Artistaren buru barruan

Alduatek eta Murillok sortutako 'Cabeza de artista' obra jarri dute Uharteko Arte Garaikideko Zentroan

Aldunatek eta Murillok sortutako Cabeza de artista obra osatzen duten bi piezak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Uharte
2013ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
«Zer dago artistaren buru barruan?». Hori da Javier Manzanos Uharteko Arte Garaikide Zentroko zuzendariak egindako galdera. Erantzuna Patxi Aldunatek eta Alfredo Murillok eman diote, Cabeza de artista (Artista burua) izeneko obraren bitartez. Bi sortzaileek lau bider lau metroko bi karratu sortu dituzte, eta bertan euren buruak marraztu dituzte. Ondoren, batak bestearen kutxaren barrena dekoratu du, lagunaren nortasuna islatu nahian. Hala, elkarlana eta autoezagutza nahastu dituzte. Erakusketa Uharteko Arte Garaikideko Zentroan bisitatu daiteke, irailaren 29ra arte.

Erretratuan oinarritutako obra izanda ere, lana ez da nartzisismo ariketa bat. «Ez da egoen erakusketa bat», nabarmendu du Manzanosek. Funtsean, arte kooperatibistan oinarrituz sortzen dute bi artistek, elkarlanean eta elkar laguntzen .

Obra «lagun hurkoaren autoerretratua» dela diote Aldunatek eta Murillok. Kontrajarria dirudi autoerretratu bat lagunarena izatea. Hain zuzen ere, nork bere buruari buruz egin beharreko lana delako. Baina bi aspektu nahasten dituzte irudikapenek: batetik, lagunari buruzko ideiak islatzen dituzte; baina, bestetik, bien arteko erlazioaren inguruko ideiak ere badira. Era horretan, artista batek bestea errepresentatzen du, baina baita bien erlazioa eta bere burua ere.

Kutxa, barrenaren metafora

Kutxez baliatu dira proiektuari forma emateko. Kutxa karratuz, hain zuzen. Xaflaz eraiki dituzte, eta ondoren laserrez marraztu dituzte bien aurpegiak. Bata bestearen ondoan daude biak. Artisten marrazkiek aurpegiz aurpegi begiratzen diote elkarri, «duelu batean bezala, edo gogoeta egiten bezala», Alfredo Murilloren hitzetan.

Alfredo Murilloren aurpegidun kutxa da hasieran dagoena. Patxi Aldunatek apaindu du barrena, eta ikusleak egiturak dituen zirrikituetatik begira dezake dekorazioa ikusteko. Bertan ezustekoa topatuko du: baratzea landatu dute kutxa barruan. Lurra jarri eta letxugak landatu dituzte. Polisemikoa da lana Murilloren iritziz; baratzeak gauza mordoa iradoki dezake. «Lurraren jaiotza, geure buruaren jaiotza...». Aitzitik, Aldunatek nahiago du ikusleen eskuetan utzi interpretazioa: «Esanahi asko izan ditzake, eta bakoitzari emozio jakin batzuk sortuko dizkio, haren bizipenen arabera».

Pieza horren parean Patxi Aldunateren irudia daukan kaxa dago. Murillo arduratu da barnealdearen diseinuaz. Berriz ere zirrikituetatik begiratu behar du ikusleak. Eta berriz ere ezustekoa hartuko du: 16 buru landatu dituzte kutxa barruan. Murillok eta Aldunatek euren buruen kopiak egin dituzte argizariz eta parafinaz. Lau ilaratan ipini dituzte. Ilara bakoitzean lau buru daude. Gainera, argiztatze sistema ere badu sorkuntza horrek. Kiribil baten formari jarraituz, banan- banan argiztatzen dira buruak. Azkenean, denak batera argitzen dira. Ideien harira egindako hausnarketa da hori. «Elkarlanean egindako neurona sare sortzailea irudikatu nahi izan dugu», azaldu du Aldunatek.

Manzanos zuzendariak azaldu duenez, pieza ez da estatikoa, aldatu egiten da. «Nekazaritza bezala, artea ere landatu behar da, gero ureztatu, eta, ondoren, bildu eta gozatu. Erakusketak aurrera egin ahala, artea ere haziko da». Obra hau prozesu horren lekuko izango da. Izan ere, letxugak ureztatuko dituzte, eta jendeari berriz landatzeko eskatuko diote. Gainera, buruak ere mugituko dituzte. «Orain, denak aurreraka begira daude. Gero, mugituko ditugu; euren artean haserretuko dira, adiskidetuko, bikoteak sortuko dituzte... Ideien arteko elkarrizketa izatea nahi dugu», zehaztu du Murillok. Jendeak parte hartzea nahi du, beraz, sorkuntza lan honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.