Garai baten soinu banda

Tindersticks taldeak 30 urteko ibilbideari errepasoa emango dio bihar Donostiako Viktoria Eugenian emango duen kontzertuan. 'Distractions' du azkeneko diskoa.

Tindersticks taldeak 30 urteko ibilbidean kaleratu duen estudioko hamahirugarren diskoa da Distractions. BERRIA.
mikel lizarralde
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Taldearen lehenengo disko laudatu eta gogoratuak 30 urte beteko dituen urte berean, Tindersticksek Donostiako publikoarekin zuen zorra kitatuko du bihar. Ez taldearen erruz, baina 2020ko martxoaren 14rako Viktoria Eugenia antzokian iragarrita zegoen kontzertua koronabirusak eraman zuen aurrean, eta, urte hartako udazkenean berriro programatu bazuten ere, pandemiak eragindako murrizketek ezinezko egin zuten kontzertua. Oraingo honetan, ordea, Ingalaterrako taldeak izango du aukera behin baino gehiagotan zapaldu duen oholtzara berriro igotzeko —2012an, Viktoria Eugenian bertan grabatu zuen taldeak Live in San Sebastian 2012 zuzenekoa—.

Bertan behera geratu zen 2020ko kontzertu haren eta biharkoaren artean, taldea bera ez da geldirik egon, eta iaz disko bat argitaratu zuen, Distractions, eta lan horrek agerian utzi zuen Tindersticks bide berrien bila dabilela, bere ezaugarriei eutsita ere. Agian pandemiak berak eragindako egoerak bultzatuta, Distractions uler liteke soinu paleta ezberdinekin probak egiteko ariketa gisa, taldearen soinu identifikagarrienen ordez esperimentaziotik gertuago dauden pieza batzuk biltzen dituelako, eta horien artean —zazpi kantu besterik ez dira— hiru bertsio daudelako.

Stuart Staplesek berak «aurrerapauso» gisa ikusten du diskoa. «Ez nuke disko arrarotzat hartuko gure diskografiaren barruan. Talde gisa izan dugun garapena erakusten eta agerian uzten duen seinalea da». Halere, Distractions-ek badu saihestu ezin den elementu bat: pandemia bete-betean sortutakoa da. «Agian berezi egiten duena hori da. Sortu zen testuingurua oso atipikoa izan zen. Diskoak ez du jorratzen gai hori, baina bistan da pandemian sortutako eta ekoitzitako disko bat izan zela, eta, nolabait, horren sorrera konfinamenduan dagoela».

Man Alone (Can't Stop The Fadin') kantarekin hasten da diskoa, eta asmoen deklarazio gisa har daiteke. Izan ere, loop-ekin, baxu nabarmenekin eta elektronika ukituekin garatuz doan kantu luze bat da, Tindersticksen musikan ohikoak izan diren bulkada emozionalei bizkarra ematen dien kantu errepikakor eta ia mantrikoa.

Distractions-eko gainerako sei kantuak ez dira hain muturrekoak, baina ez dute uxatzen, hala ere, Tindersticksen azkeneko disko hau nolabaiteko jauzia den sentsazioa. I Imagine You, adibidez, ia apurtzear den kantu bat da, oinarri erabat minimalista baten gainean eraikitako Staplesen errezital bat.

Tue-moi frantsesez abestutako eta piano hutsez lagundutako baladak Tindersticks lasai eta ezaguterrazena dakar, eta amaierako The Bough Bends-ek, berriz, Man Alone (Can't Stop The Fadin')-ekin hasitako bidea ixten du, hura bezalako kantu luze baten bitartez, baina beste tresna batzuk erabilita lortzen du trantzea.

Hiru moldaketa

Lau kantu berri besterik ez du sartu taldeak diskoan, baina lana osatzen duten hiru bertsioak ez dira osagarri hutsa —bitxia bada ere, bildumaren erdi-erdian doaz, bata bestearen segidan—. Are gehiago, Distractions-en bizkarrezurra ere badira hiru moldaketa horiek: Neil Youngen A Man Needs A Maid, Dory Previnen Lady With The Braid eta Television Personalities taldearen You'll Have to Scream Louder.

Staplesek onartu du urteak zeramatzala kantu horiek Tindersticksen lanetan txertatzeko gogoz, baina orain arte ez zuela aukerarik ikusi: «Kantu hauek aspalditik neuzkan barnean, eta urteak igaro ditut abesti horiek gure aurreko disko batzuetan sartzen saiatzen. Baina ez ziren ondo ezkontzen». Konfinamenduak, ordea, agerian utzi zion taldeko kantariari disko honek eman behar ziola bertsio horiek grabatzeko aukera. «Disko bat sortzen ari zarenean, ideia asko ateratzen dira. Distractions sortzeko prozesuan, adibidez, kantu berri asko genituen, baina bidean gelditu ziren denbora pasatu ahala, eta hiru bertsio horiek beren lekua egin zuten».

30 urteko diskoa

Aurten beteko dira 30 urte Tindersticksek izen bereko lehenengo diskoa kaleratu eta harekin musikaren munduan bere lekua egin zuenetik. Lan hura —1993ko disko onenen zerrenda askotan ez ezik, gerora egin direnetan ere sarritan agertu dena— apasionatua, erromantikoa eta askotan melodramatikoa zen: Scott Walkerren, Burt Bacharachen eta Nick Caveren ispiluan begiratu, eta nortasun bereziko proposamena itzultzen zuen. Tindersticks II-k (1995) eta Curtains-ek (1997) sakondu egin zuten ganbera pop dramatiko horretan, baina, halako batean, zerbaitek krak egin zuen taldean, eta bide berriak bilatu eta bere soinua zabaldu beharra sentitu zuen. Orduz geroztik, bere ezaugarriak baztertu gabe —eta hor dago Staplesen baritono ahotsa adibide gisa—, bandak beste elementu batzuk ere gehitu dizkio bere musikari, hala nola soulerako joera eta minimalismo traza batzuk.

Amaitu berri den urtean, Claire Denisen Stars at Noon filmaren soinu bandaz gain, hiru hamarkada horietan egindako lanari begiratzen dion bilduma bat kaleratu du taldeak (Past Imperfect. The Best of Tindersticks 92-21), eta iaz emandako azken kontzertuetako kantu zerrendekin segitzen badute —ez dute apenas jo Distractions-eko kanturik emanaldi horietan—, hori izango dute bihar Donostian emango duten kontzertuaren ardatz Staplesek berak, David Boulterrek, Neil Fraserrek, Dan McKinnak eta Earl Harvinek, gaur egun taldea osatzen duten bost lagunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.