Objektiboaren oztopo

Poliziaren gehiegikeriak babestu nahia sumatu diete askok Frantziako Segurtasun Orokorreko legeari eta Espainiako 'mozal legea'-ri. Hegoaldean isunak jaso dituzte kazetari batzuek, gerora bertan behera gelditu direnak. Legea onartu aurretik ere, arazoak izan dituzte argazkilariek poliziak tarteko zirenean.

6 JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun

Objektiboa desenfokatu nahi dute, lausotu, Poliziaren jardun bortitza ageri denean batez ere. Poliziaren esku hartzeetan deseroso zaizkie argazki kamerak, irakurleek kaleetan dituzten begiak baitira fotokazetarien lanak. Ez soilik profesionalenak, sakelako telefonoek agerian utzi dituzte hainbeste injustizia bertsio ofizialen gainetik. Sare sozialen bidez, erraz zabaldu liteke edozeinek egindako irudia, eta begi horiek guziak itxi nahi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek legeen bidez.

Hego Euskal Herrian zenbait irudi egiteagatik isunak paratu dizkiete kazetariei Espainiak mozal legea onartu zuenetik. Normalki, polizia operazioekin lotuta egon ohi dira, baina ez beti. Hala ere, azkenean epaileek argazkilariei edo bideoen egileei eman diete arrazoia, orain arte. Argazkilari batzuen aburuz, lortu dute beldurra zabaltzea, baina, dena den, badirudi batez ere kaleko jendea dutela jomugan; herritarren objektiboa itxi nahi dute.

Axier Lopez Argia aldizkariko kazetaria izan zen lehenbizikoa. 2016ko martxoaren 3an, Ertzaintzak Naroa Ariznabarreta gaztea atxilotu zuen Eibarren (Gipuzkoa), eta une horretako irudiak txiokatu zituen Lopezek. Polizia operazio bati argazkiak «baimenik gabe» egiteagatik 601 euroko isuna paratu zioten mozal legea-ri jarraikiz. Azkenean, isuna bertan behera utzi zuten epaiketa hasi baino egun batzuk lehenago.

Kazetaritza ez da delitua. Atxiloketa baten irudiak hartzeagatik jarri zuten lehen isuna Hegoaldean. AXIER LOPEZ

Gasteizko Errekaleor auzoan ere trabak jarri nahi izan zizkioten kazetaritza lanari. 2017ko maiatzaren 18an argia mozteko polizia operazioa egin zuen Ertzaintzak, eta Hala Bedi irratiko bi kazetarik bertatik bertara eman zuten gertatutakoaren berri. Herritarrek harresi bat egin zuten argindarra mozteko lanak oztopatzeko, eta polizia oldartu zitzaien. Mikel Saenz de Buruagak 602 euroko isuna jaso zuen Ertzaintzaren jarduna grabatzean mozal legea urratu zuelakoan. Luzeago jo zuen kasu horrek, baina, azkenean, isuna bertan behera utzi zuen epaileak.

Nafarroan are bitxiagoa izan zen gertatutakoa: poliziarekin istilurik izan ez arren, isun bat izan zen tarteko. Patxi Cascante Diario Noticias de Navarra egunkariko argazkilaria Sarrigurengo (Nafarroa) eskolaren aldeko gurasoen bilkura batera joan zen argazkiak egitera. Biribilgune baten ondoan elkarretaratze bat egitea erabaki zuten, eta argazkilaria hara joan zen, zer gerta ere, irudiak biltzeko. Guardia Zibilak Cascante identifikatu zuen, eta, honek lanean ari zela esan zien. Ez zen deus pasatu, baina, hilabete baten buruan 6.112 euroko isuna jaso zuen. Azkenean, kendu zioten.

Beste isun bat. Guraso talde baten protestan argazkiak egiteagatik, isuna paratu zioten argazkilariari. PATXI CASCANTE

Kasu guzietan mozal legea-ren kontrako kanpainak abiatu ziren kazetarien aldetik, baina, gaur-gaurkoz, legeak bere horretan jarraitzen du. Joxe Lacalle argazkilari beteranoak sumatu du legeak ondorioak izan dituela profesionalengan: «Egoera zaila ikusten dut lege hauekin. Oraindik harreman handia dut argazkilariekin, eta argazki batzuk egiteko beldurra dutela esaten didate. Asko freelance gisa ari dira, eta hori besterik ez dute behar, isuna jasotzea».

Marisol Ramirez Fokuko argazkilariak ez du alde handirik sumatu haien jardunean: «Beti izan dugu debekatuta aurpegiak ateratzea, eta beti egon gara haien menpe: oztopoak beti jarri dizkigute; legerik gabe ere bai». Hala ere, sumatu du badela polizia operazioetan aldatu den zerbait: lehen poliziek aurpegia estaltzen zuten, eta orain gutxiagotan ezkutatzen dute bisaia. «Ez badute ezer eramaten, kolokan jartzen gaituzte, badakigulako legez ezin ditugula atera, eta, askotan, ezinbestekoa da, bestela ez duzulako ezer ateratzen». Horrelako egoerek normal lan egitea oztopatzen dute: «Azkenean, egoera jakin batzuetan autozentsura egiten duzu, badaezpada ere, tresnak haien esku daudelako».

Herritarrak jomugan

Ez da horren zaila argazkilariak kontrolatzea: kamera eskuetan daramate. Horregatik, askotan argazkilarien aurrean jartzen dira poliziak haien lana oztopatzeko. «Beti ibili behar izan dugu poliziarekin negoziatzen edo tirabiretan. Ez badute nahi zu han egoterik, badakite nola egin. Gainera, gure argazkiak sinatzen ditugu, beraz, kontrolatuago gaude», azaldu du Ramirezek. Horregatik uste du mozal legea-ren jomuga ez direla bereziki argazkilari profesionalak: «Jendea ez dute kontrolatzen. Orain, edozeinek atera dezake argazki edo bideo bat sakelakoarekin, beraz, uste dut hori dela kontrolatu nahi dutena: hiritarren kazetaritza».

Ipar Euskal Herrian kezka piztu du Frantziako Segurtasun Orokorrerako legeak. Oraindik ez dago indarrean: senatuak onartu eta berriz Asanblea Nazionaletik igaro behar du legeak. 24. artikuluak harrotu ditu hautsak: «Poliziaren aurpegiaren edo identifikazioa ahalbidetzen duen beste edozein elementuren irudia» zabaltzea debekatzen du, betiere, haien «integritate fisiko ala psikikoa arriskuan ezartzen badu». Artikulua aldatuko dutela esan dute, baina ez dute zehaztu nola.

Kontrolpean. Polizia bat Joxe Lacalle argazkilariaren irudiak grabatzen, manifestazio batean. JOXE LACALLE

Guillaume Fauveau BERRIAko argazkilaria kezkaturik dago legeak sor dezakeen egoerarengatik. Dagoeneko izan du arazorik Poliziarekin. Azaroaren 17an, Frantziako Poliziak bere lana oztopatu zion Baionan. Hark berak kontatu du zer geratu zen: «Egun arrunta zen. Konfinamenduan herritarrek baimenak erakutsi behar zizkieten poliziei. Argazkiak egiteko baimena eskatu nuen, prentsa agiria eskuan. Halako batean, bi polizia haserretu zitzaizkidan: esan zidaten aski zela, alde egiteko handik. Nik arrapostu nien lanean ari nintzela. Ez zegoen elkar ulertzerik. Oso haserre mintzatu zitzaizkidan. Ez dakit zergatik, baina beldurtu nahi ninduten».

Fauveauk uste du «oso arriskutsua» dela Segurtasun Orokorreko legea. «Kazetariok eta jendeak Poliziaren argazkiak egiteko aukera izan behar dugu. Gure zergekin ordaintzen dugu Polizia, beraz, eskubidea dugu haien jardunaren berri izateko eta hura erakusteko. Izan ere, ikusten ez duguna ez da existitzen». Uste du Jaka Horien mugimenduarengatik hartu dutela neurria: «Jaka Horiak baino lehen, indarkeria anitz zegoen Euskal Herrian edo Parisko aldirietako beltzen kontra. Baina, orain, kamerei eta telefonoei esker, mundu guziak ikusi du Polizia oso bortitza dela».

Beti izan dira oztopoak

Legerik ez zenean ere, ez da erraza izan argazkilarien jarduna. «Nire arazorik handiena Egin-eko eta Euskaldunon Egunkaria-ko argazkilaria izatea zen», azaldu du Lacallek. Hamaika istorio konta ditzake. Bat: Gorritiko (Nafarroa) autobidean protestan ari ziren gazte batzuk. Halako batean, guardia zibil bat zerura tiroka hasi zen. Argazkia eginda, karretea galtzontzilloetan gorde zuen Lacallek, eta beste bat paratu. Argazkia salbatu zuen, baina egurra jaso zuen karrete hutsa kendu aurretik. Bi: 1995ean Jarraik antolatutako Topa egunean egurtu zuen poliziak, Iruñean. «Grogi utzi ninduten, lurrean».

Tiroak. Guardia zibil bat airera tiro egiten, Gorritiko autobidean egindako protesta batean. JOXE LACALLE

Atxilotu ere egin dute. EHE-ko kide bat seinale erdaldun bat apurtzen ari zela, argazkia atera zion, Iruñean. Udaltzainburuak kamera kendu, eta atxilotu zuen. Bestalde, Poliziak askotan grabatzen zuen Lacalle lanean ari zela. Berak ere egin zizkien argazkiak bera grabatzen zuten poliziei, eta flasharekin izorratu.

Argazkilari askok bizi izan dituzte halakoak: karretea ebastea, jipoiak jasotzea... edota kartzela zigorra. Jon Abril kazetariari gertatu zitzaion. 2000ko abuztuaren 17an Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian irudiak grabatu zituen Ttipi-ttapa telebistarako, beratar batek han deklaratu zuela eta. Horregatik, ETAri laguntzea egotzi zioten. Sei urteko zigorra eskatzen zioten, baina akordioa erdietsi, eta sei hilabetekoa onartu zuen, espetxean ez sartzeko.

Epaileari, froga. Segiren aldeko protesta baten argazkiak ukatu egin zuen udaltzainen bertsioa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Epaitegietan froga ere izan daitezke argazkiak. Jagoba Manterola Fokuko argazkilariak bi adibide eman ditu: 2001ean, Josu Beaumont atxilotu, eta autoritateari erresistentzia leporatu zioten. «Erresistentzia balego, mugitua agertuko zen». 2007an Iruñeko udaletxean sartu ziren Segiren alde protesta egiteko. Udaltzainei arrazoia kendu zieten irudiek.

Azkenean, demokrazia dago jokoan, Ramirezen aburuz: «Horretan datza demokrazia eta informazioa jasotzeko eskubidea. Guri ez zaizkigu haien aurpegiak interesatzen; ekintza interesatzen zaigu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.