KRITIKA. Musika

Ekaitzik ez

2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: Joseph Haydnen 49. sinfonia, Pasioa eta Felix Mendelssohnen 1. sinfonia do minorren (op. 11).Lekua: ETB2n eta Euskadiko Orkestraren Youtube kanalean.Eguna: Ekainak 6.

Aurretik grabatutako kontzertuak Euskal Telebistan eta Youtubeko kanalean eskaintzeko egitasmoaren bigarren saioak marka berria estreinatzeko ere balio izan dio Euskadiko Orkestrari. Sen onez osatutako programa aurkeztu du Robert Treviñok: samurra da Joseph Haydnen klasizismotik erromantizismo sutsuaren printzak aurkezten dituen Felix Mendelssohnen lehen sinfoniara doan bidea.

1768an idatzi zuen Haydnek bere 49. sinfonia, Esterhazy familiarentzat jada lanean zebilela. La Passione izenaz ere ezagutzen den obra hau Sturm und Drang mugimenduaren barruan kokatu izan da; hertsiki, anakronismotzat jo liteke hamarkada bat geroago sortu zen kontzeptua erabiltzea sonata da chiesa forma hartzen duen sinfonia batentzat. Oinarri sendoa izan ziren hasieratik Euskadiko Orkestraren hariak, bai dotorezia klasikoa eta malenkonia nahasten dituen Adagioa-n, bai Allegro di molto-an, nahiz eta tarteka doitasun falta sumatu zen lehen biolinetan. Hirugarren mugimenduaren Trioa-n zilar printzak islatu ziren zurezko haize instrumentuei esker. Orkestrak estropezurik gabeko Presto-a ebatzi zuen bukaeran, bizia eta orekatua.

15 urte zituela konposatu zuen Mendelssohnek 1. sinfonia do minorren, harientzat beste hamabi sinfonia idatzi ondoren. Bere aurreko konpositoreen obrak errespetatu, miretsi eta ongi ezagutzen zituen jeinuzko ikasle baten zantzua dugu, Alemanian Johan Sebastian Bachen musika berpiztu zuena. Gogotik ekin zion Euskadiko Orkestrak Allegro di molto lehen mugimenduari, tronpen leuntasuna nabarmenarekin, bukaerako crescendo indartsura arte.

Hara non, inolako konturik gabe programatutako publizitateak barkamenik izango ez duen haustura eragin zuen azken mugimendua hasi baino lehen, ia ereserkia den Trioa-ren koloreak baxera-detergente eta analgesikoen irudiekin nahastuz. Zorionez, azken Allegro con fuoco-an txinpartak atera zituen Treviñoren batutak.

Euskadiko Orkestra formakuntza murriztuek eskatzen duten zorroztasunean eroso dabilela dirudi, bare. Bejondeiola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.