ameriketara joan aurretik, Dolomitetan [Alpeak] eskalatzen ibiliak ginen uda batean, eta bide asko egiteko aukera izan genuen. Gasteizko eta Iruñeko jendea ezagutzeko aukera ere izan genuen. Haiek jada Estatu Batuetan egonak zirenez, gauza harrigarriak kontatzen zizkiguten. Haiek entzunda guri ere harra sartzen zitzaigun, eta, halako batean, joatea erabaki genuen.

Nola gogoratzen duzu bidaia hura?

Sekulakoa izan zen! Urtebete pasatu genuen hura prestatzen. Finantzaketa lortzeko, Bergarako festetan txosna bat jarri genuen, eta kamisetak ere atera genituen. Behin hara iristean, zirrara sentitu genuen; hormatzar puska hura, bertan zegoen jendetza... Hiru hilabete inguru pasatu genituen. Yosemiten pasatu genuen denbora gehiena, baina inguruko zona asko ezagutzeko aukera izan genuen. Izugarrizko bidaia izan zen, eta, besteak beste, bidelagun izan nituen Mirian Garcia Pascual, Jesus Galvez, Jabi Mugarra, Jose Bedia, Xabi Ansa, Jose Montero... Beste dimentsio batean sartu gintuen El Capitanek.

Liluratuta etorri zinen handik.

Hala izan zen, bai. Beste mundu bat ireki zitzaigun El Capitanen egon ondoren. Bertan zegoen maila beste mundu batekoa zen.

Handik itzulita, udazken hartan Patagoniara joan zinen.

Oso zorte txarra izan genuen eguraldiarekin. Oso gutxi eskalatu genuen, eta denbora asko pasatu behar izan genuen zain, eguraldiagatik. Oso jende gutxi zegoen eskalatzen. Gauzak asko aldatu dira geroztik. Gaur egun, dena errazagoa da. Oso mendi serioak dira haiek, eta bertan eskalatzeko oso sasoi onean egon behar da. Oso esperientzia polita eta gogorra izan zela gogoratzen dut.

Euskal alpinista asko bezala, zu ere Al filo de lo imposible telebista saio famatuan ibili zinen.

Bai, hura ere probatu genuen. 21 urte nituen orduan, eta hara joateko gonbita Jose Carlos Tamayok eta Ramon Portillak egin zidaten. Trangoko Dorreetara [Pakistan, 6.286 metro] joateko espedizioa zen. Eskalatzeaz gain, grabatzen ere ibili ginen bertan. Nahiko kamera astunak ziren, eta kontu handiz ibili beharra zegoen. Urte batzuetan gauza batzuk egin genituen haiekin; Nanga Parbat [Pakistan, Karakorum] eta Tibet, besteak beste.

Urte askotan Iñurrategi anaiekin ere ibili zinen. Nola ezagutu zenituen?

Aspalditik ezagutzen nituen, baina, oker ez banago, 2000ko Gasherbrum II [Karakorum, 8.035 metro] espedizioa izan zen nik haiekin antolatu nuen lehena. Espedizio hartako logistika osoa nik antolatu nuen.

Beraz, Felix Iñurrategiren heriotza ere oso gertutik bizitzea tokatu zitzaizun.

Nik, espedizio hartan, kanpaleku nagusirako gerturatze prozesua egin nuen. Istripuaren egunean, Islamabaden [Pakistan] harrapatu ninduen bezero batzuekin, baina helikoptero batekin gerturatu behar izan nuen kanpaleku nagusira. Gogorra izan zen benetan.

Inoiz mendian bizi izan duzun momenturik gogorrena izan zen hura?

Gogorrenetako bat, dudarik gabe. Ordurako lagunen bat galduta neukan; esaterako, Mirian Garcia Pascual. Hura galtzea ere oso kolpe gogorra izan zen. Harekin askotan eskalatutakoa nintzen, eta oso emakume ausarta zen. Baina ordurako jada istripuak gertatzen ziren, eta alpinista ezagun batzuk ere hilak ziren mendian.

Zuk ere arrisku une asko igaro al dituzu mendian?

Nik ere izan ditut istripuak, noski. Esaterako, 1998an, Dhaulagirin [Himalaia, Nepal, 8.167 metro], telebistarako lanean ari ginela. Izugarrizko eskapada egin genuen. Halako batean, izotz plaka baten soinua entzun zen, eta gure gainean zeuden Chantal Mauduit frantziarra eta harekin zegoen xerpa bat harrapatu zituen azpian. Juanjo San Sebastian eta ni koba moduko batean geunden, eta barruan harrapatuta gelditu ginen. Ondoko lagunek atera gintuzten handik. Askok izan ez duten zortea izan dut nik mendian.

Arriskua kudeatzea ez da erraza izaten alpinista batentzat.

Mendi garaietan dabilen alpinistak ezagutzen ditu bertan dauden arriskuak, baina alpinistak beti pentsatu izan ohi du berari ez zaiola inoiz gertatuko. Denok pentsatu izan dugu beti ondo prestatuta gaudela, teknikoki ere gauzak ondo egiten ari garela, neurriak hartzen ari garela... Horrelakoetan, beldur handiagoa pasatzen da behean goian baino. Behin mendian sartuta, kontzentratuago zaude, zentzu guztiak horretan jarrita dauzkazu; gauzak ezberdin ikusten dira barrutik edo kanpotik. Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatu izan gara beti, baina errealitatea da istripuak gertatu egiten direla.

Felix Iñurrategiren istripuaren ostean, haren anaia Albertorekin jarraitu zenuen hurrengo espedizioetan.

Ez zen erraza izan berriro mendira joatea, baina Alberto psikologikoki oso gogorra da. Felixen heriotzaren ostean, nik aldaketa bat nabaritu nuen neure buruan. Ordura arte buruan neukan indar hura eta fanatismo hura galtzen ari nintzela konturatzen hasi nintzen; arriskuaren kontzientzia nabarmenagoa da. Oso trantsizio zaila da norberarentzat, eta ziur nago jende askok ez duela ondo eraman. Erretiroaren antzeko zerbait dela esango nuke. Bakoitzak ahal duen moduan atera behar du trantsizio horretatik. Handik aurrera, beste modu batean jarraitu nuen mendian.

Mendian hainbeste urtetan ibili arren, ez duzu igo zortzimilakorik. Horren arantzarik gelditu al zaizu?

Ez. Aukera bat izan nuen espedizio batean Nanga Parbaten, baina ez nuen nahikoa denbora izan. Halere, ni beti eskalatzailea sentitu naiz alpinista baino gehiago; ez daukat arantzarik horretan.

Mendiaz harago, 1991. urteaz geroztik, Banoa bidaia agentzian zabiltza buru-belarri. Nolatan hasi zinen lan horretan?

Ordura arte, gida lanetan eta telebista lanetan egindako lanarekin bizi nintzen. Haiekin ere horrela hasi nintzen, gida lanetan. Nire lehen lana Baltoroko [Karakorum] trekking bat izan zen. Geroz eta lan gehiago egiten hasi nintzen gida gisa, eta mendia gutxinaka alboratzen hasi nintzen. Bidaia lasaiagoak egiten hasi nintzen, eta lana jarraikakoa zen. Geroztik, ez dakit zenbat bidaia egingo nituen.

Mendi garaiak bai, baina Pakistan ez zenuen alboratu.

Ez. Inora bidaiatu badut, Pakistanera bidaiatu dut. Izugarria da, eta Karakorumeko mendikatea, zer esanik ez. Bertan, mendiak biluzik ikusten dira. Karakorumeko glaziarrik txikiena Himalaiako handiena baino handiagoa da. Mendiko basamortu bat da Karakorum: izotza, haitza... Han ez dago mendi errazik igotzeko [barrez]. Eta jendea... Etnia ezberdinetako jendea bizi da han, eta horrek aberastasuna ematen dio herrialdeari. Oso herrialde aldakorra eta erakargarria da Pakistan.

Hogeita hamar urte baino gehiago daramazu bidaiatzen. Zenbat bidaia egin dituzun gogoratzen al duzu?

Asko! Azken urte hauetan ez dut hainbeste bidaiatu, gehienbat bulegoan ere lan handia pilatzen zaigulako. Lehen urte haietan, bai lana, bai mendia uztartzen nituenean, zazpi edo zortzi hilabete pasatzen nituen etxetik kanpo.

Kanpotik begiratuta, gida lanetan zabiltzatenen bizitzak idilikoa dirudi. Hala al da?

Gida lanetan ibiltzea oso-oso lan gogorra da. Desoreka handia sortzen du. Eta ez, ez da batere idilikoa. Beti kanpoan zaude, oso kultura ezberdinetan murgilduta, etxetik oso urrun, eta, askotan, zailtasun handiak izaten ditugu bidean. Gaur egun, informazio asko dago, baina oraindik ere oso zaurgarriak gara.

Bidaiariaren profila asko aldatu al da azken 30 urteetan?

Orokorrean uste dut gizartea aldatu dela. Gu hasi ginenean, jendea, orokorrean, gutxi bidaiatutakoa zen. Batzuk baziren bidaiatzen ohituta zeudenak, baina ez zen ohikoa. Orduan jendeak ilusio handiagoa izaten zuen bidaiatzeko. Ez zegoen Internetik, gehiena ikusteko zegoen oraindik... Jendeak begiak irekita eramaten zituen une oro zer ikusiko zain. Askotan esan izan dut, bai mendira, baita bidaietara ere, hamar edo hamabost urte beranduago iritsi nintzela. Gure aurrekoen inbidia sanoa sentitzen dut. Haien mundua politagoa zen. Lekuetan jende gutxiago zegoen, bertakoak ere benetakoagoak ziren, kanpaleku nagusietan ia bakarrik egoten ziren... Esperientzia haiek askoz ere aberatsagoak izango zirela iruditzen zait.

Zer pentsatzen duzu Everesteko edo Annapurnako kanpaleku nagusiak ikusten dituzunean?

Ufa! Halere, hori ez da azken bost urteetako kontua. 2000. urtean, azkenekoz Patagonian izan nintzenenean, izugarrizko atsekabea sentitu nuen. Ezin nuen sinetsi zein aldaketa izan zuen hamar urtean! Halere, ni ere horren parte naiz. Guk ere egin dugu ekarpena horretan, eta hori ezin dugu ahaztu. Ez naiz aspaldian hara joan, baina ez dut imajinatu ere egin nahi nola egongo den gaur egun.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Ez dut aldaketa asko egin; oker legoke egindako lan guztia galtzea»

Iñaki Berastegi

«Familia handi batekin» egin du topo Federico Gallok Ordizian. Taldeak oinarri sendoak baditu ere, arlo fisikoari berebiziko garrantzia eman dio sasoiaurrean. Bartzelonaren aurka jokatuko dute ligako lehen partida bihar, Altamiran (12:00).

Alavesek sasoiko lehen hiru puntuak lortu nahi ditu ligan

Berria

Arabarrek Vila-real hartuko dute, eta Mikel Crespok etxean indartsu izatearen beharra azpimarratu du
Maria Serna jokalaria eta Irene Senac entrenatzailea Txuri-Urdin izotz jauregian, aste honetan, taldearen aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Harrobiarekin, aurrera doa

Zuriñe Iglesias Sarasola

Bihar jokatuko du sasoiko lehen partida Txuri-Urdinek. Irene Senac da taldeko entrenatzaile berria, eta multzoa asko aldatu da, hamar jokalarik utzi baitute taldea.

Geraezin segitzen dute zuri-gorriek

Geraezin segitzen dute zuri-gorriek

Ainara Arratibel Gascon

Partida aparta jokatu, eta 4-0 hartu du mendean Athleticek Almeria. Denboraldi honetan ohikoa duen bizitasunez jokatu du erasoan talde zuri-gorriak, eta oso eraginkor aritu da aurkariaren ate aurrean. Festa izan da nagusi San Mamesen. Iñaki Williamsek, Oihan Sancetek, Nico Williamsek eta Mikel Vesgak sartu dituzte golak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Unai Ugartemendia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...