Sanferminak Iruñean

Entzierro azkarra eta garbia izan da

Abiadura handian egin dute ibilbidea Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek. Ez dute inor adarkatu, baina bi lagun artatu behar izan dituzte kolpeen ondorioz

Entzierro azkarra eta garbia izan da.
aitor biain
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Aurreikusitakoa bete zen atzo, Iruñean. Ohiturari jarraikiz, hegan egin zuten Madrilgo Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek sanferminetako seigarren entzierroan. Abiadura bizian burutu zituzten San Domingoko ukuiluetatik zezen plazaraino dauden 849 metroak. Korrikalarien neurrikoa izan zen: azkarra eta garbia; bi minutu eta hogei segundo iraun zuen entzierroak. Euri langarra egin zuen goizean, eta zorua bustita zegoen ondorioz, baina ez zen aparteko erorikorik izan. Ez zen adarkaturik izan, eta soilik bi lagun artatu behar izan zituzten larrialdi zerbitzuek: kolpeak izan zituzten buruan eta aurpegian.

Goizeko zortziak jotzearekin batera egin zuten eztanda suziriek. Taldean atera ziren hamabi abereak: joaldunak buru zirela, ziztu bizian igo zuten San Domingoko aldapa. Udaletxe plaza aurrena eta Mercaderes kalea gero igaro zuten, arrapaladan eta zintzo, inolako kalterik eragin gabe.

Zorua bustita egonagatik ere, garbi, ertzik jo gabe igaro zuten Mercaderes eta Estafeta arteko bihurgunea ere. Bistan da azken urteetan bihurguneko zoruan ez irristatzeko jartzen duten produktuak bere lana egiten duela, nahiz eta askok uste duten ikuskizunaren kalterako dela.

Estafetan sartu orduko luzatu egin zen taldea, eta bi zezen beltzek aurrera jo zuten. Orain arteko entzierroetan gertatu moduan, korrikaldi ederrak egiteko aukera izan zuten parte hartzaileek ibilbideko kalerik luzeenean gora. Zezenen abiaduraren ondorioz, korrikalari batzuk lurrera erori ziren, baina ez zuten kolpeak beste ondoriorik izan.

Entzierro azkarra, eta, itxuraz, asmo txarrik gabekoa izanagatik ere, izan zen arriskurik: Telefonica aldean izan ziren unerik zirraragarrienak. Aurreratuta zioan zezenetako batek hesiaren eskuineko aldean pilatu ziren korrikalarien aurka egin zuen bihurgunea hartzean, inertziaz. Buruarekin jo zituen hainbat korrikalari, baina ez zuen adarrik sartu. Bi pertsona zauritu ziren tarte horretan, hain zuzen: 60 urteko Iruñeko ohiko korrikalarietako batek buruan jaso zuen kolpea, eta 24 urteko gazte madrildar batek, aurpegian.

Meridako (Badajoz, Espainia) Jandilla ganadutegiaren txanda izango da gaur. Azkarrak izateko ospea dute horiek ere. Ikusteko dago, ordea, orain arteko joerari eutsiko dioten ala ez. Izan ere, bi adarkatu izan dira soilik aurtengo sanferminetako entzierroetan, eta 38 urteko Sarrigurengo (Nafarroa) gizonezkoa da senda-agiria jaso ez duen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.