Nafarroako alderdi ia denak, Elizaren abusuei buruzko lege baten alde

Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ikastetxe erlijiosoetan sexu abusuak pairatutakoei «aitortza»emateko foru lege bat sustatzeko asmoa iragarri zuen Nafarroako Gobernuak iragan ostiralean, eta egitasmoak kontsentsu handia lortu du legebiltzarreko taldeen artean. Atzo, Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen osteko agerraldian, PSNko eledun Ramon Alzorrizek esan zuen erabaki «oso ona» eta «aitzindaria» dela; Uxue Barkosek, Geroa Baiko ordezkariak, «arrazoizkotzat» jo zuen halako lege bat sustatzea; EH Bilduko Adolfo Araizen esanetan ere «positiboa» da, eta haren taldea «bat dator proposamenaren funtsarekin»; eta Ahal Dugu eta Ezkerrako eledun Ainhoa Aznarezek eta Marisa de Simonek ere «beharrezko» jo zuten biktimei ordaina ematea. Navarra Sumako eleduna izan zen ñabardurak agertu zituen bakarra. Jose Suarezen esanetan, lege hori egitea «ez zegoen aurreikusita», eta «xehe-xehe aztertu» beharrekoa da. Hala ere, gaineratu zuen «garrantzitsua» dela gisa horretako abusuak erauztea, «gertatzen diren tokian gertatzen direla».

Bestalde, Espainiako Fiskaltzak atzo zuen azken eguna elizaren abusuei buruzko txostenak jasotzeko. Nafarroako eta Eusko Jaurlaritzako fiskalek ez dute eurena bidali. Hala ere, «malgu» jokatzeko asmoa agertu du Fiskaltzak, eta, ziurrenik, epea luzatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.