Quebeceko bigarren erreferendumetik 25 urtera. Sol Zanetti. Quebec Solidarioko diputatua

«Quebeceko mugimendu subiranista bere burua berreraikitzen ari da»

Zanetti kritiko agertu da Alderdi Quebectarrak urteotan independentziari begira hartu duen jarrerarekin, eta, horren aurrean, bere alderdiaren asmoak aldarrikatu ditu. Zergen kontrola izatea berebizikotzat jo du hausturarako bidea egiteko.

BERRIA.
ander perez zala
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Sol Zanettiren (Quebec, 1982) kasua berezia da: migratzaile italiarren semea da, eta hasieran ez zen Kanadatik ateratzearen aldekoa, baina duela bi hamarkada inguru iritziz aldatu, eta Quebecen subiranotasunaren alde hasi zen lanean. Aukera Nazionala alderdiko presidente gisara egin zen ezagun, eta, egun, Quebec Solidarioa (QS) alderdi ezkertiarreko diputatua da Quebeceko Asanblea Nazionalean. Independentziaren auziaz arduratzen da alderdian.

Alderdi Quebectarra (PQ) baino ordezkaritza handiagoa duzue Quebeceko Asanblea Nazionalean. Zer da QS?

Ezkerreko indar independentista bat da. Hamar diputatu ditu, 125etik, eta mugimendu independentistaren birsorkuntza hezurmamitzen du. Oso demokratikoa da, bere barne egituran, esaterako; funtzionatzeko modu desberdinak ditugu. Bi eledun ditugu, emakume bat eta gizon bat, eta ez dugu ez presidenterik, ez buruzagirik. Feministak, ekologistak eta justiziaren aldekoak gara.

Zeintzuk dira PQrekiko desberdintasunak?

1995aren ostean, PQk independentziari buruzko anbiguotasuna elikatu du. Beti esaten du independentistak direla, baina bozetara aurkezten den bakoitzean adierazten du une egokia denean egingo dutela. Bi galdeketen ostean, badirudi bere buruari esan diola ezin duela onartu hirugarren porrota. Defentsiban jarri dira, eta aurkariek hori baliatu dute proiektu independentistari sinesgarritasuna kentzeko. Elektoralismoagatik, politika etsigarriak izan ditu ezkerrarentzat. Neoliberalak izan dira, ez beti, baina askotan, independentzia sustatu gabe.

2007tik, badirudi PQ nazionalista-kontserbadoreagoa bilakatu dela independentista baino. Iragan astetik buruzagi berri bat dute, eta, 1995etik lehenengoz, buruzagi batek esan du independentzia lortzen saiatuko direla agintera itzulitako lehen legealdian. Hori berria da. Halere, aldi berean, proposatzen du immigrazio tasa txikitzea, eta uko egiten dio aitortzeari Quebecen arrazismo sistemikoa existitzen dela. Gu beti argi mintzatu gara independentziaz: aukeratzen gaituzue, eta prozesu independentista sustatuko dugu. Argi dugu zer nahi dugun politika sozialetan, eta inklusiboak gara.

Harreman ona duzue PQrekin?

Quebeceko sistema ez da proportzionala, eta asko zailtzen du aliantzak egitea; antagonismoak sustatzen ditu, eta bipartidismoa elikatu. Oso zaila da alderdien artean harreman harmoniatsuak izatea. Lehian gaude.

Independentziara bidean, ezer adostu al duzue?

Biok ados gaude independentzia lortzeko. Gero, Quebecekiko begirada desberdinak ditugu. Kataluniako kasua ikusten dudanean, iruditzen zait fronte komuna posible izan zela sistema proportzionalagatik; gure sistema politikoan, ia ezinezkoa da hori egitea. Hauteskunde sistema aldatzeko militatzen dugu, proportzionalagoa izateko eta alderdi independentisten batasuna sustatzeko.

Galderaren arrazoia hau zen: Chantal Heberten eta Jean Lapierren The Morning After (Hurrengo Goiza) liburuaren ondorioetako bat da 1995eko galdeketako kanpainan inprobisazioa izan zela nagusi.

Nik uko egiten diot [Jacques] Parizeauren gobernuari errua botatzeari. Mugimenduak aurrera egin zuen, eta ideia batzuk mahai gainean jarri zituzten. Normala iruditzen zait halako kanpaina batean inprobisazioa egotea. Orain, guri dagokiguna da gertaturikoaz ikastea, eta hirugarrenez bozkatu behar badugu ahalik eta prestatuenak egotea.

Zure Facebook orrian Quebecen independentziarako arrazoiak oroitarazi zenituen. Horien artean, aipatzen dituzun lehenak dira «kanadar petrolio-estatutik askatzea» eta «gure zergen kontrola izatea». Horiek dira arrazoi garrantzitsuenak?

Badira arrazoi gehiago. Horiek dira egunerokotasunarekin harreman handiagoa dutenak, baina ez dira bakarrak. Herri edo norbanako batentzat, bere etorkizuna aukeratzea ezinbestekoa da, eta hori da niretzat arrazoirik garrantzitsuena; gure identitatea eta batasuna ez desagertzeko.

Praktikan, zer esan nahi du horrek? Adibidez, petrolioarekiko independenteak bilakatzea. Gero, egia da zergen auziak oso teknikoa dirudiela, baina zer esan nahi du gure zergak aberriratzeak? Esan nahi du bi zerga aitorpen egin beharrean bat egitea, eta ekonomia berriz suspertzeko gaitasuna izatea; pandemiaren testuinguruan, adibidez. Guk hori egin nahi dugu ekonomiaren deskarbonizazioan eta ekonomia sozialean oinarrituta, ekonomia justuago eta berdeago bat lortzeko.

Subiranismoak zergatik ez du duela 25 urteko indar bera?

Mugimendu subiranista bere burua berreraikitzen ari da. Birsortze prozesu batean dago, eta oso motel doa. Ematen ditudan hitzaldietan eta ekitaldietan, ikusten dut gazte quebectarren artean badela independentisten belaunaldi berri bat, aurrekoaren desberdina, itxaropena ematen didana.

1995eko galdeketaren ondoren, batez ere 2000. urtearen inguruan, independentistek botoen %50 gainditu zuten, Kanadako Gobernuan ustelkeria kasuak izan zirenean; baina babesa %40aren inguruan geratu da. Egungo egoera daukagun gobernuak eragindakoa da, zentro-eskuineko alderdi nazionalista kontserbadorea baita [CAQ Quebeceko Etorkizuna Koalizioa]. Independentziaren aldeko babesa apalarazi du.

1960ko hamarkadan, %6aren inguruan zegoen. 1980an %40ra igo zen, eta, 1995eko galdeketan, %49,6ra. Horren osteko adoregabetasun independentistak elikatu egin du atzeratze nazionalista kontserbadorea. Gure historiak horrela funtzionatzen du: porrota; adoregabetasuna, bizirik irauteko nazionalismo kontserbadorearekin; birsortzea; eta, galdeketetako porroten ostean, berriz nazionalismo kontserbadorea.

Belaunaldi berria zertan da desberdina?

Belaunaldi berriarentzat, auzi sozialen aldeko eta arrazismoaren kontrako borrokak garrantzitsuak dira, eta oso sentibera da ingurumenarekin zerikusia duten auziekin. Bere hizkuntzaren galtzeaz gutxiago aritzen da; zeren 1960ko eta 1970eko hamarkadetan frantsesa arriskuan zegoen, egun baino gehiago, baina egun atzera egiten jarraitzen du, polikiago, PQk garai hartan harturiko neurriak eraginkorrak izan direlako. Horregatik, egun gazteek ez dute sentitzen euren hizkuntza arriskuan dagoela.

Egun, Kanadaren Argitasun Legea dago, galdeketa bat egiteko prozesua zailtzen duena. Galga bat izan da beste kontsulta bat egiteko?

Argitasun Legea Kanadaren ahalegin bat da, prozesu politiko bat judizializatzekoa. Aitortzen badugu Kanadako erregimena zilegia dela, orduan bai, traba gisa ikus dezakegu. Guretzat, ordea, lege horrek ez du zilegitasunik. Independentzia egitean, nahitaez izango da ateratzen garen estatuko sistemarekiko haustura eginda. Katalunian egin zuten bezala.

Galdeketa bat egiteko garaia iristean, Kanadari ez diogu utziko erabakitzen gure desmartxa legezkoa den edo ez. Guk emango diogu zilegitasun demokratikoa; ez dugu Kanada itxoingo.

Lege horren aurrean, Quebecek 99. Legea aurkeztu zuen, auzitegiek legezkotzat jo zutena. 3. artikuluak dio «Quebeceko herriak bakarrik erabakitzen» duela bere «erabakitzeko eskubidearen nolakotasuna». Argitasun Legeak dio Kanadaren oniritzia beharrezkoa dela galderaren eta emaitzaren inguruan.

Une honetan, Kanada finantzatzen ari da 99. Legearen legezkotasuna zalantzan jartzeko helegiteak [Quebeceko Auzitegi Nagusiak Kanadako Konstituzioarekin bateragarria zela ebatzi zuen 2018an]. Aurrez aurre dauden bi lege esparru dira, eta haien zilegitasuna gure araberakoa da. Kontua da nor izango den gai bere testua aplikatzeko. Guretzat hutsegite bat litzateke zilegia ez den lege esparru bati men egitea.

Argudio teoriko eta filosofikoen ikuspuntutik, geure buruari galdetu diezaiokegu zerk ematen dion zilegitasuna esparru konstituzional bati, eta ea Kanadak ba al duen. Kanadarena esparru koloniala da, zilegitasunik gabekoa. Kanadako [lehen] Konstituzioa erabaki zutenean, autoktonoak ez zituzten kontuan hartu, eta elite iraultzaile-frantses-kanadarra erbesterarazi zuten. Ez zuten galdeketarik egin. Britainiar Inperioaren parte zenekoa da. Argumentu historikoak gure alde daude.

Beraz, nahiz eta Kanadak ezezkoa eman, aurrera jarraitzeko prest egongo zarete?

Bai. Borroka politiko bat hasiko da, eta gai izan beharko dugu geurea aplikatzeko. Begira katalanei zer pasatu zitzaien; ez zuten erabakia [independentzia deklarazioa] aplikatzeko tresnarik. Niretzat, garrantzitsuena zergen kontrola izatea da; guk katalanek baino gehiago kudeatzen ditugu, %60 inguru. Adibidez, guk ordaintzen dugu gure Polizia, gure ospitalea, eskolak... Kanadarekiko indar oreka handiagoa dugu, eta indarkeria erabili gabe egin dezakegu. Beso borroka batera iritsiko ginateke, eta uste dut irabazteko gai izango ginatekeela.

Kanadan, galdeketak kontsultak dira: ez dira lotesleak. Hortaz, independentzia erreferendum bat irabaziko bazenute, Ottawa zenbateraino legoke behartua Quebecekin negoziatzera eta emaitza errespetatzera?

Bere legediaren arabera, ez dago ezertara behartua. Aldiz, badago lege dokumentu bat, Quebecen sezesioari buruzko ebazpena, eta horrek dio Kanada behartua dagoela negoziatzera. Aldi berean, horiek eztabaida legalak dira, interesa dutenak, baina pragmatikoki eta politikoki uste dut Kanadak ahal duen guztia egingo duela emaitza ez onartzeko justifikazio legal bat lortzeko. Itxoiten badugu askatasun politikoaren auzia ikuspuntu juridikotik konpontzea, ez da inoiz gertatuko. Indar orekaren eta herriaren nahiaren araberakoa da. Herriak hori nahi badu, erabakia aurrera eramateko prest dagoen gobernu bat behar da [Quebeceko] agintean.

Kataluniako prozesuan askotan aipatu zuten Quebecen kasua. Independentista quebectar gisara, zer irakaspen atera dituzu Katalunian gertaturikoaz?

QSk independentziarako proposatzen duen bideak antz handiak ditu Katalunian zutenarekin. Adibidez, konstituzio bat egitea, asanblea konstituziogile batek osatua, eta erreferenduma horri buruzkoa izatea. Gure kasuan, asanblea horrek herritarrek osatua izan behar du, ez parlamentuak, ez ordezkari politikoek egina. Konstituzioak baiezkoa jasoko balu, independentzia deklaratuko genuke. QSren gobernu bat aukeratzen badute, gure programa martxan jarriko dugu, Kanadako esparru konstituzionalarekin bateragarria ez bada ere. Hausturaz ari naiz.

Quebecera itzulita, 25 urte bete dira bigarren galdeketatik. Hamahiru urte zenituen orduan; nola oroitzen duzu garai hori?

Gaztea nintzen. Nire aita migratzaile italiar bat zen, eta, migratzaile asko bezala, leiala zitzaion harrera egin zion herrialdeari. Hartu zuen herrialdea Quebec zen arren, paperetan Kanada jartzen zuen. Hona datorren batentzat normala da nahasgarria izatea: Erresuma Batuko erreginari zin egin diot herritar bilakatzeko, nire pasaportea Kanadakoa da, Kanadari egin diot eskaria eta hark onartu du... Nire aita independentziaren aurkakoa zen, eta nik ere hori pentsatzen nuen. Gerora bilakatu nintzen independentista, 2000ko urteen hasieran.

Ez nintzen triste emaitzagatik, baina oso pozik ere ez, ez nuelako lotura sendorik Kanadarekin.50.000 botoren aldea egon zen, eta gero jakin zen irregulartasun handiak egon zirela prozesuan. Orotara, ezezkoaren alde iruzurrezko 300.000 boto izan zirela uste da. Garai hartan, ez zen derrigorrezkoa nortasun agiria erakustea botoa emateko.

Unionistek galdeketa irabazi zutela jakin zutenean, Parizeauk esan zuen boto etnikoagatik eta diruagatik izan zela.

Jende askori min egin zioten adierazpen haiek. Halere, zuzen esateko, hedabide anglofonoek adierazi zuten boto etnikoa esan zuela, singularrean balitz bezala, baina frantsesez pluralean esan zuen, boto etnikoak. Komunitate kulturalez ari zen.

Diskurtso horretan, Parizeauk jarraitzaileei esan zien erresuminik ez izateko. Egia da, hitz horiek entzunda, neoquebectar askok [Quebec iparraldeko Quebec Berrian bizi diren herritarrak] sentitu zutela ez zirela Quebecen parte, nahiz eta migratzaile askok baietz bozkatu zuten. Latinoamerikakoek, adibidez; italiar gehienek ezetz bozkatu zuten, kar-kar.

Uste dut Parizeau damutu egin zela hori esateaz. Horrek ahalbidetu zuen Kanadako prentsak eta prentsa anglofonoak independentista quebectarrak arrazista gisara deskribatzea. Kolpe gogorra da, ez baita egia. Orain horri aurre egin behar diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.