Gorka Ortiz de Urbina. Zeledon

«Zeledon izan nintzen lehenengo aldian bezala sentitu naiz»

L.RICO / EFE.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
2001ean jantzi zuen lehen aldiz Zeledonen jantzia; eta orduz geroztik Gasteizko pertsonarik maitatuenetako bat bihurtu da Gorka Ortiz de Urbina (Gasteiz, 1971). Zeledon izendatu zutenetik ez du inoiz huts egin; pandemiak bertan behera utzi zituen 2020ko eta 2021eko jaietan izan ezik. Atzo hasiera eman zien «gasteiztarrek gehien espero izan dituzten jaiei»; arratsaldeko seietan inoiz baino beteago zegoen Andre Maria Zuriaren plaza. Zeledonekin batera, musika izan zen jaitsieraren protagonista nagusia. Gazte zein heldu, San Migel elizatik Andre Maria Zuriaren balkoira doan kablearen azpian bildu ziren, jaien hasiera iragarri zuen suziriaren zain. Ortiz de Urbinak, «normaltasun berria» aprobetxatuz, jaiaz gozatzeko eskatu zien gasteiztarrei.

Bi urte igaro dira azken aldiz aterkia ireki zenuenetik; bi urte Gasteizko jairik gabe. Nolakoa izan da jendearen berotasuna berriro sentitzea?

Zeledon izan nintzen lehenengo urtean bezala sentitu naiz. Gogo handia nuen jendearekin berriro elkartzeko, eta bi urte hauetan galdu dugun normaltasuna berreskuratzeko.

Zeledon zarenetik, aurtengoak gehien espero izan dituzun jaiak dira?

Bai, dudarik gabe. Bi urte pasatu ditugu jaietako kartel bakar bat ere ikusi gabe. 2020an erraz aurreikusi zitekeen ez zirela jaiak ospatuko, baina uste dut 2021ean guztiok pentsatu genuela bueltatuko zirela, eta azkenean ez zen hala izan. Hori kontuan hartuta, bai: aurtengoak gehien espero izan ditugun jaiak dira, dudarik gabe.

Hain urte berezia izanda, zer mezu bidali diezu gasteiztarrei?

Normaltasun berri honetaz gozatzen saiatzeko eskatu diet. Berreskuratzear gauden askatasuna aprobetxatu dezaten; eta, batez ere, bi urte hauetan ikusi ezin izan dituzten pertsona horiekin berriz elkartu daitezen.

Zer aurreikuspen dituzu jai hauetarako? Itxaronaldi hain luzeak bat-bateko zoramena ekar dezake?

Bai...beharbada, bai [barrez]. Guztiok gaude jaiaz gozatzeko irrikan eta edozein jai ospatzeko zain. Orain arte, pandemiak eta haren osteko neurriek zurrun izan gaituzte, ia-ia mugiezin, eta, orain, gozatzeko gogoak inoiz baino handiagoak dira, noski. Gainera, Iruñean hartutako neurriak egokiak izan direla ikusita, hemen ere jaiak segurtasunez ospatzeko aukera izango dugu. Gasteiz askoz txikiagoa da, eta hemengo jaiak askoz ere gertukoagoak dira: askoz ere herrikoiagoak.

Jaitsieraz gain, jaietako zer leku edo ekitaldi da inoiz galtzen ez duzuna?

Guztia. Ahal bezain beste ekintza egitea gustatzen zait. Hala ere, nire txokorik maitatuena Aihotz plaza da. Blusa eta Nesken Batzordeko txosna bertan dago, eta GEU elkarteak euskara bultzatzeko egiten duen egitasmoa asko gustatzen zait. Leku lasaia da, baina aldi berean oso entretenigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.