Ivan Gimenez.
Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroako aldaketaren balantzea. IRITZIA

Ea bigarrenean...

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroan, orain dela lau urte (azken hauteskundeen ondoren), dena zen berria, ordura arte imajinaezina, errealitatetik kanpoko ametsa, ukiezina zen zerbait. Horregatik, dena zen ezegonkorra, ezezaguna, agian badaezpadakoa. Baina polita eta ilusionagarria ere bazen, aukerez betetako promesa. «Orain arteko zailena lorturik, errazena lortu dugula erran behar dugu», idatzi zuen Santi Leonek, aurrean zabaltzen zen erronka oso modu zorrotzean definituz.

Lau urte igarota, aldaketara ohitu gara, oharkabean, zalaparta handiegirik gabe. Gaur duguna aldaketa omen da. Edo agian ez, beste ideia bat buruan genuelako eta balizko proiektu hura (norberaren aldaketa, azken finean) ez da gauzatu, edo bidean dago... Edo ezer ez.

Dena den, kontrajarriak diren bi kontzeptu nahita nahasten dira, mota guztietako boto-emaileen bila ziurrenik: aldaketa eta egonkortasuna. Ba, bietako bat aukeratu beharko da, ezta? Azken lau urtetako balantzean sartu gabe, argi dago egonkortasuna aldarrikatu beharko dela aldaketa guztiz gauzatu ondoren, ez aurretik. Eta aldaketa etortzear dago, neurri handi batean; beraz, ez dut uste egonkortasuna beharko dugunik (gauzak zeuden bezala uzteko ez bada, noski).

Lau urte gutxi dira, akaso, eta denbora gehiago beharko da. Arazoa hori balitz, datozen lau, bost ala sei hauteskundeak irabazita, benetako aldaketa, berez, modu naturalean, gauzatuko litzateke. Baina aldaketa egin behar da, ez da —bakarrik— denbora kontua. Orain dela gutxi, adibidez, Opuseko Unibertsitatearen errektoreak esan zuen «hasieran, gobernu berriarekin tirabirak» izan zirela, baina orain «oso eroso» daudela. Kasu honetan, denboraren poderioz, Opusekoak gero eta lasaiago daude. Hemendik lau edo hamar urtera urduriago egonen dira?

Diruarekin jarraituz, aldaketa are txikiagoa izan da: Espainiako enpresekin alderatuta, hemengoek erdia ordaintzen dute euren etekinengatik: 2007. urtearekin konparatuta, iazko sozietate zergak 351 milioi gutxiago bildu zituen, baina soldatapeko errentek 208 milioi gehiago ordaindu zituzten. Desoreka gero eta handiagoa da, langileen kalterako: ondasunaren banaketa ez da modu naturalean gertatuko, baina beldurra areagotzen da batzuk infernu fiskala aipatzen dutenean. Orduan, gobernua ziztu-bizian ateratzen da, enpresen zerbitzura dagoela esateko.

Bestetik, Nafarroako subiranotasuna defendatzen bada, ezin da defizita, gastu-sabaia eta abar estatuarekin adostu. «Nafarroa ez da ukitzen» esatea ez da nahikoa, beste alternatibak bilatzen ez badira, eta estatuari arazoak sortzen ez bazaizkio.

Honaino iritsita, benetako galdera ez da «hauek edo erregimena nahiago duzue?», baizik eta zertarako erabiltzen den boterea, eta aldaketaren sakontasuna noraino eraman nahi den. Eta nor haserretu behar dugu... Politika interesen talka baino ez da, gatazka amaigabea.

Norbaitek «nafar guztion» presidentea izan nahi badu, interes kontrajarrien arteko kontsentsuak bilatuko ditu (beti inor ez mintzeko beldurpean). Bide horretan, azkenean, ez guztion, baizik eta betikoen presidentea bihurtuko da.

Aldaketa? Sozialagoa izan beharko du, etxeko-lan asko egiteke daudelako.

Ea bigarren saiakeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.