AEB. Kongresurako hauteskundeak

Beharrezko bultzadarako aukera dute demokratek

Inkesten arabera, demokratek Ordezkarien Ganberaren kontrola berreskuratuko dute. Migrazioaren kontrako mezuan zentratu du kanpaina Donald Trumpek

Beharrezko bultzadarako aukera dute demokratek.
Igor Susaeta.
2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Alderdi Demokrataren jarraitzaileak shock egoeran geratu ziren duela bi urte, Donald Trump errepublikanoen hautagaiak Hillary Clintoni irabazi zioneanAEBetako presidentetzarako hauteskundeetan. Pixkanaka izan bada ere, aldarte horri buelta eman diote, ordea. Etxe Zuriko maizterrak ezin izan du orduan agindutako agenda sozial eta ekonomikoa bete, eta, egin duenean, agindu exekutiboen bidez egin du gehienetan. Gainera, haren egitekoarentzako batere lagungarriak izan ez diren zenbait eskandaluren protagonista izan da. Horrek guztiak mobilizatzera eraman ditu bozkatzaile demokratak, eta, inkestek diotenez, gaur, Kongresurako bozetan, nabarituko da. 2020ko presidentetzarako hauteskundeen aurretik, beharrezkoa duten bultzada hartzeko aukera dute demokratek. Inkestek diotenez, Alderdi Demokratak Ordezkarien Ganberako kontrola berreskuratuko du; zortzi urte geroago. Normalean, oposizioan dagoen alderdia nagusitu ohi da agintaldi erdiko bozetan, eta, oraingoan ere hala gertatuko balitz, Trumpek inondik ere ezin izango luke bere agenda ganberen jardunaren bidez ezarri, demokratak edozein ekinbide blokeatzeko moduan egongo baitira.

Batetik, Ordezkarien Ganberako 435 ordezkariak hautatuko dituzte gaur. Herenegun argitaratutako inkesten arabera, zazpi punturen aldearekin gailenduko dira demokratak behe ganberan. Puntuen aldeak, baina, behera egin du hauteskundeak gerturatu ahala. Itxura guztien arabera, dena den, Senatuan errepublikanoek izango dute, berriro, gehiengoa. Goi ganberak 100 eserleku ditu; Ordezkarien Ganberan agintaldiak bi urtekoak dira; Senatuan, berriz, sei urtekoak. Beraz, 35 ordezkari baino ez dituzte aukeratu beharko gaur. Gainera, AEBetako 50 estatuetatik 36tan gobernadorea aukeratuko dute.

Eta inkestek diotena kontuan hartuta, Trumpek azken egunetan adierazi du Senatua dela bere «lehentasuna». Errepublikanoen ikurra da herrialdeko presidentea, eta, jokoan dagoenaz jakitun, kanpainan bete-betean parte hartu du. Irailetik gaurdaino, 30 mitin eman ditu, eta azkeneko sei egunetan, azken esprintean, 11 zortzi estatutan; atzo azkeneko hirurak: Clevelanden (Ohio), Fort Waynen (Indiana) eta Cap Girardeaun (Montana).

Oraindik ez da lehen agintaldiaren erdira heldu, baina begi bazterretik begiratzen die presidentetzarako hurrengo hauteskundeei. Badaki, hortaz, gaurko bozen ondoren errepublikanoek bi ganberen kontrolari eusten badiete kolpe gogorra emango dietela demokratei.

Eta botoari eusteko ahaleginean, zaharrak berri Trumpen diskurtsoan: migrazioaren kontra mintzatu da, batez ere. Erdialdeko Amerikatik duela aste batzuk abiatutako migratzaileen karabana pixkanaka ari da egitenAEBetarako bidea —Mexiko Hirira heldu zen atzo—, eta karabana osatzen dutenez esan du «jende gaiztoa» direla, eta AEBetara sartzen badira «krimen gehiago» egongo direla herrialdean. Bide batez, migrazioaren kontrako neurri are gogorragoak agindu ditu.

Agenda propio bat iragartzen baino gehiago, Trumpen esanak gezurtatzen ahalegindu dira demokratak kanpainan. Ez dute lider argirik, eta, beraz, zortzi urtez herrialdeko presidentea izan zenarengana jo dute, Barack Obamarengana. 2008-2016 artean Etxe Zuriko maizter izandakoak kanpaina bukaeran parte hartu du, eta bozkatzeko asmorik ez zuten demokratei adierazi die haien botoak «inoiz baino garrantzi handiagoa» duela. «Milioika pertsonaren osasun asegurua dago jokoan», esan berri du, bere agintaldian ezarri eta Trumpek nola edo hala erauzi nahi duen Zaintza Eskuragarriaren Legea, Obamacare delakoa, gogoan.

Migratzaileen karabanari buruz Trumpek esandakoak ere izan ditu hizpide presidente izandakoak. «Hautagai errepublikano guztiak ahalegintzen dira bozkatzaile guztiak beldurtzen, eta, horretarako, oinutsik doazen migratzaile txiroen karabanaren ustezko mehatxua baliatzen dute», azpimarratu zuen. «Mehatxu bat dira egiazki?».

Halere, Obamaren hitzetatik harago, presidentetzarakoetan boto demokrata eman ohi dutenak Kongresurakoetan ere parte hartzekotan dira. Parte hartzea txikia izan ohi da —2014koetan, inoizko txikiena, %37—, eta historikoki bozkatzaile errepublikano adinekoak jo izan du, nagusiki, hautetsontzira. Baina Trumpen gehiegikeriek balio izan dute bozkatzaile demokratak pizteko. Eta emakumezkoen botoak zentralitatea bereganatu du. Batetik, erroldaren %55 osatzen dutelako andrazkoek, eta, bestetik, presidentearen kutsu misoginoko jokaerak emakumezko askoren haserrea eragin duelako.

Atzerri politika, agendan

Trump, gainera, bulartsu agertu da, AEBek azken 50 urteotako langabezia tasa txikiena dutelako egun: %4 inguru. Bestalde, atzerri politikako gaiak ere erabili ditu kanpainan, nahiz eta hori ez den ohikoena izaten boto emaileak erakartzeko orduan. Azken asteetan, esaterako, horrekin lotutako bi erabaki iragarri ditu. Joan den urriaren 22an aurrenekoa. Adierazi zuen irismen laburreko eta ertaineko misilak debekatzeko SESB Sobietar Batasunak eta AEBek 1987an sinatu zuten itunetik (INF) ateratzeko asmoa duela. Aldebakarreko erabaki horrek zerbaiti erantzun diezaioke. Izan ere, Robert Mueller fiskal berezia ikertzen ari da ea Errusiak errepublikanoen alde esku hartu zuen 2016ko hauteskundeetan, eta, hain zuzen, Trump da ikertuetako bat. INFtik ateratzeko intentzioa azalduz, erakutsi nahi izan du berak ez duela konplizitaterik Errusiarekin.

Joan den ostiralean eman zuen beste erabaki esanguratsu baten berri. Obamak bultzatutako Irango itun nuklearretik atera zituen Trumpek AEBak lehengo maiatzean, eta, horren ondorioz, zigor sorta zabalagoa ezarri dio Irani, nahiz eta munduko potentzia nagusiek ez duten ikuspegi horrekin bat egiten. Zigor horiek gaur goizaldean sartu dira indarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.