Literatura

Udaroko labanak

Gazte ausardiaz, gaizkileen azpimunduaz eta zorigaiztoko pertsonaiez gainezka dago Graham Greenen 'Brighton Rock' eleberria. Aise gainditu zuen istorio horrek literaturaren eremua.

Graham Greene idazlea, Habanan; 1938. urtean argitaratu zuen Brighton Rock eleberria. BERRIA.
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Gazte basatiek kostaldea hartu dute», idatzi zuten kazetek 1964ko Aste Santuan, Erresuma Batuko hondartzetan gertatutako mod eta rocker azpikulturetako kide gazteen arteko liskar basatien harira. Hala, udatiar eta bisitarientzat prestatutako hareatzak hankaz gora jarri zituzten ehunka delitugile aztoratuek, bai eta eguzkiaz gozatzeko altzariak txikitu ere. Borroka entzutetsuena bainuetxez eta hotelez jositako Brighton hiri barean jazo zen, egunkari britainiar sentsazionalisten mesederako. Hedabideek eskainitako arretaren ondorioz, delitugile gaztearen irudia Erresuma Batuko gizarte kontserbadorean txertatu zen, sastakai zorrotz baten antzera.

Udako aro epela eta krimena, baina, aspalditik zeuden finkatuta Brightonen. Horren erakusle da Graham Greene nobelagileak 1938. urtean argitaratutakoBrighton Rock eleberria, hiru hamarkada geroago zineman, literaturan, musikan eta bestelako adierazpide popularretan xarma handia eragingo zuen gazte errebeldearen hazia erein baitzuen, Pinkie Brown protagonista zitalaren bidez.

AEBetako noir nobela merkeetatik eta B saileko filmetatik edaten du testuak, produktu erabat britainiarra eta bestelakoa izanagatik ere. Hartara, ez da ohiko polizien eleberri bat, uniformedunik kasik ez baita agertzen. Halere, gaztetasunaren ausardiaz eta handinahiaz, gaizkileen azpimunduaz eta zorigaiztoko pertsonaiez gainezka dator. Greene idazle katolikoa zen, baina, era berean, kapaz zen bere morala zuzentzen zuten balioak kolokan jartzeko. «Zalantzan nagoenean ere otoitz egiten jarraitzen dut». Brighton Rock liburuan ere gai hori agerikoa da: britainiarrak thriller itxurako abentura bat josi zuen, ongiaren eta txarkeriaren arteko lehia jorratzeko, hots, jainkoaren eta deabruaren arteko norgehiagoka aztertzeko —Libros de Asteroide etxeak berrargitaratu berri du gaztelaniaz—.

Halaber, liburua kaleratu eta hamar urte geroago, John Boulting zinemagileak film bihurtu zuen, jatorrizko izenburu bera mantenduta. Greenek gidoian parte hartu zuen, eta Richard Attenborough aktore ezaguna Pinkie Brownen azalean sartu zen, antzezpen lan bikaina egiteko 24 urte baino ez zituela —nobelan gaizkileen buruzagi nerabeak 17 urte ditu—. Filmak, beraz, 75 urte bete ditu aurten. Pelikula ezezaguna izanagatik ere, Erresuma Batuan filmatutako noir generoko gailurretako bat da. Lurralde horrek gerraostean emandako film garrantzitsuenetako bat da, eta, nolabait, gerora etorriko zen zinemagileen loraldia abiatu zuen.

Non da detektibea?

«Halek jakin zuen hil egin nahi zutela Brightonen hiru ordu ere ez zeramatzanean». Horrela abiatzen da Brighton Rock liburuko kontakizuna. Hale kazetaria da, eta Colleoni mafiosoaren bandarentzat egin zuen lan. Berriemailearen informazioa tarteko, Colleoniren gizonek Battling Kite talde etsai baten burua hil zuten. Orduan, haren ordezkari batek, Pinkie Brownek, mendeku hartuko du Hale hiltzen. Hale erailtzen dutenean, The Daily Messenger egunkariak abiatutako publizitate kanpaina batean ari da lanean Brighton hiriko kaleetan barrena.

Hasiera korapilatsu hori hiru pertsonaien inguruan ardaztuko da. Idazleak, hain justu, hiruki hori baliatuko du zeruaren eta infernuaren arteko borroka mahai gainean jartzeko, alegia, erlijioaren eta sekulartasunaren arteko auska. Pinkie gaiztakeriaren bidetik ari den gazte psikopata ausarta da. Katolizismoan hezia, txikitan bere gurasoak sarri ikusi zituen larrua jotzen. Ondorioz, sexuarekiko higuina sentitzen du. Horrekin batera, abstemioa da, alkohola gorrotatzen du. Hartara, hiltzailea izanagatik ere, haragiaren bekatuetatik urruntzen saiatzen da. Halere, Rose izeneko zerbitzari gazte eta lotsatiarekin ezkondu beharko da bere koartada mantentzeko, hori ere katolizismoan hazitakoa. Harreman horretan erakutsiko ditu Pinkiek bere baitako kontraesan eta frustrazioak.

Noir kutsuko narrazio klasikoetako pertsonaien egitura osatzeko, hirugarren bat gehitu beharko litzateke, hots, trama askatuko duen detektibea. Greenek, baina, aparteko abilezia narratiboa erakutsi zuen, ohiko ikertzailearen ordez, Ida izeneko emakumea paratu baitzuen, zeinak Hale ezagutu zuen hil zuten egun berean. Ida abeslari zurruteroa da, espiritista, eta justizia nonahi eta nolanahi ezartzearen aldekoa, norberaren klase soziala gorabehera.

Emakumea temati jardungo da Rose Pinkieren besoetatik askatzeko asmoz: zerbitzari herabea heriotzara eraman nahi du Pinkiek, bere errugabetasuna bermatzen duen koartada ziurtatzeko. Halaber, kontakizunerako ezinbestekoak diren taldekide gaizkileak izango ditu inguruan Pinkiek: Dallow, oldarkorra; Spicer, zaharra; eta, azkenik, Cubitt, liraina. The Smiths taldeko abeslari ohi Morryseyk hiru bandakideak aipatzen ditu Now My Heart Is Full kantuan, Pinkie karismadun antiheroiarekin batera.

Hondartzako 'noir'

Jurassic Park film ezagunean parte hartu zuen Richard Attenborough aktoreak, hain justu, lan bikaina egin zuen Pinkie antzeztekoan, John Boulting zinemagilearen zuzendaritzapean. Filmean, gaizkileen buruzagiaren lehenbiziko agerraldia pantailatik kanpo ikusten da: pertsonaiaren ahotsa entzuten da, baina haren bi eskuak baino ez dira ikusten soka batekin jolasean, bere gaztetasunaren eta nortasunaren konplexutasuna erakusteko. Noir generoko antzezpen handienen artean dago Attenboroughena, Richard Widmarkek The Street with No Name pelikulan egin zuenaren parekoa.

Estilo beltzeko film onenen artean koka daiteke Brighton Rock; hiriko etorbideak, kalezuloak edo hondartzak filmatzekoan Boultignek ezartzen duen erritmoari erreparatzea baino ez dago, tarteka estilo dokumentalera hurbilduz, baina, betiere, generoaren ezaugarri nagusi den gau giro ilunetatik urrunduta, eguzkipean filmatutako lana baita. Argitasun horrek eransten dio filmari, hain justu, bere ezaugarri propioetako bat, istorioa ez baita hiri ilun industrializatu eta herdoildu batean garatzen, udatiarrak hartzen dituen hiri ezti batean baizik. Antzeko hautua egin zuen Raul Walshek High Sierra ziutatetik atera eta mendateetara eraman zuenean.

Filmaren momenturik gogoangarriena, eta, halaber, bikainena, Haleren erailketarena da, zeina barraketan kokatutako beldurrezko tren batean gertatzen den: Haleren eta Pinkieren arteko borroka atrakzioa apaintzen duten irudi beldurgarriekin tartekatzen du Boultingek, maisuki, Hitchcock gogoraraziz.

Beste momentu azpimarragarri bat ere feria horretan gertatzen da, Rosek (Carol Marsh) Pinkieri eskatzen dionean bere ahotsa grabatzeko horretarako egokitutako kabina batean. Rosek liluratuta begiratzen dio bere maitale kriminalari kristalaz beste aldetik bere hitzak grabatzen dituen bitartean. Kabinatik grabazioa biltzen duen diskoa aterako da, eta euskarria funtsezkoa izango da filmaren amaieran, baita nobelaren itxieran ere. Akaso lehenengoak bigarrena gainditzen du soinuari esker, baina bata zein bestea literaturaren eta zinemagintzaren amaierarik gorenetarikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.