Erdigunean elkartu dira danborrak berriz

Donostiako erdigunea hartu du haur danborradak, bi urteren ondoren. Ikasle guztiek elkarrekin jo dituzte danborrak eta barrikak. Txiki geratu da Alderdi Eder, eta jendeak gogoz hartu du ohiko danborradaren itzulera.

Javier Garcia Viralgen enpresako kontseilari ordezkariak jaso du aurten Urrezko Danborra. JON URBE / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Donostiako edozein kaletan egonda ere,ez da errazazer egun den ahaztea: Tabakalera parean topatu daiteke goitik behera zuriz jantzita dagoen gizon bat, sukaldari txapela buru gainean eta barrika bat eskuetan daukala. Edo Bilbo plazan bi emakume, gona gorriarekin, ilea bilduta, barrika eskuetan. Erdiguneko kaleetan, berriz, danbor hotsa entzuten da nonahi: San Sebastian eguna izan zen atzo, eta bi urteren ondoren, ohiko itxuran ospatu zuten donostiarrek, kaleak danbor doinuz betez.

11:00ak dira. Getaria kalera iritsi ahala, haurren hotsa gailentzen da: «Jesuitinas!», oihukatu, eta ranplanplan; «Jesuitinas», ranplanplan. Ordubete falta da haur danborrada hasteko, eta antzekoa da giroa inguruko kaleetan: Txurruka kalean Amara Berri herri ikastetxekoak daude, eta Peñafloridan, berriz, Mary Wardekoak. Alderdi Ederrerantz doaz denak, bertan hasiko delako festa. Iaz, auzotan banatuta astindu behar izan zituzten danborrak, baina, aurten, ezerk ez die erdigunea hartzea eragotzi.

Erdiguneko kale askotan bezala, ingurua hesituta dago udaletxearen parean, ikusleak igaro ez daitezen. Hasiak dira ikastetxeetako haurrak dagokien lekuan kokatzen, eta, pixkanaka, koloretako mosaikoa osatzen. Erain-Eskibel ikastetxeko danborradako zuzendaria Marta Zabala izango da. Udaletxeari bizkarra emanda, aulki batean eserita dago, Teresa Garcia laguntzailea ondoan duela. «Oso egun berezia da guretzat; arratsaldero egon gara entseatzen», esan du, irribarrez.

Bozgorailuetan jarraitu du ikastetxeen izen festak, zerrendatu egin baitituzte, banan-banan. 41 ikastetxek hartu dute aurten parte; 4.700 haurrek baino gehiagok, guztira. Eguerdia noiz helduko zain daude, eta galletak eta kruasanak ematen dizkiete haien arduradunek, itxaronaldia arintze aldera.

Orixe ikastolako Paul Martinez da aurtengo Danbor Nagusia, eta udaletxeko balkoian dago, Zurriola ikastolako Irati Martinez jenerala eta Unai Barros laguntzailearekin batera, besteak beste. Donostiako banderaren albotik, haiek eman diote hasiera haur danborradari, 12:00ak jotzear zirela: «Ederra da balkoi honetatik ikusten dugun paisaia. Gure esku dago etorkizuneko Donostia!», esan dute, harro.

Danbor hotsekin batera, Euskal Herri osoan zabaldu nahi dute etorkizuneko Donostia irudikatzen duten modua: «Euskaraz mintzatzen den hiria nahi dugu; euskal kultura bultzatzen duena; pertsona guztien eskubideengatik borrokatzen dena; errespetuan oinarritzen dena; natura zaintzen duena, itsaso urdina eta mendi berdeak dituena», zerrendatu dituzte, txandaka, bata bestearen atzetik mikrofonora hurbilduta. «Aupa, zuek! Biba festa! Eta aupa, Donostia!» esan dute amaitzeko.

Martxa, eta desfilea

Ohitura berrituz, San Sebastian martxa jo dute haurrek lehenengo. Donostiako antzinako himnoa izan da bigarren abestia, eta horren atzetik hasi dira pixkanaka-pixkanaka Alderdi Eder husten. «Zabaldu, zabaldu!», esan die La Salleko umeei haien arduradunak, Hernani kaleko errepidearen zabalera osoa har dezaten.

Errepide ertzak jendez beteta daude. Ia ez dira ikusten, beteta daudelako, baina aulkiz osatutako lerro bat jarri dute alboetan, batzuek behintzat eserita ikus dezaten. Bi urtez gordetako ilusioa nabari zaie aurpegian, eta ezagunak agurtzen eta bideo eta argazkiak ateratzen ari dira asko eta asko. Balkoietan ere bada jendea, eta puxika zuriak eta urdinak bota dituzte Prim kaleko leiho batetik, haurrak bertatik igarotzen ari zirenean.

Altza herri Ikastetxeko ikasleak dira Nahia Iranzu eta Nora Arco, eta, jendetzaren artean, zuriz jantzita doaz, goitik behera. «Bosgarren aldia da parte hartzen dugula, eta egun oso polita da guretzat. Aurten, gainera, gogo handiagoarekin etorri gara, iaz ez baikenuen nahi bezala ospatu San Sebastian eguna», adierazi dute.

Martxel Uranga, Oihan Uriarte eta Ander Gorbea, berriz, Orixe ikastolakoak dira. Irrikaz itxaron dute gaurko eguna haiek ere, eta arratsaldetik aurrera ere ospakizunetan jarraituko dutela esan dute, nor bere ingurukoekin afaltzeko elkartuko delako. Azaroan hasita, astean bitan entseatzen aritu dira. «Hau eromena da», esan du Urangak, jendetzarekin harrituta. «Ez nekien Donostian hainbeste ikastetxe zegoenik ere!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.