BESTE KASU BATZUK

2014ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Herrialde guztietan ez dira berdin aritzen curriculumarekin. Hona hemen adibide adierazgarri batzuk.

FINLANDIA

52 orritan. Europako iparraldeko herrialdeetara begira maiz jartzen dira adituak, eredu hartzeko. Curriculum oso laburra dute Finlandian: lehen hezkuntzakoa, adibidez, 52 orrialdekoa da, eta, gai jakin batzuk zehaztu baino gehiago, ildoak ematen ditu. Hain zuzen ere, eskolen eta irakasleen autonomiari ematen diote garrantzi handia, arrakasta izateko gako modura.

JAPONIA

Berrazterketan. Curriculumean aldaketak egitea aztertzen ari da azken urteetan Japoniako Gobernua, ikasleak «mundu globalizaturako» hobeto prestatzeko. Besteak beste, ingelesa azkarrago txertatzea dauka mahai gainean, eta unibertsitatean sartzeko proba gehiago jartzea. Adituen proposamenak jasotzen ari dira. Morala ikasgaia proposatu dute, adibidez.

HEGO KOREA

Aukerak zabaltzen. Azken ikerketetan nabarmen egin du gora Hego Koreak. Ordu asko erabiltzen dituzte ikasketetan, eta azken urteetan batez ere ikasgai zientifikoak eta teknologiari lotutakoak indartu dituzte curriculumean. Hiru ardatz nagusi dituzte: atzerriko hizkuntzak, norberaren trebetasunak eta teknologia berriak.

KANADA

Deszentralizatuta. Probintziek daukate hezkuntzaren eskumena Kanadan, eta bakoitzak zehazten du bere barrutiari dagokion curriculuma. Probintziako historia eta kultura bereziki lantzen dituzte. Arrakasta izan du ereduak: Kanada da goi ikasketak dituzten herritarren portzentaje handiena duena. Erdiek baino gehiagok dute unibertsitateko ikasketaren bat. Eskola porrota oso da apala.

ZEELANDA BERRIA

Parte hartzea. Hezkuntza komunitatearen parte hartzea da Zeelanda Berriko hezkuntzaren ardatzetako bat. Bistan dago curriculumean. 2007an aldaketa handiak egin zituzten, eta parte hartze prozesu bat ireki zuten horretarako; 15.000 irakasle baino gehiago aritu ziren lan horretan. Eskoletako gidaritzan ere bada parte hartzea: administrazio kontseilu itxurako batek gidatzen ditu ikastetxeak. Zuzendaria, irakasleen ordezkariak eta gurasoenak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.