Esperanza Azkarraga eta Jesus Narvaez. Bildumagileak

«Amoniteak eurak dira lehenengo mutrikuarrak»

45 bat urtez aritu dira Narvaez eta Azkarraga amoniteen bila, Mutrikuko hondartzako labarrean. 150 amoniteko bilduma osatu dute.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Mutriku
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Mutrikuko (Gipuzkoa) Zazpi Hondartzetako Flysch Beltzeko labarretatik 150 amonite berreskuratzeagatik omendu zituzten atzo Jesus Narvaez (Bergara, Gipuzkoa, 1944) eta Esperanza Azkarraga (Arrasate, Gipuzkoa, 1947) senar-emazteak. Munduko amoniteen bildumarik handienetako bat dago orain Mutrikuko Nautilus didaktika gelan, bikoteak 45 urtean egindako lanaren ondoren.

Nondik datorkizue amoniteekiko zaletasuna edo interesa?

ESPERANZA AZKARRAGA: Jesusek afizioa lehendik zeukan, baina Mutrikun duela 45 bat urte hasi zen fosilak bilatzen, eta ni, harekin batera.

JESUS NARVAEZ: Eskalatzera joan nintzenetako batean izan zen, Txindokin: hor hasi zen dena. Lau lagun geunden, eta bat-batean lapa bat ikusi nuen paretaren kontra, —txirla moduko batean, denok ulertzeko—. Gora joan nintzenean, lagunei esan nien: «Aizue, nola da posible hemen txirla bat topatzea?».

Orduan, galdetu nuen, eta esan zidaten Euskal Herria garai batean ur azpian egon zela. Beraz, mendiak urpean zeuden lehenik, gero gora igo ziren plaka tektonikoen mugimenduengatik, eta horregatik aurki ditzakegu txirlak eta fauna mila eta hirurehun metroan.

Kontuz atera beharko dira...

E.A.: Poliki-poliki, bai. Ateratzeko zailenak hauek dira, Mutrikukoak; besteak normalean errazago ateratzen dira. Hauek, ordea, haitzetan daude, eta gero pixkanaka atera behar dira. Poliki-poliki, etxera eraman eta han harri guztiak kendutakoan, fosilak ateratzen genituen. Pazientziaz, mailua eta pintzela erabiltzen genituen horretarako.

J.N.: Oso zaila da ateratzeko prozesua, eta baita aurkitzea bera ere; ez dira perretxikoak bezala ateratzen. Ikusteko, adi begiratu behar da, baina, behin zatitxo bat ikusiz gero, badakigu barruan dagoela, eta zenbat zentimetrokoa den. Zein angelutatik moztu ere aztertu behar da; izan ere, batzuetan alde batera begira egoten dira, besteetan bestera, gora, behera... jakin egin behar da nola atera. Hori urteekin ikasi dugu; autodidaktak izan gara.

Marea behean zegoenean egin beharko zenuten, ezta?

E.A.: Bai, dena eduki behar da kontuan: mareak, eguraldia... Bero handiarekin ezin dira atera, eta euriarekin ere ez. Gero, aurkitutakoan, gora igo behar dira fosilak, motxilan, eta batzuek asko pisatzen dute. Semeak ere laguntzen digu horretan.

J.N.: Oso zaila da, eta lekua nahiko arriskutsua da. Haitzak jausten dira, pertsonak irrist eginda jausteko ere arriskua dago... Itsaso txarra dagoenean, ez da sartu behar; jende asko desagertu da horregatik. Olatu handi bat etortzen bada itsaso txarrarekin, kontuan eduki behar da ordu laurden edo hogei minutu geroago are handiago bat etorriko dela. Gu oso tentuz ibili gara beti, eta horrelakoetan laga egiten genion bilatzeari, baretu arte.

Bilduma Mutrikun geratzea nahi zenuten. Zergatik?

J.N.: Bertakoak direlako.

E.A.: Mutrikukoak direnez, non egongo dira, ba, hemen baino hobeto? Inon ez! Amoniteak eurak dira lehen mutrikuarrak.

Ondare naturala salbatu duzue, higaduratik.

E.A.: Bai; bestela, denborarekin, jaso ezean, haitzak uretara eroriko lirateke, eta amoniteak, apurtuta, urak eramango lituzke.

J.N.: Horrela aterata, ez dira galduko. Orain, hau ondarea da, Mutrikuko ondare naturala.

Zer sentitzen duzue omenaldiaren ondoren?

E.A.: Poza sentitzen dugu.

J.N.: Bete egiten gaitu; laino batean bezala gaude. Lan asko egin dugu, baina beti esaten dugu zaletasun modura egin dugula lana. Beste zerbaitetan denbora eman ordez, gu horretan ibiltzen ginen, eta orain oso pozik gaude.

Mutrikukoaz gain, baduzue beste bildumarik?

E.A.: Etxean Euskal Herri osoko fosilak dauzkagu, baina orain Mutrikura ekarri ditugunak Mutrikukoak soilik dira. Baina eduki, beste asko ere badauzkagu.

J.N.: Bai; adibidez, pieza txiki askorekin osatutako bilduma bat ere badaukagu, Mutrikukoa baino bilduma handiagoa. Oso desberdinak dira, eta horiek Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Nafarroan bilatu ditugu: Udalatxen, Anboton, Urbian, Aralarren...

Aurrera begira, jarraituko duzue amoniteen bila?

E.A.: Bai, oraindik bagabiltza. Jada zahartu egin gara; haitzetan ibiltzea arriskutsu samarra da orain guretzat. Agian ez gara Saturraraneraino joango, baina beste toki batzuetara bai.

J.N.: Nik lehen pentsatzen nuen ez nintzela ondo ibiliko, bi hanketan ebakuntza eginda nagoelako, protesia jartzeko. Pentsatu nuen ezingo nuela honekin jarraitu, baina oraindik mendira joaten naiz, eta ondo moldatzen naiz!

Didaktika gelak zer ekarpen egitea nahiko zenukete?

E.A.: Ikasteko erabiltzea, eta Mutrikutik noizbait paleontologoren bat edo geologoren bat ateratzeak ilusio handia egingo liguke.

J.N.: Bai, guk lanean jarraituko dugu, bilduma osatzen. Mendira joaten garenean, guk lurrera begiratzen jarraituko dugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.