Comalakoaren mendeurrena

Hilaren 16an beteko dira 100 urte Comalaren sortzailea, Juan Rulfo, jaio zela. Haren idazle, gidoilari eta argazkilari ibilbidea ezagutarazteko baliatzen ari dira data.
Juan Rulforen autorretratua, Xinantecatl sumendian (Matlatzinco Harana, Mexiko). 1940. urte inguruko argazki bat da.
Juan Rulforen autorretratua, Xinantecatl sumendian (Matlatzinco Harana, Mexiko). 1940. urte inguruko argazki bat da. JUAN RULFO

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2017ko maiatzak 7
Aurrena, Juan Rulfo (Sayula, Jalisco, 1917 — Mexiko Hiria, 1986) izan zen. Errealismo magikoaren genealogia, aditu askoren ustez. Cien años de soledad-eko Macondorik ez legokeela Pedro Paramo-ko Comalarik gabe. Juan Rulforen beraren arabera, berriz: «Ez dut uste eraginik izan dudanik [Gabriel] Garcia Marquezengan. Garcia Marquez beste zerbait da: mailaz maila bere obra eraikitzen joan den nobelagile handi bat da, idazle handi bat. Nik ez dut ezagutzen eragin dudan inor».

Hil honen 16an beteko dira 100 urte jaio zela, eta, mendeurrena dela-eta antolatu dituzten ekitaldien harira, berriro hitz egingo da errealismo magikoaz; Rulfok literatura unibertsalari egindako ekarpenaz; eta Pedro Paramo (1955) nobelaz, bertako arima errarien tristuraz, hil edo biziko ametsen lainoaz, aitaren bila Comalara joandako Juan Preciadoren barne munduaz, Rulforen idazkera harrigarriaz. «Estilo bilaketa bat izan zen», idazlearen beraren arabera. Eta bilaketa hartan, beti eskura eduki zuena hautatu zuela: auzoen hizkera. «Pertsonaiak eta giroa banituen. Eskualde hori ezagutzen nuen, bertan egin bainuen haurtzaroa, baina ez nuen aurkitzen kontuok azaltzeko modua. Eta orduan, besterik gabe, nire jendeari, herriko jendeari entzuna nion hizkeran egitea erabaki nuen».

Nobela «ilun» bat izan zen emaitza. Hainbeste, askok ez zuen ulertu, egilearen aburuz. «Nobela horretan, pertsonaia nagusia herria da. Kritiko batzuek Pedro Paramo dute protagonistatzat, baina ez da hala. Arimak besterik bizi ez den herri hil bat da, eta narratzaile bera ere hilda dago».

Heriotza. Mexikoko kultura sinkretikoan eta historian errutinazko osagarri bihurtua den gertakizun hori. Horretaz gogoetatzea gustatzen zitzaion Rulfori. Gurasoak bortizki hil zizkiotelako, akaso, eta konkistatzaileek sarraskitutako paisaia sozial batean hazia zelako, Mexikoko gatazken genealogia egin zalea zelako. Eta Europa iparraldeko egileen mireslea. Knut Hamsun norvegiarraren lanen irakurketak «plano ordura arte ezezagunetara» eraman omen zuen, esaterako, hamalau-hamabost urte zituela. Mexikoko argitasunarekin zerikusirik ez zeukaten eremu lanbrotsuetara. «Hamsun hasiera besterik ez zen izan, gero halakoen bila segitu nuelako, garai hartako hango idazle ezagunak agortu arte». Errusiar egileak ere irentsi ei zituen.

Besteek Rulfori irakurri ahal dizkioten lanak, berriz, ez dira asko, baina bai ezagunak: aipatu Pedro Paramo miretsiaren aurretik argitaratu zuen Lautada sutan (1953) ipuin bilduma ere ezaguna du oso. 1980an eman zuen argitara hurrengo nobela: El gallo de oro (Urrezko oilarra). Zinemarako gidoigintzan ere aritu zen tarte batean. «Nik lana egin behar dut biziko banaiz, eta horrek ez dit ia tarterik uzten idazteko».

Euskaraz, Pedro Paramo (Ibaizabal, 2001) eta Lautada sutan (La Primitiva Casa Baroja, 1986) irakur daitezke, Juan Garziak eta Koldo Etxabek itzulita, hurrenez hurren.

Argiarekin idatziak

Aurrena, Juan Rulfo argazkilaria izan zen. Haren mendeurrenaren harira antolatu duten lehen ekitaldi handia tesi hori azpimarratzera dator. «Rulfok berak esan zuen argazkiak egiten zituenean errealitatea josten zuela, eta idaztean fikzioak sortzen zituela», adierazi zuen duela hilabete Victor Jimenezek, Juan Rulfo Fundazioko zuzendariak, Pueblako (Mexiko) Amparo Museoan, haren argazkiekin inoiz prestatu den erakusketarik zabalena inauguratu zutenean.

Juan Rulfo argazkilaria du izena erakusketak. Bertan daude Rolleiflex kamera aldean zuela Mexikon barrena egin zituen argazkietako asko. 1930eko hamarkadatik aurrerakoak. Autodidakta zen. Paisaia, arkitektura eta nekazari bizimodua izan zituen gai nagusiak. Argazkilaritzatik bizitzea zuen amets. 1945era arte ez zuen idazlanik argitaratuko.

Urteekin, liburuekin, idazleak hartu zion aurre argazkilariari. Mendeurrenaren harira prestatu diren argitalpen bereziak eta jardunaldiak dira horren lekuko. Gehienak Mexikon dira, baina badira kanpoan ere. Zurichen, esaterako, opera bat sortu dute Pedro Paramo-n oinarrituta. Kolonbiako Rey Naranjo editorialak, berriz, Rulfo. Una vida gráfica (Rulfo. Bizitza grafiko bat) komikia argitaratu du. Aurrena, orain, mendeurrena da denentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna