Marra arteko oihal marka

Euskal Oihala Adierazpen Geografiko berria kausitu duen euskal ekoizle bakarra da Lartigue 1910. Bururen buru «bertan» egina baita, kalitatezkoa eta irizpide zehatzen menekoa. Jean Vier markak, berriz, ezin dio haboro 'Euskal Oihala' deitu bere oihalgintzari, Portugalen eginarazten baitu ia dena.

Philippe Lartigue, Lartigue 1910 enpresaren jabea, ehungailuen ondoan. Azkainen (Lapurdi) dituzte oihalak ekoizten, bururen buru. Euskal Oihala Adierazpen Geografikoa duen bakarra da BOB EDME.
Ainize Madariaga
Azkaine
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Euskal oihalgintzaren joriak galaraz liezaioke iparra nornahiri: zein hauta? Zein ustezko ekoiztetxez fida? Zeinek du kalitatea bermatzen? Zein da zinez euskalduna? Iparraren markatzeko, Euskal Oihala Adierazpen Geografikoa (AG) zigilua eskuratu du Euskal Herriko enpresa bakarrak: Lartigue 1910. Iazko azaroaz geroztik, beraz, ez da aski izanen bertan jostea; Euskal Oihala sor-marka eskuratzeko, Pirinio Atlantikoetako departamenduan ehundutako oihalak izan behar baitira eta irizpide zerrenda zorrotzaren peko. Biarnon (Okzitania) ehundutakoak ere balio du. Hala da Lartigue 1910 enpresaren kasua: zati bat Bidosen ekoizten baitu.

Izenak salatzen duen gisan, 1910ean sortu zen Lartigue: Oloroe-Donamarian (Biarno). Deitura bereko gizona laborari semea zen, baina ofizioz kanbiatzeko enbeia piztu zitzaion. Hala, ehule izaten ikasi, eta ehundegi ttipi bat sortu zuen, zeina errekako uraren indarrez baitzebilen. Ekoizten zuen espartinen oihala Maulerat igortzen zuen. Emeki-emeki espartinen ekoizpenaren garapenarekin batera, hau ere handitu zen. Ideia baten egiteko, 1980ko hamarkada arte, 15 milioi espartin pare ekoizten zituzten Maulen urtero.

Alta, espartingintzaren urrezko aroaren gainbehera ekarri zuen eskulangintza uzten hasi zirelarik asiarren esku. Alabaina, espartinen zolaren egiteko jutea handik heldu zen; hatsarrean txirikordak Maulen egiten baziren ere, hori ere Asian eginarazten hasi ziren. Horrek zizkien ehule eta ekoizleei zailtasunak ekarri. Hartan hasi zen Lartigue etxea bide berrien bila. Euskal oihalgintzaren ehundegi ttipi bat erosi zuen orduan Oloroe-Donamarian, 1985ean.

Garai kritiko horretan agertu zen oraingo jabea dena, etxeko laugarren belaunaldiko semea: Philippe Lartigue. Berez ekonomia zientziak ikasten ari zen, aitak ez baitzuen etorkizunik ikusten enpresan. Baina, bere buruari galdetu ziolarik segida hartu ala ez, baietz ihardetsi zion. Sail aldaketa bat egin zuen: euskal oihalgintza nagusitu zen enpresan, betiko koloreekin abiatuz. 1995ean idi manta berriz modan jin zen arte: zazpi probintziak ordezkatu bide dituzten zazpi marra tradizionalak. Alta, denborarekin, koloreak gehituz joan dira, eta marren usaiako erritmoari ere aldaketak ekarri dizkiote. Lartigue etxeak biak mantentzen segitzen du, betikoa eta eraberritua.

Azkaineko (Lapurdi) tailerra 2012an sortu zuten: «Nahi nuen merkatu errealera hurbildu. Hemen dugu burutik buru ekoizten: ehotzen, fabrikatzen, josten, saltzen... dena Euskal Herria eta Biarnon egina, tokian tokikoa», erran du Lartiguek. Lehen Les Tissages Lartigue zuen izena enpresak, baina Euskal Herrirat jiteko ideiarekin batera, Lartigue 1910 izena hartu du bide berriak;35 langilek dute altxatzen.

Tokian tokiko ehuntzea

Joan den azaroan kausitu badute ere Euskal Oihala Adierazpen Geografikoaren sor-marka, bidea ez zuten atzo goizean abiatu: «Badira bospasei urte lantzen hasi ginela. 2015ean onartu baitzen manufaktura produktuek ere bazutela eskubidea ukan zezaten AG sor-marka. Ordura arte bakarrik elikagaiek baizik ez baitzuten ahal», zehaztu du Lartiguek. Horregatik, lan pedagogikoa egitea pentsatua du: jendearen iruditerian sar dadin elikagaiez kanpoko ekoizpenek ere lor dezaketela sor-markarik.

Oroitarazi du 1953an jada muntatu zutela euskal oihal ekoizleen sindikatua, «Euskal Oihala babesteko». Hala, sindikatua iratzarri zuten «lo» baitzegoen, zeinak hozitu baitu Adierazpen Geografikoaren sor-marka. Bertan hiru euskal oihal ekoizlek dute bat egiten: Tissage Lartigue, Orteseko (Biarno) Tissage Moutet eta Lartiguek berak. Ipar Euskal Herrian hastetik buru ekoitzi, sindikatuko bazkide izan eta baldintzen bilduma errespetatu behar du engoitik sor-marka eskuratu nahi duen orok. Lartigue harro da zigilua kausiturik: «Egiazkotasuna, jatorria eta euskal oihalaren kalitatea bermatzen lehia bidegabetik begiratu behar da, bai ere gehiegitan gertatu diren iruzurrezko imitazioetatik edo Euskal Oihala sor-markaren gehiegizko erabileratik. Kontsumitzailea ez da gehiago engainatua izanen».

Tokian tokikoari utzi dio leku osoa Lartiguek, begi bistakoa denez, kotoia salbu. Umore beltzez erran du klima oraindik ez dela aski aldatu, landare preziatu hori bertan ekoitzi ahal izateko. Alta, osoki ekologikoa dute ekarrarazten Indiatik.

Preseski, Adierazpen Geografikoaren sor-markak manatzen duen bertze ezaugarrietako bat da: material noblea behar duela, alegia kotoia edo lihoa; akrilikoak, konparazione, bortak zerratuak ditu. Lehengaia ehuntzeaz gain, beraz, ekoizpena osoki bururatu arteko urratsak oro zigiluaren baldintzetan dira. «Zirkuitu laburrean ari gara, eskaera ere zentzu horretara doalako; historiaren alde ari gara. Gure ekoizpenak ez dira botatzekoak. Adierazpen Geografikoari esker bertzeen artean baieztatzen dugu geure burua. Bakarrak izanen gara baliatzen. Nahasmenduan gauzak haxean ezartzeko balioko du, gehiegikeriak eragotziz, edonongo oihal marradunari deitzen baitzitzaion Euskal Oihala», erran du Lartiguek satisfos.

Zuntz naturaletatik ehundutako oihala nabarmentzen du, marrazki tradizional zein irudi geometriko sinplez apaindurik.

Hastapenean dafaila, mahai zapiak, mandarrak eta trapuak egiten zituzten, baina orain, erridauak, burukoak, zakuak, hondartzako oihalak, zakutxoak eta bertze ere egiten dituzte.

Jean Vier oihal ekoizleak orain arte euskal oihala ere saltzen zuen; alta, Adierazpen Geografikoa agertu denez geroztik, ezin du gehiago baliatu, ekoizpen ia osoa Portugalen baitu eginarazten. Aurten, justu, berrogei urte beteko ditu 50 langile izatera heldu den enpresak.

Honen loria haren malura

Elustondo oraingo nagusiak 1996an zuen marka erosi; garai hartan hamaika langile zituen. Osoki Biarnon eta geroago Donibane Lohizunen (Lapurdi) ekoizten zuen. Alta, nagusi aldaketak norabide aldaketa ere ekarri zuen: marketin eta estetika berrikuntzak ekarri baitzituen. Hala nola tatxen kontrako teknika berezia garatu zuen, batez ere dafailendako, bezeroentzat «zinezko arrangura» baitzen. Garai adierazgarria izan zen Jean Vier markarendako, asmakuntza berriak ekoizpena emendatu baitzuen. Aski fite salmenten gorakadak gainditurik, «oso zaila» zitzaien Donibane Lohizunen segitzea. Hala, oihalak Frantzia iparraldeko enpresa batzuei eginarazten zizkieten. Ekoizpenak handitzen joan ziren, baina hain urrun eginarazteak joan-jin asko eragiten zituenez, Elustondok deliberatu zuen 2012tik goiti kasik ekoizpen guziak Portugalen eginaraztea, Euskal Herrian «oso konplikatua» baitzen tatxen kontrako teknika horren plantan ezartzea.

Solana Jover komunikazio arduradunak azpimarratu du ez dutela deus gordetzekorik: «Hautu estrategiko horrekiko gardenak gara, ez dugu kukutzen. Orain guk ezin dugu euskal oihalgintzaz mintzatu, baina, aldi berean, gure diseinua eta belaunaldiz belaunaldiko historia ikusirik, Elustondok odolean du, zaila litzateke erratea gure ekoizpenek ez dutela euskal izaerarik, ez dela euskal ondarearen parte, hasteko estetikoki». Gehitu du, aktibitatearen zati bat osoki Euskal Herrian ekoitzia dela, Senperen (Lapurdi). Izarira egindako lana egiten baitute bertan.

Joverrek bururatu du aitzinerat ezarriz Portugalen eginarazten badute ere horrek ez duela kentzen Euskal Herriarekin duten lotura estetikoa: «Gure oihalgintzak erantzuten die ehoteko manera tradizionalari; Portugalen hori baitugu egiten: hariak elkarren artean itzulikaturik, ehuntze teknika oso bereziekin, tradizioaren araberako zazpi marrak. Gure oihalgintzaren diseinua euskalduna da, ez baikara Euskal Herriaz baizik mintzo, bera baita gure bihotza».

Herriaren hizkuntza bihotza bada, oraingoz, aipatu bi enpresek komunikazio osoan ez dute euskararik sartu, non ez den bildumen izenetan. Dena den, Lartiguek ez du baztertu webgunea euskaratuko duenik. Bide beretik, Joverrek ere etorkizunean hala egiteko nahia adierazi du, garai batean bezala; gaur egun, alta, denbora faltagatik «ezin» dute.

Artetik errateko, Helena oihal ekoizleak ez die BERRIAko galderei ihardetsi nahi izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.