Altxor txikien bila

Eibarrek eta Alavesek aurkari zuzenen aurka jokatuko dute gaur, biek etxetik kanpo: Gipuzkoakoek Levanteren zelaian, eta Arabakoek Cadizen

Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Eibarrek eta Alavesek etxetik kanpo jokatuko dute gaur: Levanteren eta Cadizen aurka, hurrenez hurren, 14:00etan eta 16:15ean. Liga erdi parera heldu da, eta oraindik goiz bada ere, berebiziko garrantzia duten partidez hitz egiten hasteko, gaurko biek badute aparteko zerbait. Izan ere, Levante eta Cadiz kontrario zuzen dira Eibarrentzat eta Alavesentzat. Sailkapenak ere hala dio: Cadiz hamargarrena da, eta Alavesek baino bi puntu gehiago dauzka. Eibarrek Levantek baino bat gehiago du. Oraingoz, sailkapenaren erdialde inguruan dira laurak, baina ez dituzte aparte jaitsierako lekuak. Alavesek, esate baterako, bi puntura baino ez. Horregatik, gaurko bi partidak irabaziz gero, bi aurkari zuzen atzean lagako lituzkete.

Partidak bata bestearen atzetik jokatzen ari dira taldeak, eta aste barruan Espainiako Kopan aurrera egin ondoren zelairatuko dira Eibar eta Alaves. Armaginen kasuan, Jose Luis Mendilibarrek badauka jokalari garrantzitsu baten zuloa gaurko: Bryan Gil ez dago jokatzeko moduan, min txiki bat tarteko. Gainontzean, Jose Angel eta Correa ere faltako ditu, baina bi horiena aspaldiko kontua da. Eibarrentzat ez da gustuko zelaia Levanterena, Lehen Mailan denetik hiru berdinketa baino ez dituelako atera han.

Bestalde, Alavesek berreskuratu egin behar ditu aurreko asteburuan Mendizorrotzatik Atletico Madrilek kendu zizkion puntuak, eta komeni ahalik eta lasterren lortzea emaitza ona. Aukera ona izan dezake gaur Cadizen, behera egiten ari baita etxeko taldea: azkeneko hiru partidak erreskadan galdu ditu. Keller Kamerungo erdiko atzelari gaztea deialdian da.

Athleticena, bertan behera

Elurtea eragiten ari den zailtasun andana tarteko, Athleticek atzo Atletico Madrilen zelaian jokatu behar zuen partida bertan behera geratu zen. Zuri-gorriak heldu ziren Madrilera, baina ezin izan zuten lur hartu Barajasen, itxita zegoelako, eta Bilbora itzuli ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.