Hiru atxiloketa, eta bi neurri desberdin

2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu zituzten Galder Barbado eta Aitor Zelaia, baina Ertzaintzaren ikerketa izan zen atxiloketa haiek bultzatu zituena. EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak salatu zuenez, Ertzaintzaren txostenean badago gertaerak ETArekin lotzeko asmo agerikoa, hori errealitatearekin bat ez datorren arren.

Txostenean agertzen da ETAk «historikoki» erabili dituela Duran aurkitutakoaren moduko bidoiak, kontuan hartu gabe Ertzaintzaren arabera bidoi horretan dagoen materiala 2014koa dela; ETAk 2011n bukatu zuen jarduera armatua, eta 2018an desagertu zen.

Otsailaren 10ean atxilotu zituzten Barbado eta Zelaia, eta «terrorismoaren kontrako operazioetan» ohikoak izaten diren moldeak erabili zituzten: goizaldean atxiki zituzten, haien etxeak miatu zituzten, hedabideetan haien izen-abizenak agertu ziren, Ertzaintzak Madrilera eraman zituen, eta han Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali zituen. Zenbait hedabidetan bi erasotan parte hartu izana leporatu zieten arren, autoan ez da horrelakorik ageri, eta aipatutako bidoiarekin harremana izatea baino ez diete egotzi.

Horrekin alderatuta, oso deigarria da Amurrioko Lezama auzoan baserri baten kontra tiro egin izanaz akusatutakoarekin izandako jokabidea, guztiz bestelakoa izan zelako. Lehenengo momentutik, hipotesi nagusia izan zen inguruan bizi den polizia ohia izan zela tiroaren egilea; Ertzaintzak birritan galdekatu zuen, baina lau egun igaro ziren arte ez zuten atxilotu.

Tiro egiteko erabilitako armaz gain, beste 30 arma baino gehiago aurkitu zizkioten akusatuari. Baina akusazioa bi gazteen kontrakoa baino larriagoa izan arren —tiroak sukaldeko leihoko kristala zeharkatu zuen, eta barruan zeuden pertsonengandik 60 zentimetrora igaro zen—, Amurrioko auzitegiak hartu zuen afera, eta akusatua libre dago harrezkeroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.